'Piztiak' telesaila estreinatuko dute ostegunean Primeran plataforman

Thriller fantastikoa eta landa eremuko drama uztartu dituzte Amancay Gaztañagak eta Xanti Rodriguezek sei ataletan. Aurreneko hirurak aste honetan sareratuko dituzte, eta azken hirurak hurrengo ostegunean.

'Piztiak' telesailaren irudi bat. OSPEL FILMS
'Piztiak' telesailaren irudi bat. OSPEL FILMS
urtzi urkizu
Donostia
2026ko apirilaren 21a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Telesail berrikoia, berria eta herrikoia». Erdi txantxetan erdi benetan asmatu dute definizioa Iraia Elias aktoreak eta Xanti Rodriguezek. Piztiak sei ataletako telesaila aurkeztu dute gaur Donostian Rodriguez eta Amancay Gaztañaga zuzendariek, aktore taldearekin batera, eta EITBko eta Primeran plataformako ordezkarien babesarekin. Doako plataforma horrek etzi estreinatuko ditu telesailaren lehen hiru atalak —25 minutu ingurukoak dira—, eta datorren astean hurrengo hirurak. Formatu txikiak, talentu berriak deialdiaren barne ekoitzitakoen artean estreinatuko duten aurreneko telesaila da Piztiak.

Baserri bateko sekretu ilun bat du oinarri istorioak. Suspensea eta naturaz gaindiko osagaiak ditu, baita errealismo magikoa eta umore beltza ere. Askotariko pertsonaiak iritsiko dira baserri horretara, eta Karmen jabeak, hau da, protagonistak harilkatuko ditu istorioak neurri batean. Iraia Eliasek jokatzen du rol hori. Ertzain bat ere bada istorioan, garrantzia du gainera, eta rol hori Iñigo Aranbarrik jokatzen du. Aktore taldean dira, halaber, Miren Gaztañaga, Olatz Ganboa, Yune Nogueiras, Erika Olaizola, Xabier Lopez Jabato, Urko Redondo, Zorion Egileor eta Sambou Diaby, besteak beste.

«Teilatu hegalpean hilobiratzen zituzten». Esaldi hori dago istorioaren muinean, Amancay Gaztañaga telesailaren sortzaileak azaldu duenez. «Nire amona baserritarra izan da, eta hortik tiraka sortu dut gidoia, non emakume ezberdinek, besteen begietan ezohikoak direnek, hartzen duten hitza». Telesaileko emakumeek argitu beharko dute zer den baserri horretan ezkutuan geratu den informazioa. Gaztañagak azaldu du «harro» daudela emaitzarekin. «Bidaia hau oso ederra izan da». 

Piztiak telesailaren aurkezpena Donostian
'Piztiak' telesaila aurkeztu dute gaur goizean, Donostian. EITB

Rodriguezek gogoratu du iazko urtarrilean hasi zela Gaztañagarekin elkartzen, eta justu orduan plazaratu zela Formatu txikiak, talentu berriak deialdia. «Zerbait martxan jartzeko aukera ikusi genuen, erronkari aurre egiteko moduan ote ginen ikustekoa. Bidean asko ikasi dugu, eta sekulako lantaldea izan dugu», gaineratu du Rodriguezek. Hura  arduratu da efektu bereziez ere; VFX teknika berriak erabili dituzte.

Iraia Elias aktore protagonistak eskarmentu handia du antzerkigintzan eta zineman. Eta pozik mintzatu da telesail berrikoiaz. «Proposamen hau jaso nuenean, poz handia hartu nuen: batetik, nik parte hartzea nahi zutelako, eta, bestetik, beste jende batek beste modu bateko euskarazko telesail bat aurrera ateratzeko erronka zegoelako tartean. Generoan sartzen gara, eta beste kode batzuk mugitzen ditu horrek». Eliasek gaineratu du jolasak pisu handia izan duela telesailean. «Lantalde txiki bat ginen, eta oso modu humanoan egin genuen lan. Horri gehitu behar zaio Euskal Herriko istorio bat kontatzen dela, gure arbasoengandik datorren istorio bat, orain arte ezagutu ez dena. Ez dakit jendeak nola hartuko duen, baina guk jarri diogun maitasunaren heren bat iristen bada, eta uste dut iritsiko dela, bada, gu oso pozik».

Generoko oso telesail gutxi egin izan dira euskaraz. Eta, Gaztañagaren arabera, badago lanketa bat egiteko generoaren inguruan, euskaraz eta Euskal Herrian egiten diren ekoizpenen inguruan. «Bestalde, proiektu honetan emaitza garrantzitsua da, bai. Baina egiteko modua ere bai. Zaintza oso garrantzitsua izan da lan prozesuan, segurtasuna ere bai. Modu kolektiboan lan egiten ahalegindu gara, modu horizontalean». Rodriguezek, bide beretik, azaldu du lantaldean une oro aritu direla «errespetuz».

Iraia Elias eta Inigo Aranbarri 'Piztiak' telesailean. OSPEL FILMS
Iraia Elias eta Inigo Aranbarri 'Piztiak' telesailean. OSPEL FILMS

Gorka Garcia EITBko Arte eta Entretenimendu zuzendariak esan du Piztiak telesailak «ekoizpen autorala» duela. «Uste dut orain arte ez dugula ikusi genero hau landu duen atalkako fikzio lanik euskaraz. Eta, bide batez, telesailean bestelako begirada bat dago, talde sendo eta askotariko baten lanari esker gauzatu dena». Garciak ziurtzat jo du Piztiak-ek bere lekua hartuko duela euskal fikzioaren panoraman.

Primeran plataformako arduradun Iraide Mugak aipatu du doako zerbitzu digital horrek dagoeneko 220.000 harpidedun dituela. «Hilero 6.000-8.000 lagun batzen zaizkigu. Eta argi dago euskarazko atalkako fikzio lanak direla igoera horren palanka nagusia». Formatu txikiak, talentu berriak deialdiari esker, datozen hilabeteetan beste sei telesail iritsiko dira Primeran-era.

Yune Nogueiras Piztiak telesailean
Yune Nogueiras aktorea, 'Piztiak' telesailean. OSPEL FILMS

Telesailaren soinu banda Eñaut Gaztañagak eta Alejandro Orbegozok sortu dute. Hainbat musikarik ere parte hartu dute alor horretan: Sara Zozaiak, Micek, Txatarrek eta Rodeok, besteak beste.

Lantalde teknikoan parte hartu dute, halaber, Xanti Salvador, Andrea Sanz, Nagore Ezeiza, Nerea Torrijos, Miriam Becerra, Lander Castro —muntaketa hark egin du—, Alain Martinez eta Iñaki Gereñu profesionalek.

Ospel Films ekoiztetxeak eraman du aurrera ekoizpena, Yara Bergara produkzio buru zela.

Arima arimaren truk. Baserri bateko teilen azpian sekretu ilunak badira, misterio harrigarriak. Suspensea eta naturaz gaindiko gertakariak elkarri lotuta doaz Piztiak telesailean. Gaur arratsaldean Tabakalerako zinema aretoan emango dituzte lehen hiru atalak. Gutxi falta da pantaila txikiagoren batean ikusteko.

'Piztiak' telesailaren trailerra.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA