Txintxua Films Gipuzkoako ekoiztetxeak fikziozko telesail bat egin du Netflix plataformarentzat: Esa noche. Plataformak gaur iragarri duenez, martxoaren 13an estreinatuko dute telesaila.
Dominikar Errepublikara oporretan doan neska baten istorioa kontatzen du. Elena du izena neska protagonistak, eta rol hori Clara Gallek (Iruñea, 2002) jokatzen du. Gallek Netflix plataformako beste bi telesail entzutetsutan parte hartu du: Ni una más eta Olympo. Istripu bat izan ostean, protagonistak bere bi ahizpei deituko die, eta egoerari nola aurre egin erabaki beharko dute. Claudia Salas eta Paula Usero dira beste bi aktore protagonistak.

Telesail berria Gillian McAllister idazlearen That night eleberri arrakastatsuan dago oinarrituta. Jason George (Narcos, Into the Night) da sortzailea. Eta ekoizle eragilea ere bada George, Marian Fernandez Pascual (Iruñea, 1974) euskal herritarrarekin batera. Gidoien idazketan Lara Sendimek parte hartu du, baita ekoizle sortzaile gisa ere. Eta zuzendariak Jorge Dorado eta Liliana Torres dira.
Txintxua Films Pasaian (Gipuzkoa) jaiotako ekoiztetxe bat da, Fernandez Pascualek eta Asier Altunak sortua. Euskarazko makina bat film ekoitzi dituzte: Amama, Dantza, Oreina, Karmele... Netflixentzat ere ekoitzi zuten telesail bat 2022an: Intimidad. Itziar Ituño zen aktore protagonista, eta harrera beroa izan zuen. Netflixen gehien ikusi zen telesaila izan zen ingelesez bestekoetan 2022ko ekainaren 13tik 19rako astean.