Europako Midas hizkuntza edo hiztun gutxituen nahiz eremu urrikoen egunkarietako eta hedabideetako erakundeak 25 urte beteko ditu aurten, eta aurrerantzean beste hizkuntza gutxitu batean argitaratutako aldizkari bat izango dute partaideen artean. Joan den asteburuan egin dute urteko batzarra, Bozen hirian (Hego Tirol), eta bertan ladinerazko La Usc di Ladins astekaria kide gisa onartu dute. Ladinerak 35.000 hiztun ditu, eta aldizkariaren 4.000 ale saltzen dituzte astero. Irrati bat ere badu hedabide horrek.
Ladinera hizkuntza latinoa da. Ofiziala da Italia iparraldeko honako hiri hauetan eta haien inguruko lurraldean: Trento, Bozen eta Belluno.
La Usc di Ladins astekaria gehituta, hamahiru hizkuntzatan argitaratzen diren 29 komunikabidek osatzen dute Midas erakundea.
Miquel Spa kazetaria saritu dute
Midas elkarteak bi sari ematen ditu urtero, batzarra egiten duten egunetan. Aurten, Otto von Habsburg Saria Toni Vicentini kazetariari eman diote, Bozen hirian eta inguruan alemanaren alde egindako lanagatik. Midas kazetaritza saria, berriz, Regio 7 katalanezko egunkariko Miquel Spa kazetariari eman diote, katalan hizkuntzak Goy Cerdanyan (Ipar Kataluniako Pirinioak) duen egoerari buruz idatzi duen erreportaje bategatik; Spa 2007tik ari da Regio 7-n lanean.
Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendari ohia da Midas elkarteko lehendakaria, iaztik. Asteburuko batzarrean arreta berezia jarri diote adimen artifizialaren erabilerari. Hiru hizlari izan dituzte gaiaz hizketan: Ismael Nafria irakasle eta aholkularia, Vicent Partal Vilaweb-eko zuzendari ohia eta Daniel Faztic Esloveniako aholkularia.
Batzarra Hego Tirolgo gobernuaren laguntzarekin antolatu dute.