Primeran-ek 'Argi gorriak' telesaila estreinatuko du martxoaren 20an

Itziar Ituño aktorea, 'Argi gorriak' telesailean. EITB
Itziar Ituño aktorea, 'Argi gorriak' telesailean. EITB
urtzi urkizu
2026ko martxoaren 3a
11:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Datozen hilabeteetan euskarazko zenbait telesail berri ikusteko aukera izango da. Kasurako, EITBren Primeran streaming plataformak Argi gorriak telesaila estreinatuko du martxoaren 20an. Itziar Ituño da aktore protagonista. Sortzaileak, berriz, Alex Merino, Alejandra Arrospide eta Alberto Gastesi dira. Gastesi bera da zuzendaria. Ekoizpenak nazioarteko estreinaldia izan zuen, udazkenean, Bartzelonako Serielizados jaialdian.

Vidania Filmsek ekoitzi du telesaila, EITBren partaidetzarekin eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Umorea, intriga eta familia-drama uztartzen ditu, gaur egungo «ikuspegi fresko batekin». Ituñok Elena Mugikaren pertsonaia jokatzen du: bikoiztailea da eta atzean utzi ditu bere urterik sutsuenak. Errutinan murgilduta bizi da. Bere senar ohia ustekabean itzuliko da, iktusa izan ostean, heriotza arriskuak mehatxatuta. Aktore lantaldean daude, besteak beste, Nerea Sanz, Arnatz Puertas, Iñigo Gastesi, Yangxi Chen eta Iñigo Rodriguez.

Telesaila euskaraz da, eta 30 minutuko zortzi atalez osatuta dago. Hainbat gai jorratzen ditu; hala nola, aukeratutako familia, identitatea, kultur talka, lan prekaritatea eta LGTBIQ+ ikusgarritasuna, «kutsu lotsagabe, arin eta guztiz emozionalarekin».

Gastesi zinemagilearen lehen telesaila da. Harenak dira Gelditasuna ekaitzean eta Singular fikziozko film luzeak.

Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.