Atharratzen (Zuberoa) egingo dute 24. Korrikaren hasierako ekitaldi nazionala, gaur 15:00etan. Horren ondotik emango dituzte lehen pausoak, 15:30ean. Tttpi-ttapa, egunez egun, kilometroz kilometro, hilaren 29an Bilbora iritsi arte. Irratiz, telebistaz eta Internet bidez entzun eta ikusi ahal izango dira bai hasiera bai amaiera. Eta, horretarako, elkarlanean ariko dira hainbat euskal komunikabide.
BERRIAren webguneak, ETB1 kateak, ETB1 On kanal berriak, Hamaika telebistak, Kanaldudek eta beste hainbat euskal hedabideren webguneek zuzenean emango dute Korrikaren hasierako saio bateratua, gaur, 14:30etik 16:00etara. Aurkezle lanetan Pantxika Maitia, Naroa Iturri eta Ilaski Serrano ariko dira. Protagonisten adierazpenak jasoko dituzte, Korrikaren abiatzeko konturik esanguratsuenak ikusi ahalko dira, eta lehen kilometroetako giroa ere bai. Irrati bidez ere entzun ahalko da Atharratzen gaur arratsaldean zer gertatzen den, Korrikaren lehen pausoetan, elkarrekin ariko baitira hainbat euskal irrati.Â
Hala teknologiaren aldetik nola giza baliabideen aldetik ahalegin handia egingo dute gaur euskal komunikabideek. Kamerak ez ezik, drone bat ere erabiliko dute. Eta ETBren bereizmen ultrahandiko unitate mugikorra ere bai.Â
Hilaren 29an, Korrikaren amaieran, zuzeneko saio bereziak 09:30etik 13:00etara iraungo du. Azken kilometroetako emozioa, unerik berezienen errepasoa eta Bilboko amaierako mezuaren irakurketa ikusi ahalko dira BERRIAren webgunean eta euskal kate nagusietan. Ekhiñe Atorrasagasti eta Ilaski Serrano ariko dira aurkezle lanetan. Irratsaio berezia ere egingo dute euskarazko hainbat irratik.
BERRIAk gaur hasi eta hilaren 29ra bitartean, 24. Korrikaren berri zabalduko du eguneko 24 orduetan. Irati Urdalleta Lete eta Ainara Rodil BERRIAko kazetariak joango dira Korrikaren furgonetan, eta askotariko artikuluak idatzi eta bideoak egingo dituzte. Interneteko sare sozialetan ere ariko dira. Gainera, eguneko irudien bilduma bat egingo dute, bertsolari batek espresuki prestatutako bertso baten doinuek lagunduta.
Kilometroak deskargatzeko aukera
Hamaika telebistan eguneko 24 orduetan ikusi ahalko da Korrika non dabilen. Ohiko telebista emisioa egiteaz gain, www.hamaika.eus/24korrika atarian aukera emango dute eduki guztiak nahieran eta edonon ikusteko, baita zuzenekoa streaming bidez ikusteko ere. Bihartik hilaren 28ra arte, 09:00etatik 22:00etara, Hamaikak Korrikaren inguruko albiste buletinak emango ditu orduero.Â
Korrikaren webgune berezian, bestalde, Hamaikak askotariko aukerak emango dizkie herritarrei: Korrikarekin lotutako eduki guztiak nahieran ikusteko modua izango da, baita streaming bidez Korrika zuzenean ikustekoa ere. Eta aurreko aldietan bezala, Korrikako kilometro jakin bateko bideoa erreserbatu eta deskargatzeko bidea ere egongo da.

ETB On online plataforman, bestalde, Korrikari eskainitako kanal berezi bat sortuko dute. Hartan, zuzeneko seinalea ez ezik, zenbait atal ere izango dira: Herriz herri atalean, lasterketa pasatu den herrietako irudiak bilduko dituzte; Airetik atalean, dronearekin hartutako irudiak, eta Euskara atalean, ETBk Korrikaren eta euskararen inguruan eman izan dituen dokumentalak.
ETB1eko Biba zuek! magazinak Lekunberritik (Nafarroa) egingo du datorren asteleheneko saioa, Korrika handik pasatuko dela eta. ETBko Eguraldia tarteko lantaldeak bat egingo du Korrikarekin: egun bakoitzeko iragarpena emango dute hala telebistan nola sare sozialetan, eta herritarrek bidalitako Korrikako argazkiak erakutsiko dituzte.
Haurrentzako ETB3 katea zena ETB1 On katea da atzotik, eta, hartan, Korrikako zuzeneko seinalea emango dute bihartik aurrera hainbat orduz. Goizean goiz emango dute Korrikaren seinalea, Egun on albistegia hasi arte; horren ostean, Gaur egun 1 albistegia hasi arte; eta arratsaldearen parte handi batean ere bai. Goizalde osoan ere emango du ETB1 On kate berriak Korrikaren zuzeneko seinalea.
Â