benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Migratzaileen beharra

2025eko urriaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urteak dira etxeko zorua garbitzeko robota erosi genuela. Mesfidantza handiarekin egin genuen erosketa izan zen. Baina lehenengo astean jabetu ginen azken urteotan etxean egin genuen erosketarik borobilena izan zela. Lehen ordu erdian jaso zuen hauts, birrin eta ile kopurua ez sinistekoa izan zen. Gaur egun ere, lanean jarraitzen du jo eta ke.

Hitz egin dezagun lanaz, edo agian hobe, langabeziaz. Hego Euskal Herrian, 2014. urtean, %15 ingurukoa zen langabezia tasa. Gaur egun, Nafarroako Foru Erkidegoan %8 ingurukoa da eta EAEn %6koa. Iparraldeko gaur egungo daturik ezin izan dut lortu.

Gurean, lanean ari diren asko eta asko, kanpotik etorritako langile prekarioak dira. Euskal Herriko ikastetxeetako pasabideak ikustea baino ez dago, jabetzeko gure herrialdea zeharo aldatu dela azken 20 urteotan. Langile migratzaileen seme-alabak dira gure ikasgelak betetzen dituztenak, irakasleoi lana ziurtatzen digutenak. Horiek dira gurean, euskaraz ere, ikasten ari diren ikasleak.

Eta politikarien artean, ezkerrera zein eskuinera begiratuz gero, bada antzeko diskurtso bat migrazioaren inguruan. Eta da migratzaileak behar ditugula. Eta aditza da behar. Gure kaleetako fruta dendetan artatzen gaituzte. Taberna, jatetxe, etxez etxeko zerbitzu edo bestelako lanetan, beren herrialdea atzean utzi eta gurera etorritakoak dira gehienak. Eta gaur egun, lan prekario horietako asko haiek egiten dituztela jakinda, ez dakit nik, ba, beharraren argumentu hori ez ote den apur bat herrena, ezkertiar ikuspegi batetik esan nahi dut.

Demagun 30 urte barru norbere etxearen garbiketa osoa robot batek egiten digula, edota tabernan artatuko gaituena adimen artifizialdun robota izango dela. Eta zergatik ez, agian, fruta dendan irribarretsu euskaraz hitz egingo diguna Txinan ekoitzitako androide bat izango da. Baliteke etorkizunean gure ortuetako tomateak robot talde batek bildu, garbitu eta banatzea. Eta gu geu adinekoak garenean, apika, egunerokoan izango ditugun beharrizanak robot laguntzaile batek aseko ditu; gutxieneko soldata kobratuko ez duen automata batek zainduko gaitu.

Egun hori iristean, robotek lan automatiko, nekez, zikin eta nekagarri guztiak merke egiten dizkigutenean, zer? Robotak bai, baina migratzailerik ez dugula behar esango al dugu?

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.