'Liburuen mintzoa'-k hartu du 'Irakurrieran'-en lekukoa

Euskal Idazleen Elkarteak ekoitzitako irratsaio berria estreinatu dute aste honetan Antxeta, Naiz eta Bilbo Hiria irratiek.

Mikel Antzak gidatuko  du 'Liburuen mintzoa' irratsaioa. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Mikel Antzak gidatuko du 'Liburuen mintzoa' irratsaioa. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
urtzi urkizu
2026ko urriaren 9a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Irakurrieran irratsaioaren jarraipena izango da Antxeta irratiak, Naiz irratiak, Bilbo Hiria irratiak eta Euskal Idazleen Elkarteak lankidetzan ekoitziko duten Liburuen mintzoa saioa». Hala iragarri du Mikel Antzak, programako gidariak. Astean behin, idazle bat gonbidatuko du saiora Antzak. «Euskarazko liburuez hitz egingo dugu idazleekin. Horrez gain, euskarara ekarritako liburuei ere tarte bat eskainiko diegu, programa bakoitzean idazle, irakurle, liburuzain, liburu dendetako saltzaile edo irakurle taldeen dinamizatzaileen gomendioa jasoz». Aste honetan bertan estreinatu dute programa: Antxeta irratiak asteazkenetan emango du saioa, 20:00etan; Bilbo Hiria irratiak eta Naiz irratiak, berriz, ostegunetan emango dute, 21:00etan.

Internet bidez ere entzun ahalko da irratsaioa, bai hiru irratietako webguneetan, bai Euskal Idazleen Elkartearen webgunean ere. Saioko arduradunak aipatu du literatur aldizkariak ere mintzagai hartuko dituztela.

Idazle elkarteak urte luzez ekoitzi zuen Irakurrieran irratsaioa. Edorta Jimenez eta Gotzon Barandiaran aritu ziren saioa gidatzen, baita beste hainbat lagun ere haien ondotik. Bizkaia irratiak ematen zuen irratsaioa. «Irratsaioaren azken arduraduna izan nintzen. Bizkaia irratiaren jabe Bilboko Gotzaindegiak, Covite elkartearen eskaerari men eginez, Euskal Idazleen Elkartearen eta Bizkaia irratiaren arteko hitzarmena bertan behera uztea erabaki zuen arte», esan du Antzak. 

Covite Euskal Herriko Terrorismoaren Biktimen Kolektiboak Antzaren aurka jo zuen 2023an, Nafarroako herri batean irakurle talde bat gidatzen ari zelako; irakurle talde ugariren babesa jaso zuen. 2004ko urriaren 3an atxilotu zuten Antza, Biarnon, ETArekin lotuta. Hamabost urte eman zituen preso, eta, Frantziak ezarritako zigorra osorik beteta, 2019ko urtarrilean askatu zuten.

Iazko urrian, Covitek berriro egin zituen Antzaren kontrako adierazpenak. Eta presio horren ondorioz eten zuen Bilboko Gotzaindegiak literatur irratsaioaren inguruan Euskal Idazleen Elkartearekin zuten hitzarmena.

Maite Aizpurua, lehen gonbidatua

Liburuen mintzoa literatur irratsaioko lehen atalean Maite Aizpurua antzezle eta antzerkigilea elkarrizketatu dute. Infinitudrama konpainiarekin batera, Herrenaren promesak antzerki liburua (Susa, 2026) eman du argitara Aizpuruak. Liburua eskuetan duela gerturatu da saioko mikrofonoetara.

Maite Aizpurua antzerkigilea
Maite Aizpurua antzerkigilea, 'Herrenaren promesak' antzerki lana eskuetan. EIE

Irratsaioan lantzen dituzten liburuak zozketatu egingo dituzte. Entzuleek 644 499 554 zenbakiaren Whatsappean utzi beharko dute mezua, zozketan parte hartzeko.

Liburuen mintzoa-ren lehen denboraldiak 30 atal izango dituela kontatu du Antzak. «Nekez erantzun ahal izango diogu euskal literaturaren argitalpen joriari. Hala, saioa ez da aktualitateari lotuta egongo, nahiz eta argitaratu berri diren liburuei ere helduko diegun».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA