Urte honen hasieran, EITB taldeak Formatu txikiak, talentu berriak izeneko deialdia jarri zuen martxan, iraupen laburreko euskarazko fikziozko telesailen ekoizpena bultzatzeko. Euskarri eta plataforma digitaletan ikusteko izango dira lan berri horiek. «Hurbileko eduki berriak sortzeko eta euskal talentua eta sormena sustatzeko» antolatu zuen deialdi hura EITBk. Hamalau proiektu aurkeztu ziren, eta horietatik sei onartu zituzten. Ekoizpen fasean daude seiak. Eta lehen biak 2026ko lehen seihilekoan estreinatuko dituzte Primeran doako plataforman.
Jada grabatuta daude Piztiak eta Tamara ta Mara telesailak, eta horiek izango dira EITBren doako plataforman estreinatuko dituzten aurreneko biak. Amancay Gaztañaga eta Xanti Rodriguez dira Piztiak fikzioaren zuzendariak —Seriesland jaialdian eta Durangoko Azokan lanaren inguruko lehen zertzeladak eman dituzte—. Fantasiazko thrillerra eta landa giroko drama nahasten ditu, eta Iraia Elias da aktore protagonista.
Egunotan amaitu dituzte, halaber, Tamara ta Mara telesailaren filmaketak. Istorio berezia kontatzen du: Tamara eta Mara bi aktore gazte dira, eta casting areto batean daude. Biak daude krisi pertsonal sakon batean murgilduta, eta lor dezaketen lan berria aldaketarako aukera bat izan daiteke haientzat. Baina duela bi urte aktoreen artean gertatutako zerbaitek dena hankaz gora jarriko du. Ane Rotaetxe da telesailaren zuzendaria, eta gidoiak idazten Rotaetxe bera aritu da Larraitz Zuazorekin batera. Gidoiak idazten parte hartu du Antton Telleria umorista eta Mihiluze-ko aurkezleak ere. Begira Produkzioak ekoiztetxearen lan bat da Tamara ta Mara. Aktore protagonistak Ainhoa Etxebarria, Ainhoa Artetxe, Maria Urzelai, Miren Gaztañaga eta Koldo Olabarri dira.
Telesail horretan, bestalde, cameo bereziak egin dituzte Mikel Losadak, Lander Otaolak, Lara Izagirrek, Katixa Agirrek eta Jonkassek. EITB taldeko honako kazetari eta aurkezle hauek ere agerraldi laburrak egingo dituzte: Andoni Calvok, Dani Alvarezek, Felix Linaresek, Sara Gandarak, Xabier Madariagak, Ana Goitiak, Malen Altunak eta Aitziber Gradosek, besteak beste.
Lau atal izango ditu Tamara ta Mara-k, bakoitza hogei minutu ingurukoa.
Jone Arriolaren 'Lehen aldiz'
Beste lau fikziozko ekoizpen ere egingo dituzte datozen hilabeteetan. «Hamalau proiektu aurkeztu ziren, eta sei onartu dira. Denak daude ekoizpen fasean», azaldu du Vanesa Fernandez EITBko Kultura eta Euskara zuzendariak. «EITBrentzat estrategikoa da euskarazko fikziozko telesailen alde egiten jarraitzea, eta etorkizuneko erronkei aurre egitea euskal ekoizpen independentearen bidez». Horregatik, EITBko ordezkariak nabarmendu du Formatu txikiak, talentu berriak deialdia «aukera bikaina» dela proiektu berriak identifikatzeko. «Eta zerbitzu publikoa garen aldetik, ahots, istorio eta ikuspegi berriei aukera emateko».

Piztiak eta Tamara ta Mara telesailez gain, lan gehiago ere badira bidean: Alba Lozanok eta Nitya Lopezek AIRBNBarik zuzenduko dute (Platanoboligrafo eta La Cornea Digital ekoiztetxeak), Xabier Ojinagak eta Ander Mateosek Estu egingo dute (Arriguri), eta Iñigo Sbeltzak Izaki pixkat gardenak zuzenduko du Mauka Produkzioak ekoiztetxearekin. Jone Arriola zinemagileak —Euskadi Irratian kolaboratzailea da, eta ikus-entzunezkoez aritu ohi da—, berriz, Lehen aldiz telesaila zuzenduko du Orio Produkzioak ekoiztetxearekin. Primeran plataforman ikus daitezke Arriolak zuzendutako Dena asmatuta dago eta Hor konpon film laburrak. Lehen aldiz izango da bere aurreneko telesaila.
Fernandezek nabarmendu du balio handikoa dela telesailak egiteko deialdiak ekar dezakeena: «Enpresa ekoizle txiki eta ertainek esperientzia hartu ahal izango dute, etorkizunean maila handiagoko ekoizpenetan murgiltzeko». Fikziozko proiektu horietan bost emakumezko zuzendari daude, eta hori ere nabarmendu nahi izan du EITBko ordezkariak: «Telesail gehienak emakumeek zuzentzea albiste bikaina da gure ikus-entzunezko sektorerako. Bikaina da belaunaldi berriek gure lurraldeko emakume profesionalen erreferentziak izatea. Gainera, euskaraz».
Deialditik aparteko beste bi telesail estreinatuko ditu Primeran plataformak 2026an: Argi gorriak eta Odol ilargia.