Lehia estu eta gogorra izan zuten atzo Bilbon Peio Etxeberriak eta Javier Zabalak Lau eta Erdiko Txapelketako finalean. Bizkaia pilotalekua bete-betea zen, eta telebista eta Internet bidez ere milaka herritarrek ikusi zuten finala.
Nafarroan bere ordutegian liderra izan zen ETB1en finalaren zuzeneko emanaldia: %15,7ko ikusle kuota —euskaldunen artean, %56,2koa—. Baita Euskal Autonomi Erkidegoan ere: %14,9ko ikusle kuota.
Euskal Herrian, 200.000 herritarrek baino gehiagok egin zuten bat uneren batean ETBko emankizunarekin. Gainera, 18.000 herritarrek ikusi zuten finala ETB On plataforman edo kirolakeitb.eus webgunean.
Lau eta erdikoa amaituta, datorren asteburuan Binakako Txapelketa hasiko dute, eta pilota txapelketa hori ere Euskal Telebistan ikusi ahal izango da.
Azaroaren 14an, bestetik, euskal selekzioak Venezuelaren aurka jokatu zuen futboleko adiskidetasuneko partida, eta orduko hartan ETBko emanaldiak %23,1eko ikusle kuota lortu zuen EAEn —euskaldunen artean, %38,1ekoa—. Nafarroan, euskaldunen artean, %15,6ko kuota izan zuen.