Unibertsitateko ikasle talde batek dirua lortu behar du ikasbidaiarako, eta ahalik eta bizkorren. Beste pertsona batzuen beharrak asetzeari ekingo diote orduan. Ez dakitena da behar horietako batzuk oso desberdinak direla. Fetitxismoaren munduan murgilduko dira, egoera xelebreak biziz. A Film To Kill For Bizkaiko ekoiztetxeak Fetitxe euskarazko websaila estreinatuko du bihar Bilboko Golem zinema aretoetan, 21:00etan, Seriesland nazioarteko jaialdiaren barne. Hamar minutuko sei atalez osatua dago.
Oliver Mend eta Rose of Dolls dira websailaren sortzaile eta zuzendariak, eta gidoilari nagusia Mend da. Azadu du haien aurreko bi telesailak neska-mutikoentzat izan direla eta Makusi plataforman daudela, baina lan berri hau 18 urtetik gorako ikus-entzuleentzat dela. «Nahiz eta ez den pornografikoa, sexu kutsu handia du». Umorez landu dute gaia, edonola ere. «Komedia surrealista bat da. Akaso nire gurasoei eta haien belaunaldiari ere gustatuko zaie [barreak]».
Zuri, Lide eta Eneko dira istorioko protagonistak. Pisukideak dira, eta iruzur piramidal baten eraginez, zorrak dituzte. Ikasbidaiarako zuten diru guztia galdu dute. «Beste batzuentzat fetitxeak errealitate bihurtzen hasiko dira. Eta negozio bat ikusiko dute eremu horretan», iragarri du Mendek. «Baina adiskidetasun istorio bat ere bada websaila. Sexu liberazioa, beldurrei aurre egitea eta norbere burua hobeto ezagutzea eta onartzea ere ageri dira gaien artean».

Eneritz Garcia Alonsok jokatzen du Zuri protagonistaren rola. Alazne Astorgak egiten du Liderena. Eta Iker Zaratek jokatzen du Enekoren pertsonaia. «Aktoreak bikain aritu dira. Komediaren pisu guztia haiek hartzen dute, eta kimika handia izan zuten elkarren artean. Hori gero nabaritu egiten da websaila egiten denean».
Websailaren filmaketak ekoiztetxearen azkeneko urteetako «dibertigarrienak» izan direla nabarmendu du gidoilari eta zuzendariak —Bilbon eta EIbarren (Gipuzkoa) egin zituzten—. «Fetitxeen eszenak grabatzea oso jostagarria izan zen. Baina dena are surrealistagoa bihurtzen zen, eta, gainera, ez genuen beste inoren presiorik. Nahi genuena egin ahal izan genuen, eta produktua guztiz gurea da».
Estereotipoak hautsiz
Fetitxe Seriesland jaialdian estreinatu ahal izatea nabarmendu, bestetik, Mendek. «Nazioartean erakusleiho ederra da, eta benetako zinema areto batean estreinatu ahalko dugu. Une ederra izango da, gainera, lantaldeko guztiak elkartuko garelako». Hiru protagonistez gain, aktore taldean Olatz Beobide, Irati Herreros, Maider Mimi, Irantzu Nuñez, Ander Jimenez eta Lourdes Garcia daude, besteak beste. Zuzendari laguntzailea Irene Gomez da, eta gidoilari laguntzailea, Eililys Rising. Arte zuzendaritzaz Txaro Arrizabalaga arduratu da.

Rose of Dollsek eta Oliver Mendek hamar urte daramatzate fikziozko lanak euskaraz egiten. Estereotipo batzuk hausten ari dira. «Ikusten genuen euskarazko fikzioan patroi batzuk zeudela, ez derrigor txarrak, baina ez zela guk telebistan edo zineman ikusi nahiko genukeen hori. Hortaz, guk ikusi nahiko genituzkeen fikzioak egiten ari gara, argi utzita ez dugula ezer asmatu. Zinema britaniarrean edo amerikarrean ikusten ditugun gauza asko hartzen dugu oinarritzat, baina gure ikuspegia gehitzen diogu». Mendek argi du A Film To Kill For ekoiztetxearen hurrengo proiektua euskaraz izango dela, eta azken hamar urteetan egindako bideari jarraituko diola.
Makusi plataforman une honetan Mendek eta Rose of Dollsek sortutako bi saio ikus daitezke: Power Up eta Mari Sorgin Ehiztari. Hain zuzen ere, bihar 19:00etan neska-mutikoentzako proiekzio bat egingo dute Golem aretoetan: Go!azen 12-ren lehen atala, Power Up-en hirugarren denboraldiaren hasiera eta Mari Sorgin Ehiztari-ren Gau Beltzako atal berezia proiektatuko dituzte. Sarrerak doan dira, baina leihatilan eskuratu behar dira lehenago.
Gaur, bihar eta etzi egingo dute XI. Seriesland jaialdia Bizkaiko hiriburuan. Nazioarteko zenbait websail proiektatuko dituzte gaur, Bilborock aretoan, 16:00etatik aurrera. Sariak banatzeko ekitaldia, berriz, larunbatean egingo dute Guggenheim museoan. Euskal Herriko sortzaileentzako beste sei sari sortu dituzte aurten.