'Tribuaren berbak' igandean amaituko da, 'Euskararen Errioxa eta Burgos' atalarekin

Kike Amonarriz aurkezlearen arabera, denboraldia «oso aberatsa eta polita» izan da. Orio ekoiztetxearen asmoa da aurrerago programarekin jarraitzea.

'Tribuaren berbak' saioaren denboraldiko azken atala. ORIO PRODUKZIOAK
'Tribuaren berbak' saioaren denboraldiko azken atala. ORIO PRODUKZIOAK
urtzi urkizu
2026ko azaroaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kike Amonarriz Gorria eta Izaro Arruti Agirreurreta aurkezleek Euskal Herritik kanpo hasi zuten ETBko Tribuaren berbak saioaren denboraldia, Madrilen. Zortzigarren eta azkeneko atalean ere Euskal Herritik kanpo ibiliko dira, baina gertuago: Errioxan eta Burgosen. Euskarak han izan duen presentzia aztertzen ariko dira, baita hango euskaldunekin hizketan ere.

Amonarrizek iragarri duenez, euskararen presentzia toponimiko eta historikoaren inguruan azkeneko urteetan egindako aurkikuntzak eta hipotesiak jaso dituzte: «Badaude berrikuntza batzuk. Argi ikusten da aspaldi inguru horietan guztietan hitz egin zela euskara, eta hango historiaren parte dela».

Euskarazko lehen esaldietako batzuk Donemiliaga Kukulako monasterioan aurkitu ziren, Errioxan, eta, oinarri hori hartuta, Burgosko Berberana herrian egingo dute lehen geldialdia, Roberto Gonzalez de Viñaspre ikerlari eta euskaltzainarekin. Eskualde horretako hainbat eremutan euskarak izan duen presentziaz ariko da ikerlaria. Izan ere, Burgosko eta Errioxako eskualde batzuetan XV. mendera arte hitz egin zen euskaraz.

Miranda Ebro herria Burgoskoa da, eta Arabako mugatik oso gertu dago. Mendeetan eta mendeetan euskararekin izan duen harreman estuaz mintzatuko dira. Gaur egun ere, euskara klaseak ematen dituzte hango Hizkuntza Eskola Ofizialean. Amonarrizek aipatu duenez, Errioxan eta Miranda Ebron badaude euskararen zale diren herritar batzuk. «Interesgarria da, Euskal Herriko mugetatik kanpo ere bai baita euskaltzalerik», adierazi du. 

Errioxan, Iruñeko Erresumako zenbait errege-erregina hilobiraturik dauden Andre Maria Erreginaren monasterioa bisitatuko dute, Naiaran, eta bi aurkezleak euskararen aztarnen bila ibiliko dira Errioxan ere. Horretarako, Eduardo Aznar antropologo eta historialariarekin hitz egingo dute. Hark liburu batean adierazi du Errioxan euskara antzinatik hitz egin zela, eta ez zela Erdi Aroko birpopulatze baten ondorioz hara iritsi.

Logroño hirian, bestalde, euskara ikasten ari diren bi lagunekin elkartuko dira: Alex Bañaresekin eta Mercedes Ranerarekin. Samaniegora ere joango dira, Errioxako Balkoira, eta bertan Aitor Arana idazle eta hiztegigilea elkarrizketatuko dute. Aranak Errioxako, Burgosko eta Oskako euskararen inguruko hiztegiak osatu ditu, toponimia eta gaur egunera arte iritsi den dokumentazioa aztertuta.

Atalari eta denboraldiari Berceo herrian (Errioxa, Espainia) emango diote amaiera Amonarrizek eta Arrutik. Han, Gonzalo de Berceo idazle errioxarra gogoratuko dute.

Kezkak eta ilusioak jaso dituzte saioan

Zortzi astez, igandero eman ditu ETB1ek Tribuaren berbak saioaren atalak. «Oso aberatsa eta polita» izan da denboraldia, Amonarrizen iritziz. Lantaldeak egindako lana nabarmendu du. «Altxor bat dugu: taldea. Izaro Arrutirekin lan egitea zein erraza eta atsegina den ere nabarmenduko nuke. Horrez gain, grafismoan eta irudietan ere lan handia egiten da». Luis Oiartzabal da saioaren zuzendaria —Herri txiki, infernu handi-ren zuzendaria—, Amonarrizekin batera. 

«Jendea aktibatzea eta ilusioa piztea da gure asmoa. Egoera konplexu honetan, herritarrei indarra eta gogoa transmititzea»

KIKE AMONARRIZ 'Tribuaren berbak' saioko zuzendari eta aurkezleetako bat

Euskararen bueltako kezkak eta ilusioak gertutik ikusteko aukera eman ohi du Tribuaren berbak saioak. Amonarrizek badaki zerbait horien inguruan. «Saiatzen gara errealitatea den bezala adierazten. Badira datu pozgarriak, eta badira datu oso kezkagarriak», azaldu du. Euskalgintzan adostasun bat badela gaineratu du soziolinguistak: «Bide handia egin dugula, erronka handiak datozela, eta orain arte egindakoarekin bakarrik ez dela nahikoa». Amonarrizek gaineratu du saiatzen direla saioan jarrera «baikorra eta motibagarria» izaten. «Jendea aktibatzea eta ilusioa piztea da gure asmoa. Egoera konplexu honetan, herritarrei indarra eta gogoa transmititzea».

Aurreko denboraldiak abenduaren 3tik martxoaren 25era iraun zuen. Azken atalean, esaldi hau esan zuten Arrutik eta Amonarrizek: «Itxaropena boterea da». Bide beretik jarraitu nahiko lukete. Azkeneko ataletan izan dituzten ikusle datuekin oso pozik daude, bai telebista konbentzionaleko emankizunetakoekin, bai Interneteko sare sozialetakoekin. Hain zuzen ere, atal bakoitzean agertzen ez diren bestelako bideo batzuk ere egiten ditu Arrutik sare sozialetan, gai bakoitzaren gaineko bestelako ertz batzuk lantzeko.

Goiz da jakiteko Tribuaren berbak saioaren hurrengo denboraldiari noiz ekingo dioten. «Ez gara ETBrekin hitz egiten hasiak hurrengo denboraldiaz. Baina badaude gaiak, eta jarraitzea da gure asmoa», gaineratu du Amonarrizek.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA