Bi urte bete dira EITB taldeak Makusi haurrentzako ikus-entzunezko plataforma digitala martxan jarri zuenetik. Eta, talde publikoak eman dituen datuen arabera, 94.000 erabiltzaile lortu ditu plataformak. Ez dira datu txikiak; guztira, 2.265.000 ordu ikusi dituzte erabiltzaile horiek. Denak euskaraz. Neska-mutikoek gehien ikusi dituzten saioen artean, Go!azen eta Irabazi arte telesailak daude, baita Txakur Patruila, Dragoi Bola, Doraemon eta Pottokiak marrazki bizidunak ere.
Aintzat hartzeko datu gehiago ere badira Makusiren inguruan. Hain zuzen ere, Makusi kluba mundu digitaletik apartekoa da. Askotariko ekitaldi presentzialak eta bestelakoak antolatzen dituzte. Eta klub horrek 31.000 kide ditu gaur egun. Interneteko sare sozialei dagokienez, Makusiren komunitateak 25.000 jarraitzaile baino gehiago ditu. Bi urte hauetan milaka neska-mutiko eta familia elkartu dira Makusik Euskal Herrian antolatu dituen ekitaldietan.
Hego Euskal Herriko haur eta gaztetxoek Makusiko eduki guztiak doan ikus ditzakete. Aldiz, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan bada arazorik: hiru lurralde horietan Makusiren edukien %73 ezin dira ikusi. «Makusiko eduki batzuk ez daude ikusgai Iparraldean, eskubiderik ez dugulako», azaldu zuen EITBk urtarrilaren 15ean.
'Zientzia piztia' saio berria
Hilaren 15ean, Makusik Zientzia piztia izeneko programa estreinatuko du. Arnaitz Fernandez ETBko Eguraldia tartearen aurkezleak gidatuko du saio berri hori. Haur eta gaztetxoei zientzia gerturatzeko asmoa du saio berriak, «entretenimendua eta dibulgazioa uztartuta». Askotariko esperimentuak aurkeztuko dituzte bertan: ura dantzan jarri, izotza arrantzatu, marrazkiak bizidun bihurtu.... Barne ekoizpeneko saio bat denez, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere neska-mutikoek ikusteko aukera izango dute.
Maiatzean bertan, berrikuntza gehiago iritsiko dira EITBren haurrentzako plataforma digitalera. Bihar Henry Danger izeneko fikziozko telesaila iritsiko da Makusira, euskarara bikoiztuta.
Gainera, maiatzeko hurrengo ostiraletan estreinaldi gehiago izango dira: Ztanda musika lehiaketaren denboraldi berria, Pottokiak 3D marrazki bizidunen saioko atal berriak, eta abuztuan izango den eklipsearen inguruko bideo bereziak.
Telebista konbentzionalari dagokionez, ETB1 On kateak lekukoa hartu dio lehengo ETB3 kateari. Bertan, haurrentzako programazioa ematen dute 07:00etatik 19:00etara. ETB1 On kateak bikoiztu egin zuen emisioa apirilaren 13an: batetik, LTD edo ohiko telebista konbentzionalean, euskarazko hamabi orduko programazioa ematen du; eta bestetik, Youtuben, plataformetan eta telebista zerbitzu hornitzaileetan, nazioarteko eskubide murrizketarik gabeko programazioa.