Bertsolaritzari eskainitako ETB1eko saioak gaur amaituko du denboraldia (21:00). Atsedena hartuko du programak ekainean, uztailean eta abuztuan, eta, okerrik ezean, irailean hasiko du hurrengo denboraldia. Gaurko atalean, berriz, Joxe Miel Iztueta Lazkao Txiki izango dute hizpide.
Irailean ehun urte beteko dira Lazkao Txiki bertsolaria jaio zenetik. Urteurren berezi horren aitzakian, Mirari Martiarena aurkezleak bi lagun elkartuko ditu Lazkao herrian (Gipuzkoa): Gerriko kultur elkarteko Inazio Usarralde eta Joxepa Madariaga. Elkarte horrek, hain zuzen ere, urtero antolatzen du Lazkao Txiki Gogoan izeneko ekitaldia. Bertsozale elkartearen arabera, Usarraldek eta Madariagak «maitasunez» eta «miresmenez» gogoratzen dute Lazkao Txiki. Gerriko elkartekoek diotenez, omenaldia ez da egun bateko kontua izaten, Lazkaon oso presente baitago Lazkao Txikiren figura, eta herritarren eguneroko elkarrizketetan askotan aipatzen baitira haren bertsoak eta pasadizoak. Martiarenarekin batera, bertsolari ezagunaren pasadizo eta bertso gogoangarri batzuk nabarmenduko dituzte Madariagak eta Usarraldek.Â

Aurten, apirilaren 18an egin zuten Lazkao Txiki Gogoan ekitaldia. Ondoren, bertso bazkarian, kantuan aritu ziren Aitor Sarriegi Galparsoro, June Aiestaran Iparragirre eta Nerea Elustondo Plazaola. Haien bertsoaldi batzuk gaur gauean ikusi eta entzun ahalko dira Hitzetik hortzera programan.
Gainera, Imanol Lazkanoren, Joxe Arregiren, Xabier Euzkitzeren eta Xabier Amurizaren bertso batzuekin gozatzeko modua izango da gaurko atalean.
Aña Etxegarairen bertso sorta
Aspaldiko bertso sorta bat ere entzun ahalko da Hitzetik hortzera-ren denboraldiko azken atalean: Ainhoa Sarasua Laskaraik eta Eñaut Agirre Goiak Aña Etxegarai bertsolariaren (Lekorne, Lapurdi, 1873-Hazparne, Lapurdi, 1939) Oraiko dama gaztiak bertso sorta kantatuko dute. Bere garaiko neska gazteen janzkerak eta jarrerak azaldu zituen bertso horietan Etxegaraik. Kantuan Sarasua eta Agirre ari direla, Manex Pagola Apezetxearen laguntza izango dute —hala izan da azkeneko asteetan—.
Bertsozale elkarteak egiten du Hitzetik hortzera saioa, eta 38 urte dira jada Euskal Telebista ematen hasi zela. Denboraldi honetako atal guztiak osorik eta doan ikus daitezke ETB On plataforma digitalean.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa irailean hasiko da, eta abenduaren 20an egingo dute final handia, Iruñeko Nafarroa Arenan. Euskal Telebistak zuzenean emango ditu finalerdiak eta finala, aurreko txapelketetan egin izan duen moduan.