Makusiko edukien %73 ezin dira Iparraldean ikusi

EITBren beste plataforma batzuetan ere zenbait eduki ezin dira Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ikusi.

Makusi plataforma. EITB
Makusi plataforma. EITB
urtzi urkizu
2026ko urtarrilaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EITB taldeak bost plataforma sortu ditu bi urtean: Primeran, Makusi, Guau, Orain eta ETB On. Kontsumo ohitura berrietara egokitzeko eman du pauso hori irrati-telebista publikoak, baina plataformetako batzuetan soilik Hego Euskal Herriko ikus-entzuleek erabil dezakete zerbitzua osorik. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan bizi direnek ezin dituzte hainbat eduki ikusi doako plataforma digital horietan.

Kasurik adierazgarriena haurrei eta gaztetxoei zuzendutako Makusi plataformarena da. Lapurdin bizi den erabiltzaile batek zenbaketa egin du, eta Makusiko edukien %73 murriztuta dago Iparraldean. Hau da, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako haurrek ezin dituzte Makusiko edukien ia hiru laurdenak ikusi. 

Primeran plataforma da EITBk sortu zuen aurrenekoa: 2023ko irailaren 15ean jaio zen. Horretan ere, badira ikus-entzunezko hainbat lan ezin direnak Iparraldean ikusi. Eskubide kontuak izaten dira tartean. Gaiaz galdetuta, EITBk honako arrazoi hau eman du: «Primeran plataforman Iparraldean eskuragarri ez dauden edukiak erositako edukiak dira, eta ez ditugu horien eskubideak Iparraldean emateko». Horren adibideetako bat Moriarti ekoiztetxearen Cristobal Balenciaga telesaila da: azaroaren 13an jarri zuten doako plataforman, eta Hego Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan, Galizian eta Espainian arazorik gabe ikus daiteke; ez, ordea, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Makusiri buruz ere arrazoi bera eman du EITBk: «Makusiko eduki batzuk ez daude ikusgai Iparraldean eskubiderik ez dugulako».

ETB On-en probak egiten ari dira

EITBko irratiak, audioak eta podcastak biltzeko plataforma da Guau, eta bertan entzun daitezke zuzenean Euskadi Irratia eta Gaztea euskarazko irratiak. Horretan ez da arazorik Iparraldean ere. 

Bestelakoa da ETB On plataformaren egoera. Hori izan da talde publikoak martxan jarri duen azkeneko plataforma: abenduan jaio zen, EITB Nahieran zerbitzuaren ordezko gisa. Hainbat erabiltzailek Interneteko sare sozialetan adierazi dute zuzeneko emankizunak ezin direla Iparraldean ikusi; hau da, ETB On-ek aukera ematen du Hego Euskal Herrian ETB1 eta ETB2 kateetako unean uneko emanaldia ikusteko. Baina murriztuta dago aukera hori Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, oraingoz. Egoera hori konpontzeko lanean ari direla adierazi du ETBk: «Plataformaren GEOblokeoa-ren garapena ez dago guztiz amaituta. Probak egiten ari gara, eta laster eskuragarri egongo dira aipatzen diren eduki horiek». ETBk dio aurki izango direla ETB On-eko eduki guztiak eskuragarri.

Bistan da ETB On plataforman ari direla egoera batzuk konpontzen; kasurako, abenduaren amaieran Iparraldean ezin zen ikusi Mihiluze lehiaketa ETB On plataforman. Baina konpondu du hori EITBk, eta orain arazorik gabe ikus daiteke Ilaski Serranok eta Antton Telleriak aurkezten duten lehiaketa, noiznahi. Gauza bera gertatu da beste saio batzuekin ere. Plataforma horretan nagusi dira ETBk berak ekoitzitako programak, eta, alde horretatik, eskubideekin arazo gutxiago dira saioak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ikusteko. Oso bestelakoa da egoera Makusin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.