'Linbo'-ren denboraldia etzi amaituko da, eta zalantzan dago jarraituko duen

Lander Arretxea saioko zuzendariak esan du 'Linbo' «mugarria» izan dela Hiru Damatxo ekoiztetxearentzat.

'Linbo' saioa. HIRU DAMATXO
'Linbo' saioa. HIRU DAMATXO
urtzi urkizu
2025eko ekainaren 24a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Apirilaren 24an estreinatu zuen ETB1ek Linbo, gaztetasunez betetako telebista ikuskizun bat. Umorezko late night bat, Hiru Damatxo ekoiztetxearen eskutik, eta publikoarekin grabatua. Etzi amaituko da denboraldia, hamargarren atala ematearekin batera. Zalantzan dago datorren ikasturtean jarraipena izango duen ala ez.

Lander Arretxea saioko zuzendariak iragarri du ostegun gaueko saioa «berezia» izango dela: «Festa izaera eman nahi izan diogu. Ezohiko osagai batzuk sartuko ditugu, eta udako jai girora hurbiltzen saiatuko gara». Ezusteko bat baino gehiago izango dute.

Denboraldiak eman duena ikusita, lantaldearen izenean «pozik» mintzo da Arretxea: «Polita izan da ETB1eko saio baten erronkari heltzea. Gauza batzuekin asmatuko genuen, eta beste batzuekin ez. Baina luxua izan da hor egotea, eginez ikastea, eta ondorioak atera ahal izatea». Iruditzen zaio Linbo-k aukera eman diela lantaldeari, kolaboratzaileei eta Aitziber Grados aurkezleari (Altsasu, Nafarroa, 1999) bide bat garatzeko. «Inor ez da jakinda jaiotzen, eta horrelako formatuetan trebea izateko trebatu beharra dago. Pozik nago saioak bidea egin duelako».

Aiziber Grados 'Linbo' saioko aurkezlea. Primeran plataforma
Aitziber Grados 'Linbo' saioko aurkezlea. HIRU DAMATXO

Atalak emititu diren egunak urrun samar gelditu dira grabazio egunetatik. Hortaz, saioko zuzendariari iruditzen zaio bigarren denboraldia egongo balitz erronketako bat hori izango litzatekeela: «aktualitatetik gertuago» aritzea. «Horrek lantaldea beste pultsio batean jarriko luke».

Ikusle datuei dagokienez, Mihiluze lehiaketaren datuetatik gertu ibili da Linbo. «Konforme gaude, eta ikusle batzuk aspaldiko partez joan dira telebista konbentzionalera. Gainera, ezohiko tonu bat eta ezohiko jendea eraman dugu ETB1era». Kolaboratzaileak «libreki» aritu izana ere nabarmendu du saioko zuzendariak.

Hiru Damatxo ekoiztetxea txikia dela ohartarazi du Arretxeak, proiektu txikiagoetan ohituta dagoena. «Hau mugarria izan da Hiru Damatxorentzat. Eta orain behartzen gaitu galdetzera ea zer bide egin nahi dugun etorkizunean. Ez baita gauza bera lauzpabost pertsonako lantalde bat proiektu txikietan koordinatzea, edo hamar-hamabost pertsonako lantaldea daukan ekoizpen jarraitu bat egitea. Luxuzko arazoak dira, edonola ere».

'Herri txiki, infernu handi'

ETB1eko beste saio batzuen denboraldiak amaitzen ari dira azkeneko egunetan. Joan den astean, Hamaika entzuteko eta Arte[faktua] saioen denboraldia amaitu zen —udazkenean jarraitu egingo dute—.

ETB1eko Herri txiki infernu handi saioa
ETB1eko 'Herri txiki infernu handi' saioa. ETB

Igande honetan, berriz, Herri txiki, infernu handi saioaren 11. denboraldia amaituko da; azkeneko lau denboraldietako ikusle daturik onenak izan ditu programak. Igande honetako atala denboraldiko 28.a izango da, eta Bakiora (Bizkaia) joango dira Mikel Pagadizabal, Miren Nogales eta Sebastian Lizaso. Dagoeneko programaren 280 atal eman ditu euskarazko kateak, eta, okerrik ezean, hamabigarren denboraldia egingo dute datorren urtean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.