Localia Gipuzkoan aritu zen duela urte batzuk Oihane Mateos (Cumana, Venezuela, 1981). ETBn, berriz, hainbat saiotan egin zuen lan albistegietara iritsi aurretik: Horrelakoa da bizitza, Ordu txikitan, Vuelta de tuerca, Pásalo... Oso gustura dago orain, lan berriarekin.
Nola iritsi zara Harian saiora?
Proposamena egin zidaten, eta, saioak grabazio ordu asko eskatzen dituenez, oraingoz albistegiak albo batera utzi ditut. Urte bukaera arte egongo gara Harian saioan.
Iban Bengoetxea zenean berriemaile, ikusten al zenuen Harian?
Tarteka, bai. Dena den, oso telebista gutxi ikusten dut.
Aurreko denboraldian, Athletic eta Mirandes dela, ez al zituen futbolak atal gehiegi bete?
Ez, gaurkotasunak du pisua saioan. Eta une horretan pisuzko albistea Athleticen bi finalak izan ziren. Reala iritsi izan balitz, gauza bera egingo lukete. Gaurkotasunaren arabera erabakitzen dira programako gaiak.
Egin dituzun saioen artean, Behobia-Donostia probakoa egun berean grabatu eta emititu zen. Nola joan zen?
Egun horietan ordu asko sartu behar izaten dira, eta gogorra da. Dena den, erreportajea aurreko grabazio batzuekin planteatu behar da. Egunekoa beste gauza batzuekin osatu behar da, eta hori ez da oso erraza izaten. Lasterketak askorako ematen du, eta moldatu ginen.
Nola sentitu zara aste hauetan erreportajeak gidatzen?
Oso ondo; asko gustatu zait lana. Albistegietan ere asko gozatzen dut zuzenekoekin. Baina hau zuzenekoa izan gabe, intentsitate handiarekin egiten dugu. Hara eta hona gabiltza, gelditu gabe. Okerrena da zerbait esan eta gero buruari bueltaka hasten naizela. Muntatze lanean ere asko ari naiz ikasten, editorearekin elkarlanean. Editorea bera grabazio batzuetara etortzen da, eta proposamenak egiten ditu.
Datozen asteei begira, zer gai landuko dituzue?
Igande honetan, Bizkaiko sukaldaritzaz ariko gara. Ondotik etorriko dira lau t'erdiko finala, Santa Luzia azoka eta San Tomas.
Gabonen ostean saioak jarraituko duen itxaropenik baduzue?
Orain aldaketa garaiak datoz EITBra, eta ez dut arrastorik zer gerta daitekeen saioarekin.
Mota honetako erreportajeak ETB1en beharrezkoak direla iruditzen zaizu?
Bai. Formatu luzeago batek aukera ematen du gaiak sakonago lantzeko. Euskaraz ETB1en ez dago halakorik. Mota guztietako erreportajeak eta gaiak landuko nituzke. Ordu erdian zerbaitetan sakondu daiteke.
ETBko albistegietan aritu izan zara. Azkenaldian, ETB2ko albistegien ikusle datuek gora egin dute. Zergatik izan daiteke?
Ezingo nuke esan zergatik. Kateak oro har egin du gora. Batzuetan, lana oso ondo egiten duzu eta datuak ez dira hain onak.
ETB1eko gaueko albistegiaren ordutegia, berriz, aldakorra da oso.
Bai, gertatzen da kirolak jende asko mugitzen duela. Kontu handiz tratatu behar da ETB1, telebistaren arima hori zelako, eta hala izan beharko luke.
Zer egingo zenuke telebistan orain arte egin ez duzuna?
Ez dit beldurrik ematen inolako proiektuk. Profesionalki duina izanez gero, edozein proiektu onartuko nuke.
Komunikazioa. Oihane Mateos. ETB1eko 'Harian' saioko berriemailea
«Ordu erdiko programa batean, gai baten inguruan sakondu dezakezu»
Otsailean estreinatu zuen ETB1ek 'Harian' saioa. Iban Bengoetxea izan zen aurreneko denboraldiko berriemailea. Udazken honetan, berriz, Mateosek gidatzen ditu erreportajeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu