Movistar Plusek asmoa du urtean 26 telesail estreinatzeko

Gaur egun, urtean zortzi telesail propio ekoizten ditu plataformak. Halako bi ekoitzi nahi ditu epe laburrean.

Itziar Ituño aktorea, 'Patagonia' telesail berrian. MOVISTAR PLUS
Itziar Ituño aktorea, 'Patagonia' telesail berrian. MOVISTAR PLUS
urtzi urkizu
2026ko uztailaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Datozen urteei begira, fikzio arloko inbertsioak handitu nahi dituela iragarri du Espainiako Movistar Plus plataformak. Hazkunde horri segika, konpainiaren asmoa litzateke etorkizunean «26 telesail espainiar» estreinatzea. Hiru urte barru, hilean bi estreinaldi egin nahiko lituzkete. Gaur egun, Movistar Plusen Originalen arloan urtean zortzi ekoizpen dituzte. Epe laburrean halako bi ekoiztea da plataforma pribatuaren xedea.

Juan Andres Garcia Ropero Bropi Movistar Pluseko eduki zuzendariak nabarmendu du garai berezia dela fikzioaren eremuan. «Aro berri bat iritsi da Espainiako fikzioarentzat Movistar Plusen. Gure bezeroei istorio gehiago eskaini nahi dizkiegu, publiko berrietara iritsi nahi dugu, eta bazkide estrategikoa izan nahi dugu sektoreko ekoiztetxeentzat».

Azkeneko asteetan, Movistar Pluseko edukien zuzendaritzak topaketa batzuk antolatu ditu 60 ekoiztetxerekin baino gehiagorekin. Eta ekoiztetxe horiek ehun ideia edo egitasmo berri baino gehiago aurkeztu dituzte. Roperok azaldu duenez, bilera horietan Movistar Plusek estrategia berria aurkeztu die ekoiztetxeetako ordezkariei.

Beste batzuekin batera

Movistar Plusen telesail batzuk plataformak berak ekoitzitakoak izango dira. 2027. urteari begira, Jorge Coirak zuzendutako Ardora, Marcel Barrenak sortutako Todo lo necesario eta Natxo Lopezek sortutako Iruña 97 daude —azken hori Nafarroako hiriburuan ari dira filmatzen egunotan—.

Ziurtzat jo dute, bestalde, bigarren denboraldiei ekingo dietela Se tiene que morir mucha gente, El Centro eta El otro mundo telesailen kasuan. Movistar Plusen arabera, Se tiene que morir mucha gente telesailaren arrakastak bezero berri ugari bereganatzea ekarri die.

Datozen hilabeteetarako espero da, halaber, Patagonia telesaila. Txilen eta Euskal Herrian filmatu dute, eta aktoreen artean Itziar Ituño, Kandido Uranga eta Unai Arana daude. Movistar Plusekin batera, Txileko Wood Producciones eta Espainiako Atlantika Films ekoiztetxeek parte hartu dute. Txileko Telebista Nazionalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du egitasmoak. Ituñoren arabera, istorio «sutsu eta emozionala» da: «Protagonista seme nerabearen bila joango da, lurralde basati eta ezezagun batera. Norbere erruei eta beldurrei aurre egin beharko die». Maria Elena Woodek eta Patricia Ferreirak sortu dute istorioa.

Veredicto telesailaren aktore taldea
'Veredicto' telesail berriaren lantaldea. MOVISTAR PLUS

Nagore Aranburu aktoreak plataforma espainiarraren Querer telesailarekin sari ugari irabazi zituen. Egunotan, berriz, Veredicto telesail berriaren filmaketetan ari da parte hartzen. Herri epaimahaien inguruko istorio bat da, eta zuzendaria Carlos Marques-Marcet zinemagile katalana da.

Telesailen erosketak

Beste komunikazio talde batzuek egiten dituzten telesailak erosten eta ematen jarraituko du, halaber, Movistar Plusek. Egunotan estreinatu dute, adibidez, Mediaset España taldearen Ella maldita alma telesaila. Hilaren 23an, Atresmedia taldearen 33 días jarriko dute katalogoan —Carles Portak sortu du—. Eta abuztuan, Kataluniako 3Cat talde publikoaren La casa nostra izeneko sitcom-a emango dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA