Liburu aurrerapena

Nola iritsi da ETB gaur egungo egoerara?

Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariak Euskal Telebistaren iragana eta etorkizuna aztertu ditu 'Txoria hodei artean. ETB lehen eta gero' liburuan. Horretarako, 30 elkarrizketa baino gehiago egin ditu. Asteazkenean aurkeztuko dute liburua, Donostian.

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusia Primeran plataformaren aurkezpenean.
Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusia, Primeran plataformaren aurkezpenean, 2023ko irailaren 21ean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
urtzi urkizu
2024ko martxoaren 3a
05:00
Entzun

Nazioartean ikus-entzunezko gaietako aditu prestigiotsu eta esperientziadun euskaldun bat baldin bada, Garazi Goia da hori. Haurtzaroan eta nerabe garaian ETBren ikuslea izan zen. ETBk izan duen bilakaerari ere erreparatu dio, nahiz eta Londresen bizi. ETB 2024. urtera zer egoeratan iritsi den jakiteko, haren analisia entzutea ezinbesteko da; irakurtzea, kasu honetan.

Euskarazko telebistaren hastapenen inguruan gizartean den sentimendu orokorrarekin bat egiten du Goiak: «ETBk garrantzi izugarria izan du euskararen normalizazio prozesuan. ETB sortu zenean, ez zegoen horrelako tresnarik jendearengana iristeko. 1980ko hamarkadan, eragin handia izan zuen sozialki eta kulturalki. Gogoan dut ETB etxe handia iruditzen zitzaigula, ez zegoelako besterik». Gainera, ikus-entzunezko edukiak ikusteko aukera, orokorrean, murritzagoa zen.

'Txoria hodei artean. etb lehen eta gero'

  • Egilea. Urtzi Urkizu. 
  • Argitaletxea. BERRIA, Elkar eta Jakin fundazioa.
  • Orrialde kopurua. 188.
  • Hitzaurrea. Itziar Ituño.
  • BERRIA dendan salgai.

«Gero, beste leku batzuetan gertatu den bezala, aurrerakuntzak eta aukera gehiago sortu diren heinean, egoera aldatu egin da». 1990eko hamarkadan, ETBk eragin handia zuen oraindik gazteengana iristeko. Gogoan du hori Goiak, berak hala bizi izan zuelako. «Gaztea nintzenean, ETB1 erreferentziazko kate bat zen. Aldi berean, biztanleria helduagoarentzat albistegiak emateak garrantzia zuen. Euskal Herriko albisteak kontatzen zituen telebista bat zeukaten. Horrek eragin handia izan zuen, eta ikusle helduak ere kateatu zituen. Euskara oso sartuta zegoen eskualdeetan, are handiagoa zen ETB1en eragina. Erreferentziazko hedabide bat bilakatu zen herritar askorentzat».

Lehen bi hamarkadetan eragin handia izan zuen ETBk, Goiaren iritziz. «Gero, jarraitzeko ahalmena duenak egiten du aurrera. Aurrerakuntza, eboluzioa, teknologia eta aurrerapausoak abiadura berean emateko gai denak irabazten du».

2000ko hamarkadan beste hedabideak modernizatzen hasi zirenean —BBCk 2007an sortu zuen BBC iPlayer plataforma—, ETB atzean geldituz joan zela azaldu du Goiak. «Aurrerakuntza ez zen gertatu jendearen espektatibaren mailan. Eta hori lortzea gero eta zailagoa gertatzen da. Interneten booma iritsi zen, eta edukiak kontsumitzeko beste modu batzuk hasi ziren zabaltzen».

Faktore gehiago ere badira hedabide publiko horren zailtasunak ulertzeko. «ETBn, politika oso sartuta egon da beti. Politikak indar handia izan du ETBren egiteko moduan eta zuzendaritzan. Horrek ez dio lagundu hedabide neutral gisa azaltzeko, ezta euskara erdian duen hedabide gisa bere burua aurkezteko ere». Euskara erdigunean jartzeko indarra ahulduz joan zen zenbait urtez, adituaren arabera. «Politikak eragina izan du. Eta eragina izan du ikusleen espektatibei ez jarraitzeak ere».

Goiak, era berean, uste du euskarak lehen izan duen eta orain duen egoera hartu behar dela aintzat apustuak egiteko garaian. «Hizkuntza gutxitu bat dugun aldetik, horrek lan bikoitza eskatzen du. ETB1en eta ETB2n indar bera jartzen baldin bada, gizartean duen eragina ez da bera; gizartean hori barneratzeko esfortzu eta indar handiagoa eskatzen baitu euskarak». Ez baitago ohiturarik edukiak euskaraz ikusteko. «Jatorritik ez bada ahalegin hori egiten, eta ez bazaio ETB1 kateari proportzionalki indar handiagoa ematen, eragina murriztuz joaten da. Tamalez, telebistak ez zuen egin euskarak behar zuen adinako esfortzurik behar zuen eragina lortzeko».

Telebista kateen ikusle datuei so ibili dira urteetan EITBko zuzendaritzako kideak. «ETB2 jende gehiagok ikusten bazuen, negozioa hor zegoen, eta inbertsioa eta apustuak kate horretan egin ziren. Errealitatea hori da», dio Goiak. «Baina ez baduzu saiakera bikoitza edo hirukoitza egiten euskararekin, inoiz ez duzu ETB2ren emaitza lortuko. Kontzientzia ekintzetara ekarri behar da». Nork hartzen du horren erantzukizuna? «Kontua ez da gutxi batzuek modu horretan sentitzea. Euskararen aldeko apustu horrek izan behar du enpresaren indar mugiarazlea, eta ez dut uste ibilbide guztian horrela izan denik. Euskararekin atzerapauso bat egiten denean, are lan handiagoa behar da lehengo mailara iristeko. Euskara zen hasieran oinarrietako bat, baina beste helburu batzuk izan dira ETBn».

ETB3 2008. urtean sortu zuten. Ekimenak izan direla aitortu du Goiak. Galdera funtsezko bat hauxe dela uste du, ordea: «Zerk egiten gaitu gu desberdin? Gure hizkuntzak. Merkatuan gero eta aukera gehiago dauden heinean, aukera zabala da, baina euskarazkoak soilik batek egin ditzake». Eta adituak argi du ez dela lan nahikoa egin arlo horretan.

Galdera bota du Goiak: globalizazio testuinguru honetan, eskaintza zatikatzen ari delarik, ETBk nora iritsi behar du? «Besteak iristen ez diren tokira. Eta hor, euskara da tresna bakarra beste plataformak iritsiko ez diren lekuetara iristeko. Hizkuntzaren inguruan, gure kultura, ohiturak, sustraiak zabaldu eta gure komunitatea sortzeko erabili behar da ETB». Aitortu du hori esaten erraza dela, baina askoz zailagoa dela egiten. «Baina ez badago apustu kontziente bat, oso indartsua, barrutik datorrena eta lehentasuna dena, oso zaila da aipatutako helburuak lortzea».

Franck Dolosor kazetariak bilakaera bat ikusi du EITBko hainbat alorretan. 1997. urtean hasi zen bera ETBn lanean, eta, haren irudiko, 1990eko hamarkadan gehiago zaintzen zen lurraldetasuna gaur egun baino. «Hori bitxia da, zeren egun tresna merkeagoak ditugu komunikaziorako. Bazen, aldiz, gogo eta kontzientzia bat, EITBren hastapena oraindik hurbil baitzen, eta hastapenetan markatu ziren oinarritzat Euskal Herria, euskara eta lurraldetasuna». Gizartea asko aldatu dela ohartarazi du Senpereko kazetariak. «Nire galdera da: ez ote da hastapeneko helburuetatik urrundu? Hastapenetara itzuli behar dela esan ohi dut. EITBren ahulguneak zein diren badakigu, eta, hortaz, aztertu eta bizkortu beharko lirateke indarguneak: hurbiltasuna, tokiko gaiak, agenda propioa sortzea, lantzea eta elikatzea». Inertziez mintzo da, bidenabar. «Hastapeneko sua eta gogoa aldatu egin dira. Aitzinean izateko gogoa ez ote den galdu». Bilakaera batzuk onerako dira; besteak, ez hain onerako. «Proiektuen sorreretan, bada su bat, gogo bat, militantzia bat. Baina gero erakundetze bat gertatzen da, eta, 15-20 urteren buruan, lasaitze bat izaten da. ETBk ez du izan berez behar zuen bilakaera. Ez du izan hasierako su aitzindaria eta ausardia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.