Podcast Geltokia jaialdia egingo dute Donostian, bihartik larunbatera arte

Isabel Cadenas, Julio Rojas eta Oier Aranzabal izango dira hizlarien artean. Ostiralean, jendaurrean eta zuzenean egingo dituzte euskarazko 'Ispilu beltza', 'Benetan zabiz?' eta 'Sona' podcastak, Tabakaleran.

Podcast Geltokia jaialdiaren aurkeztu dute gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Podcast Geltokia jaialdiaren aurkeztu dute gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2026ko maiatzaren 27a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bost urtez Madrilen egin dute EstaciĂ³n Podcast audio munduaren inguruko topaketa. Aste honetan, aldiz, ekitaldi hori Donostian egingo dute aurreneko aldiz, Podcast Geltokia izenburupean, Euskal Herriko errealitatera egokituta. Bihar hasi eta larunbatera bitartean, podcasten bueltako askotariko ekitaldiak egingo dituzte Tabakalera kultur zentroan; sarrerak Tabakalera.eus webgunearen bidez edo Tabakalerako Informazio gunean eskura daitezke.

Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendariak nabarmendu du jaialdiaren oinarria podcastaren kultura eta sorkuntza direla. «Duela bi urte, EITBrekin elkarlanean, Audiogile Berriak egitasmoa abian jarri genuenean, gure helburua podcastaren inguruko komunitatea indartzea eta euskarazko soinu fikzioa sustatzea izan zen». Podcast Geltokia jaialdiarekin «aurrerapauso bat» eman nahi dutela iragarri du Ormazabalek. Ideiak partekatu eta gaiaz solastatzeko topaketa bat izango da Podcast Geltokia. Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa izango du lehen aldiak.

Egitarauari dagokionez, bihar, lehen egunean, Isabel Cadenas Cañonek masterclass bat emango du, De esto no se habla podcastaren sorkuntza prozesuaren inguruan. Ondotik, Ulu Mediak eta EITBren Guau plataformak Tres lĂ¡grimas soinu fikzioa aurkeztuko dute —Ainguratuak euskarazko fikzioaren gaztelaniazko bertsioa da—. Podcast hori Guaun sareratzen hasi dira jada.

Ostiralean, soinu industriako profesionalentzako jardunaldi bat egingo dute Tabakaleran, 11:00etatik 14:00etara. Arratsaldean, Ispilu beltza euskarazko podcastaren emanaldi berezia egingo dute lehenbizi, 17:00etan; gero, Tucan Air soinu fikzioa aurkeztuko dute —Ulu Mediak eta Kolonbiako La No FicciĂ³n ekoiztetxeak koproduzitu dute—; 19:00etan, Benetan zabiz? bidepodcastaren atal berezi bat aurkeztuko dute Malen Altunak eta Aitziber Gradosek, eta sare sozialen inguruan hizketan ariko dira Ana Goitia, Anepe Acedo eta Iker Iribarren gonbidatuekin batera; eta 20:00etan, Sona musika bideopodcastaren atal berezia egingo du Jokin Bereziartuak, Nogen musika taldearen parte hartzearekin.

Amaitzeko, Julio Rojas

Larunbatean, azken egunean, Lula otsoa haurrentzako podcastaren aurkezpen berezi bat egingo dute Tabakalerako parkean, 11:00etan. Ordu berean, Audientzia berriak: audio eskaintzak haur eta gazteentzat mahai ingurua egingo dute Tabakalerako 1. aretoan. Eguerdian, EITBren Ganbara Negra podcasta zuzenean egingo dute, gaztelaniaz. Eta jaialdiaren lehen aldia amaitzeko, Txileko Julio Rojas sortzaileak hitzaldi bat emango du, 13:00etan, soinu fikzioari aplikatutako adimen artifizialaren eta sorkuntzaren gainean.

Rojas bera Donostian da jada, eta gaurko aurkezpenean parte hartu du. Caso 63 audio fikzioaren sortzailea da, eta munduko hainbat herrialdetara eta hizkuntzatara egokitu dute. Simulacro fikzioarekin ere jaso ditu sariak. Pozik azaldu da Podcast Geltokia ekitaldian parte hartzeko gonbita jaso duelako. «Zerbaiten lehen aldiaren parte izatea zoragarria da. Hogeigarrena iristen denean, esan ahalko dut aurrenekoan izan nintzela». Podcasten bueltako metafora bat erabili du, halaber, gidoilari txiletarrak: «Gizakiak oso momentu bereziak ari gara bizitzen. Pantailek kontatzen dituztenen artean, sarri ezin dira bereizi zer diren egiazkoak eta zein gezurrak. Halako mundu batean, sutzar originalera itzultzea, norbaitek istorio bat kontatzea, tribu estrategia zoragarria da. Su edo sutzar honen parte izatea ederra da, hain aitzinakoa den audioaren bidez».

Jaialdiaren aurkezpenean parte hartu dute, halaber, Carlos Galan EstaciĂ³n Podcast egitasmoko zuzendari eta Subterfuge konpainiaren sortzaileak, Maite Goñi EITBko Irrati eta Audio zuzendariak eta Oier Aranzabal Ulu Media ekoiztetxeko zuzendariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA