Naiz irratiak 1973tik 1978rako garaia aztertuko du

'Haustura ala erreforma' podcasta 1973an hasiko da, Carrero Blancoren aurkako atentatuarekin. Bost atal izango ditu saioak. Ion Telleriak aurkeztu eta zuzenduko du.

Ion Telleria Naiz irratiko koordinatzailea. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ion Telleria Naiz irratiko koordinatzailea. MAIALEN ANDRES / FOKU
urtzi urkizu
2025eko irailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«1975eko irailaren 27ko Juan Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegiren fusilatzeetatik abiatutako oroimen lan mardula izan nahi du Haustura ala erreforma podcastak». Hala nabarmendu du Ion Telleriak, Naiz irratiko koordinatzaile eta Haustura ala erreforma podcast berriko aurkezle eta zuzendariak. Hilaren 10ean estreinatuko du euskarazko irratiak saio hori. Bost ataleko «lan berezia» izango da, eta askotariko ahotsak bilduko ditu.

1973 eta 1978 bitarteko garaia aztertuko dute podcast berri horretan, Iratzar fundazioarekin elkarlanean. Telleriak iragarri duenez, 1973an abiatuko da kontakizuna, Luis Carrero Blanco Espainiako Gobernuko presidentearen aurka ETAk egin zuen atentatuarekin. «Atalez atal, urte haietako testuingurua azaltzen saiatuko gara podcastean». Kontakizuna 1978an amaituko da, Juan Carlos Borboikoak Espainiako Konstituzioa berretsi zuenean. «Podcastak gogora ekarriko du garai hartan izan zen dilema: frankismoarekin hautsi ala hura erreformatu». Era berean, fusilatzeekin eta bestelako ekintza bortitzekin zer hautu egin ziren aztertuko du Telleriak hainbat ahotsen laguntzaz.

Memoria historikoarekin lotutako podcasta da Naiz irratiaren denboraldiko berrikuntza nabarmenetako bat. Baina izango dira gehiago. Hilabete honetan bertan, Naiz irratiak Mediabask hedabidearekin elkarlanean landu duen podcast bat estreinatuko du, eta Telleriak azaldu du «estatuek ezarritako mugez gaindiko harremanetan» sakonduko dutela saio horretan. Mugaren bi aldeetara egin diren harremanen adibide jakin batzuk izango ditu hizpide saio berriak.

Kirolak eta analisia

Beste arlo batzuetan ere nabarmenduko da Naiz irratiaren denboraldia. Kiroletan, kasurako, igande honetan eta hilaren 14an, Kontxako Banderaren emankizuna zuzenean egingo dute. Athleticek Txapeldunen Ligan jokatuko dituen partiden kontakizuna ere egingo dute. Baita Espainiako Ligako euskal derbi guztien kontakizuna ere.

Albistegi zerbitzuek azkeneko urteetako ordutegi bera izango dute: lehena 06:00etatik 10:00etara izango da; bigarrena, 13:00etatik 15:00etara; eta hirugarrena, 20:00etatik aurrera. Informazioaren Haria-ren goizeko saioan, analista berriak izango dituzte: Joseba Permach ekonomialaria, Malen Dominguez soziologoa eta Unai Fernandez de Betoño arkitektoa. Bi astean behin, zuzendarien mahaia osatuko dute Amagoia Mujika Tolaretxipik (BERRIA), Iñaki Sotok (Gara) eta Ainhoa Jauregik (Hamaika).

Bigarren Kafea magazinean, berrikuntzen artean kolaboratzaile berriak aipa daitezke: Lander Kornago gastronomiaz eta sukaldaritzaz mintzatuko da, Eukene Larrartek literatura eta gizarte gaiak landuko ditu, eta Aiora Mujikak pop fenomeno bereziak eramango ditu mikro aurrera. Kolonbiako, Mexikoko eta Argentinako gaiak eramango dituzte magazinera Jose Miguel Ramirezek, Iñigo Bilbaok eta Marcos Tedinek. Iker Iriarte bertsolari eta gai jartzailea ere saioan ariko da. Denboraldi honetan, halaber, Bigarren Kafea-k erreportaje sorta berezi bat estreinatuko du historiako greba garrantzitsuenen inguruan.

Musika ez da faltako Naiz irratian. Ahalegin berezia egingo dute Naiz Musika kanal berrian ere. Eta musika saio espezializatuak izango dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.