Urte asko dira Elhuyarrek Euskal Telebistarentzat Teknopolis zientzia saioa egiten duela. Programazioko saio beteranoenen artean dela argia da, dagoeneko 29. denboraldira iritsi baita. ETB1en larunbatean ekingo diote denboraldi berriari, 13:30ean. ETB2 katean, berriz, igandeetan emango dute gaztelaniazko bertsioa, 12:15ean.
Elhuyarreko ordezkariek iragarri dutenez, denboraldi honetan ere «toki eta gai interesgarrietan barrena» eramango dituzte ikus-entzuleak Teknopolis-en. «Gizartean jakin-mina pizten duten gaiei begiratzeko asmoz dator saioa, Euskal Herriko arlo guztietako adituen laguntzarekin». Denboraldi honetan, 29.ean, garrantzi berezia hartuko dute osasunaren inguruko gaiek. «Medikuntzaren eta ikerkuntzaren ekarpen zientifikoaz gain, gaixotasunak zuzen-zuzenean bizi dituzten pazienteen lekukotzak ere jasoko ditugu programan». Besteak beste, transplanteak egiteko teknika berritzaileak, minbiziaren aurkako punta-puntako tratamenduak, elikaduraren joerak eta gisa horretako gaiak landuko dituzte datozen asteetan.
Teknologiak ere izango du bere lekua programan; izan ere, denboraldi berriko lehen saioan, larunbatean, belaunaldi berriko robotikaz eta Euskal Herriko industria aeronautikoaz ariko dira. Halaber, klima aldaketaren ondorioei ere erreparatuko diete; besteak beste, erakutsiko dute nola astinduko duen euskal kostaldea itsas mailaren igoerak. Adituen laguntzarekin, Euskal Herriko hirien metabolismoa aztertuko dute saioan.
Denboraldi honetan ere Iñaki Leturia Iurrita izango da aurkezlea. Saioko zuzendari lanetan, berriz, Alaitz Otxoa de Eribe Agirre ariko da.
Lankidetza EITB, Elhuyar eta beste eragile batzuen artean
Elhuyarrek ekoizten du Teknopolis zientzia, teknologia eta berrikuntza saioa. Hasiera-hasieratik, «komunitatea osatzea» izan du xede nagusi Elhuyarrek, eta horixe bera du helburu Teknopolis saioaren bidez ere. «Euskal Herrian egiten den zientziaren erakusleihoa izateaz gain, herritarrengan pentsamendu kritikoa sustatzeko egiten du lan. Eta komunitate oso baten laguntza du horretarako: babesleak, ikertzaileak, dibulgatzaileak, eta zientzia gaietan interesa duten herritarrak», adierazi dute Elhuyarreko ordezkariek.
Elhuyarren eta EITB Mediaren arteko lankidetza luzea ere nabarmendu dute, bai eta babesle eta lankide dituzten erakundeen laguntza azpimarratu ere: Eusko Jaurlaritza, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Tknika Lanbide Heziketari aplikatutako ikerketa eta berrikuntzako zentroa eta BRTA Euskadiko Ikerketa eta Teknologia Aliantza.
Donostian aurkeztu dute 29. denboraldia gaur, EHUren Gipuzkoako campuseko liburutegi nagusian. Han izan dira Amaia Eskisabel Alegria Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikarako zuzendaria, Agustin Ezenarro Zumeta ETBko Programa arloko burua, Edurne Gaston Estanga Elhuyarreko Zientzia Unitateko koordinatzailea eta saioa babesten duten erakundeetako ordezkariak, Elhuyarrekoekin batera.