ETB3 katea berriz martxan jarriko ez den arren, bere tokia hartu duen kanalak, ETB1 On kateak, egunean hamabi orduz emango ditu umeentzako marrazki bizidunak eta saioak:Â goizeko zazpietan hasi eta arratsaldeko zazpiak arte, etenik gabe, emankizun konbentzionalean edo lurreko telebista digitalean. Hala erabaki du EITBko zuzendaritzak. Datorren astelehenean, apirilaren 13an, hasiko da ETB1 On haurrentzako eskaintza hori egiten, eta, modu horretan, ETB3k utzi zuen hutsunea beteko du. EITB taldeko Makusi plataformako edukiak emango dituzte ordutegi horretan, etenik gabe.
EITBk martxoaren 16an jakinarazi zuen handik bi egunera ETB3 eta ETB4 kateen tokia ETB1 On eta ETB2 On kateek hartuko zutela. Hala gertatu zen, eta hainbat talde euskaltzaleren kontrako erreakzioa eragin zuen. Erabakiaren kontra egin zuten Aldatu Gidoia eta Pantailak Euskaraz taldeek, kasurako. Hurrengo egunean, BERRIAk Isabel Octavio Uranga ETBko zuzendariarekin egindako elkarrizketa bat argitaratu zuen. Bertan, Octaviok azaldu zuen EITBren digitalizazio prozesuan azken pausoa zela ETB1 On eta ETB2 On kateen sorrera: «Jakinda helburu nagusitzat daukagula euskara, euskal kultura eta gure edukiak Interneten egotea, eta batez ere gazteengana hurbiltzea, estrategia bat abiatu genuen duela urte batzuk». Horren baitan sortu dituzte Primeran, Makusi, Guau, Orain eta ETB On plataforma digitalak. «Azken pausoa da aste honetakoa: ETB1 eta ETB2 kateak hedapen digitalean murgiltzea, eta horretarako ETB1 On eta ETB2 On kateak sortu ditugu».
Herritar askorengan kezka eta ezinegona sortu zuen, ordea, ETB3 katearen haurrentzako eskaintza eteteak. Horren erakusgarri, Pantailak Euskaraz taldeak abiatu zuen ETB3 ez itxi! kanpainak 30.000 sinadura jaso ditu bi astean. Korrikako ibilbidean zehar, berriz, ETB3 ez itxi! lelopeko hainbat pankarta erakutsi zituzten.Â
Martxoaren 30ean, bestalde, ETB3 ixteko erabakian atzera egiteko eskatu zioten hainbat eragilek EITBri. Euskalgintzaren Kontseiluak, Pantailak Euskaraz eta Aldatu Gidoia taldeek, Euskal Herriko Ikastolek, Sortzen elkarteak, Taupa mugimenduak, Hezten taldeak, Gazte Euskaltzaleen Sareak eta ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek egin zuten eskaera. Nabarmendu zuten ETB3ren itxierak euskarari eta euskaldunei kalte egiten diela, eta euskararen leihoak zabalik mantendu behar direla.
EITBren Makusi doako plataformak baditu 90.000 profil —ETBko zuzendariaren datuen arabera—, baina talde euskaltzaleek ohartarazi zuten Euskal Herriko etxe askotan ez dituztela telebistak Internetera konektatuta, eta telebista adimendun batzuk ez direla bateragarriak Makusi plataformarekin. Azken gabezia horren inguruan lan egiteko asmoa azaldu du EITBk.Â
ETB3ko emankizunen amaierarekin ados ez daudela adierazi duten hainbat talderekin eta eragilerekin bildu da EITBko zuzendaritza berriki, talde publikoak ohar batean jakinarazi duenez. Telebista irekian, ETB1 On katearen bitartez, Makusiren eduki eskaintza zabaltzeko aukera helarazi die. Horretarako, ETB1 On kateak bikoiztu egingo du emisioa: batetik, LTD edo ohiko telebista konbentzionalean, euskarazko hamabi orduko programazioa emango du; eta bestetik, Youtuben, plataformetan eta telebista zerbitzu hornitzaileetan, nazioarteko eskubide murrizketarik gabeko programazioa.
Datorren astean abiaraziko du eskaintza berri hori ETBk. Eta hori martxan jarri arte, euskarazko haurrentzako edukiak indartuko dituzte ETB1en.Â
Apirilaren 1ean, EITBko zuzendaritzak eta euskalgintzako zenbait taldek bilera bat egin zuten. EITBk berak deitutako bilera zen, eta han jakinarazi zien ETB3 katearen emisioa etetea atzeraezina zela. «Baina euskalgintzaren eskaerei erantzunez, haurrentzako euskarazko edukiak ETB1 On katearen bitartez bermatzeko prest agertu ziren», azaldu du ohar batean Pantailak Euskaraz taldeak.
ETB3 katea berriz martxan jartzea lortu ez arren, Pantailak Euskaraz taldeak ontzat jo du EITBk ETB1 On katearen bitartez euskarazko edukiak umeengana irits daitezen bermatzeko hartutako erabakia. «Izan ere, horren bidez, haurrek telebista ikusteko ordutegiaren zatirik handienean, euskarazko haurrentzako eskaintza modu unibertsalean eta irisgarrian bermatua egongo baita».
EITBk foro bat sortuko du euskalgintzako eragileekin
Pantailak Euskaraz-ek ohartarazi du ETB3 ixtea eta halako erabakiak ezin direla egun batetik bestera hartu. «Haurrentzako euskarazko kate baten itxiera bezalako erabaki estrategikoek aurretiazko elkarrizketa eta kontrastea behar dute, bereziki euskalgintzako eragileekin eta hizkuntza normalizazioan aditu direnekin. Ez da horrela izan, eta kezka zein kexa adierazi genituen euskalgintzako eragileok erabakia hartzeko moduagatik ere».Â
EITBko zuzendaritzak, euskalgintzako eragileekin egindako bileran, konpromisoa hartu du «kontrasterako foro bat» sortzeko. «Bertan, aldian-aldian estrategiak partekatuko lirateke euskalgintzako hainbat eragilerekin, eta bereziki euskarazko ikus-entzunezko edukien sustapenean dihardutenenekin», dio EITBk.
Era berean, EITBko zuzendaritzak euskalgintzako eragileei azaldu die «digitalizazio prozesuarekin jarraitzeko beharra» dutela. Helburu jakin batzuk ditu prozesu horrek, EITBk jakinarazi duenez: «Edukiak oinarri dira kontsumoari begira, eta euskara funtsezko osagarrietako bat EITBk zerbitzu publiko gisa duen betebeharrean».

Makusi EITBren haur eta gaztetxoentzako euskarazko plataforma digitalaren aurkezpena, 2024ko apirilaren 26an, Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKUÂ
Pantailak Euskaraz-ek EITBk proposatutako foro horren inguruan zera adierazi du: «Funtsezkoa da euskararen normalizazioaren bidean, parez pare ditugun erronka erraldoiei erantzun ahal izateko, herritar, eragile eta erakundeon arteko elkarlana». Bide horretan, EITBk proposatutako lanerako foroa ere «espazio interesgarria» izan daitekeela uste du talde euskaltzaleak.
«EITBren proposamenak ez dira ezerezetik sortu, euskaltzaleon aktibazioaren eta presioaren emaitza izan dira», dio talde euskaltzaleak. Horregatik, euskal gizartea zoriondu dute halako erabaki baten aurka —ETB3ren itxiera— izan duen erreakzio azkarragatik. «Eragile desberdinen arteko elkarlanari ere balioa eman nahi diogu». ETB3 ez itxi! kanpainan sinadura eman duten 30.000 herritarrei ere eskerrak eman dizkie Pantailak Euskaraz-ek. «Haien ekarpena funtsezkoa izan baita EITBk atzera egin eta haurrentzako edukiak modu irisgarrian ETB1 On katearen bitartez emateko. Ez dugu ETB3 berriz martxan jartzea lortu, baina haurrentzako euskarazko edukiak modu irisgarrian eskainiko dira ETB1 On kate konbentzionalaren bidez». Euskaltzaleei lanean jarraitzeko deia egin du Pantailak Euskaraz-ek: «Aurrerantzean ere, euskaltzaleoi aktibatuta jarraitzea dagokigu, EITBk hartutako konpromiso guztiak bete daitezen, eta ahalik eta esparru gehienetan euskararentzako aukera eta leiho berriak irekitzeko».
2021eko ekainean jarri zuten abian Pantailak Euskaraz mugimendua. Elkarte izaera ere badu orain. «Lanean jarraituko dugu telebistan, zineman, plataformetan zein Interneten euskarazko edukiak sustatu eta zabaltzeko».