Hiru Damatxo ekoiztetxearen Linbo saioa iazko apirilaren 24an estreinatu zuen ETB1ek. Gaztetasunez betetako telebista ikuskizun bat da, eta lehen denboraldia telebista konbentzionalean eman zuten. Bigarren denboraldia, ordea, Primeran plataforma digitalean emango dute. Martxoaren 1ean estreinatuko dute denboraldi berria. Hiru Damatxo ekoiztetxea hasia da grabaketetarako deialdi mezuak bidaltzen, esate baterako, aurreko denboraldian publiko moduan Donostiako Gazteszenara joan zirenei.
Aitziber Grados (Altsasu, Nafarroa, 1999) izan zen lehen denboraldiko aurkezlea, eta bigarrenean ere hura ariko da gidari lanetan. Benetan zabiz bideopodcasta ere egiten du Gradosek, Malen Altunarekin batera.
Late night show bat da Linbo, euskaraz gutxi egin izan den formatua. Lehen denboraldiko kolaboratzaileen artean Maialen Sorzabalbere, Danel Galdaera, Maria Blanco eta Julen Goldarazena Flako aritu ziren. Baita Olaia Inziarte musikaria ere.
Lander Arretxea da programako zuzendaria. «Ausardia eta naturaltasuna eskatu digute, eta horretan ari gara, arduraz, baina jolasteko eta gure marko mentalen mugak zabaltzeko gogoz», esan zuen Arretxeak BERRIAn, iazko apirilean, telebista ikuskizuna estreinatu aurretik.