Uda gero eta hurbilago dugu eta, urtero bezala, laster etorriko dira haurren eskola oporrak. Nik, urtaro beroenean, aisia aire zabaleko jarduerekin lotzen dut txikitatik; mendiarekin, itsasoarekin, zuhaitz eta landareekin, animaliekin... naturarekin, oro har. Eta irakurraldi patxadatsuekin, noski. Horregatik, aurtengo euskarazko liburu eskaintza zabalean murgildu naiz eta gaurkoan proposamen berezia dakarkizuet: haurrentzako dibulgazio liburu aipagarrienak.
Natura gaiei buruzko sei altxor aukeratu ditut, den-denak gama altuko edizioak, formatu handiko eta azal gogorreko liburuak, hitz zainduz eta kolore biziko irudi ugariz osatuak. Entretenituak, freskoak, koloretsuak eta irakurterrazak, udak agintzen duen moduan, baina beren helburu didaktiko, pedagogiko eta hezigarriei ederki eusten dietenak aldi berean. Aurrera, ba!
Haritza Euskal Herrian balio sinboliko handia duen zuhaitza baino askoz gehiago da. Eta Zoe Armstrongen Haritz handia ipuina (Ttarttalo) aukera bikaina da haurrek uler dezaten haritz bat nola elikatzen den, urtaroz urtaro itxura nola aldatzen duen, zein animaliaren aterpe den eta zergatik den hain garrantzitsua basoko habitaterako. Irakurle txikiek oso gogoko izango dituzte adierazkortasun handiko animalien irudiak. Gainera, haritz mota ezberdinen hostoak ikasi ahalko dituzte.
Natura gaiei buruzko sei altxor aukeratu ditut, den-denak gama altuko edizioak, formatu handiko eta azal gogorreko liburuak, hitz zainduz eta kolore biziko irudi ugariz osatuak
Guztiok maite ditugu animaliak, ezta? Intsektuak ez hainbeste, ordea. Horregatik, Ben Hoareren Erleen sekretuak (Ttarttalo) ezinbesteko lana da haurrak izaki itsusi eta maiz gogaikarri horiek ikuspegi zientifiko batetik ezagutu eta planetan natura oreka bermatzeko zein funtsezkoak diren jabetu daitezen. Liburuko atal bakoitzak galdera bati erantzuten dio: zer erle mota dauden, landareei nola laguntzen dieten, nola egiten duten eztia edo zergatik behar ditugun. Orrietan testuak han-hemenka sakabanatuta daude, irakurketa ludikoagoa izan dadin, eta irudi ugariek hitzek adina irakasten dute.
Antzeko konposizioa du Basabizitza orekan (Ttarttalo) lanak ere, nahiz eta liburu mardulagoa den. Seme-alabengan natura zaintzearen eta animaliak errespetatzearen kontzientzia piztu nahi duzuen gurasook, egon adi! Lan honetan, Sharon Wismer biologoak bidaia liluragarri bat proposatzen digu Lurreko ekosistema eder eta aniztasun handienekoetan barrena, eta ekosistema horiek eratzen dituzten espezie giltzarrietako asko (untxia, kastorea, kolibria, krilla, elefantea, itsas izarra...) aurkezten dizkigu.
Liburua ireki eta tamaina bikoiztu
Nuria Solsonaren Animalien koreografiak (Tarttalo) gurean oso urriak diren kutixi horietako bat dugu. Liburu luzexka da; altua eta estua. Baina egon lasai, ireki orduko tamaina bikoizten du-eta. Barrualdean ezker-eskuinera zabaltzen diren sei orrialde lodi ditu, animalia taldeen marrazki ikusgarriak eta haien mugimendu bereizgarriaren gaineko azalpen testu solteak agerian uzten dituztenak. Argitalpen berezi honek airean, lehorrean eta itsasoan ehunka kideko multzoak osatu eta, koreografia bati jarraituko baliote bezala, batera mugitzen diren animalien dantza liluragarrietan jartzen du arreta: antzaren V formazioa, sardinen kiribil sinkronizatua, inurri ilarak, pinguinoen dominoa... Haurren gozamenerako lan zientifiko-artistiko bakana, dudarik gabe.
Zabaldu familian 'Flysch pop-up albuma' (Denonartean) eta miretsi Deba, Mutriku eta Zumaiako flysch ospetsuak. Bazenekiten formazio bitxi horrek euskal kostaldearen historia gorde duela?
Beroarekin, itsasoko ur freskoetan murgiltzea baino hoberik ez dago. Ana Delgadoren Munduko ozeano eta itsasoen atlasa-k Lurreko ozeanoen aberastasuna islatzen du orrialde bikoitzeko hogei mapatan, zein baino zein ikusgarriagoa. Haietan guztietan itsasoak, badiak, kontinenteak, herrialdeak edota penintsulak izendatuta daude, jakina. Baina, horiez gain, tokian tokiko itsas fauna eta urpeko landarediaren irudiak eta izenak, itsasoari estu lotutako herriak eta haien lan-tresna nagusiak, edota leku bakoitzeko itsasontzi tradizionalak ere ageri dira. Mapen arteko orrialdeetan, haurrek animaliei eta bestelakoei buruzko informazio-pilulak jaso ahalko dituzte, klimaren gaineko xehetasunak ezagutu, edo historiako nabigazio-espedizio gogoangarrien berri izan.
Amaitzeko, zabaldu familian Flysch pop-up albuma (Denonartean) eta miretsi Deba, Mutriku eta Zumaiako flysch ospetsuak. Bazenekiten formazio bitxi horrek euskal kostaldearen historia gorde duela? Arroka geruzen sekretuei tiraka, haurrentzat egokitutako testuetan, Irene Iruretak gure historian zeharreko ibilbide azkarra egiten du, duela 110 milioi urtetik gaur egunera bitartekoa. Hiru dimentsioko irudi altxagarriei esker, etxeko txikiak aho zabalik geratuko dira Ekaingo kobazuloa, itsaslabarreko paisaia ederrak eta gure uretako biodibertsitate harrigarria ikustean. Plazer baduzue... oporretan ere, gozatu liburuez!