Azkeneko urteetan bezala, aurten ere sekulako ikusle datuak izan ditu Kontxako Banderak Euskal Telebistan. Atzo goizean, emakumezkoen estropadak %23,9ko ikusle kuota lortu zuen EAEn —euskaldunen artean, %51,6koa—; eta gizonezkoen estropadak, %34,4koa —euskaldunen artean, %60,7koa—. ETBn oso gutxitan lortzen dira halako ikusle datuak.
Irrati-telebista publikoak eman dituen datuen arabera, aurten 212.000 lagunek ikusi dute Kontxako Bandera ETB1 kateko emankizun konbentzionalaren bidez.
ETB On Interneteko doako plataforma digitalaren bidez, bestalde, Donostian jokatutako estropadak beste 32.000 lagunek ikusi dituzte. Plataforma berean ikus daitezke Kontxa Hondotik saioko erreportaje bereziak —Ibon Gaztañazpi kazetariak landu ditu, EITBLab laborategiko kideen laguntzarekin—. Aurreko egunetan ETB1 eta ETB2 kateetan eman dituzte bideoak, eta adimen artifiziala erabili dute.
Irailaren 6an eta atzo, ETB1 liderra izan zen Kontxako estropadak jokatu ziren ordutegian. Irail osoa aintzat hartuta, ETB1 katearen batez besteko kuota %2,1ekoa da EAEn. Atzo, berriz, kirol emanaldien eraginez, %4,7ko kuota lortu zuen euskarazko kateak. La1 izan zen igandean gehien ikusi zena: %9,9ko ikusle kuota. Kate hori da liderra nola irailean hala 2026. urte osoan.
Â