Netflixek bideo laburrak ere eskainiko ditu, Tiktokekin eta Youtuberekin lehiatzeko

AEBetako hainbat komunikazio enpresaren edukiak zabalduko dituzte, hala nola bizi estiloaz. Astelehenean eskuragarri izango dira zenbait tokitan, baina ez Euskal Herrian.

Netflixek Bogotan daukan egoitzaren fatxada. CHRISTIAN MONTERROSA / EFE
Netflixek Bogotan daukan egoitzaren fatxada. CHRISTIAN MONTERROSA / EFE
amaia igartua aristondo
2026ko uztailaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oparoa da Netflix streaming plataformaren katalogoa: telesail mordo bat, makina bat film, dokumental ugari. Eskaintza moldagarria da tokiaren arabera, eta 17.000 titulu baino gehiago ditu guztira. Bada, bilduma hori are gehiago aberastuko du laster, multinazionalak begiz jo baitu beste formatu bat: bideo laburrak. Izan ere, molde arrakastatsua da, azken urteetako audientziei eta kontsumo ohiturei erreparatuta. Gaur-gaurkoz, Tiktok eta Youtube plataformak dira formatu horri etekinik handiena ateratzen diotenak, eta haiekin lehiatzeko asmoa du Netflixek.

Netflixek akordio bat sinatu du berriki AEBetako hainbat komunikabiderekin, eta haien edukiekin elikatuko du bideo laburren katalogo hori: Buzz Feed, Conde Nast, Hearts Magazines, People Inc., Tastemade eta Penske Media. Besteak beste, The Hollywood Reporter, Billboard, Rolling Stone, Variety, Vanity Fair, Vogue eta People aldizkarien jabeak dira enpresa horiek.

Oro har, albisteak, bizi estiloa, pertsonaia ospetsuen gorabeherak eta eduki hezitzaileak jorratuko dituzte bideo labur horietan. Iraupen aldetik, bi eta hogei minutu artekoak izango dira. Herrialde gutxi batzuetan egongo dira eskuragarri aurrena: abuztuaren 3tik aurrera, AEBetako, Kanadako, Erresuma Batuko, Irlandako, Australiako eta Zeelanda Berriko harpidedunek kontsumitu ahalko dituzte. Netflixek ez du argitu noiz jarriko dituzten eskuragarri gainontzeko tokietan.

Harrapatuago Youtuben

Kontsumo ohiturak etengabe ari dira aldatzen, eta, norgehiagoka horretan, indartzen ari da formatu laburra. Telesailik motzenak ere hainbat ordutako arreta eskatzen du, eta saio gehienek dituzte ordu erdi baino gehiagoko kapituluak; batzuetan, ordubete baino gehiagokoak izaten dira atalak. Bi minutuko bideo bat errazago kontsumi daiteke, denborarik eduki gabe ere, are. Eta, gainera, eraginkorragoa da erabiltzailea harrapatzeko orduan. Paradoxikoa da: batzuek orduak eman ditzakete bideo laburrak kontsumitzen, ohiko telesail bat ikusteko behar den beste.

Datuak argiak dira, behintzat. Eta bereziki adierazgarriak dira Digitall ikerketa enpresak aurton argitaratu dituen emaitza batzuk: 2025ean, erabiltzaile bakoitzak 93 minutu egin zituen egunean Netflixen, baina 99 Youtuben. Ordura arte, Netflix gailendu izan da arretaren lehian. Horrez gain, Youtube nabarmen azkarrago hazten ari da 55 urte baino gehiagokoen artean, eta gazteak dira erabiltzailerik fidelenak; 18 eta 24 urte artekoak, zehazki.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA