«Entzutera etorri gara». Zuhurtziaz mintzatu dira gaur BECera (Barakaldo, Bizkaia) hurbildu diren hezkuntza eragileak. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aspaldi egina zien ikastetxeetako zuzendaritza taldeei gaurko jardunaldirako deia, ebaluaziorako tresnak eta hezkuntza hobekuntzarako ildoak aztertzeko asmoz, baina asteon PISA probaren emaitzek sortutako zalapartak baldintzatuta iritsi da eguna. Azalpen eske joandako kazetariei tentuz erantzun diete: «Espero dugu guztion artean hurrengo urratsak erabakitzen hastea». Oro har, PISAk azaleratutako arazoak ez dira arrotzak eskoletan, eta oso hedatuta dago batik bat irakurtzeko gaitasunaren inguruko kezka; baina, era berean, ohartarazi dute PISA ez dela kontuan izan beharreko adierazle bakarra.
OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak egiten du PISA azterketa hiru urtean behin, eta ikasleek hiru alorretan duten gaitasuna ebaluatzen du: matematikan, zientzietan eta irakurmenean. Hiruretan egin dute atzera Hego Euskal Herriko ikasleek, baina irakurketa etsaminetan izan dira emaitzarik kaskarrenak: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleek, zehazki, 419 puntu lortu dituzte, eta aurrekoan 466 izan ziren.
Emaitza horiek, baina, ez dute harridurarik eragin ikastetxeetan. Zuzendaritza taldeetako ordezkari askok ohartarazi dute ikasturte hasierako zurrunbiloan ez dutela astirik izan datuak sakon aztertzeko, baina badirela kezka orokortuak. Nagusiena: irakurtzeko gaitasunaren beheranzko joera. «Egia da apurka gure ikasleak arretarako gaitasuna galtzen ari direla, gelan igartzen da kostatzen zaiela azalpen bati adi jarraitzea, eta irakurketarekiko jarrera ere aldatu dela, gehiago kostatzen zaielako liburu bat patxadaz irakurtzea. Estimulu gehiegi dituzte; erritmoa pixka bat jaitsi beharko genuke, estimuluak gutxitu», azaldu du Idurre Maortua Santurtziko (Bizkaia) Bihotz Gaztea ikastolako zuzendariak.
«Apurka gure ikasleak arretarako gaitasuna galtzen ari dira; gehiago kostatzen zaie liburu bat patxadaz irakurtzea. Estimulu gehiegi dituzte»
IDURRE MAORTUA Santurtziko Bihotz Gaztea ikastolako zuzendaria
Eta horrek eragina du gainerako prozesu guztietan, Busturialdeko (Bizkaia) zentro bateko ordezkari batek erantsi duenez: «Egungo gazteek eta umeek ez dute irakurtzen. Eta ume batek ez badu irakurtzen, ezingo du ondo ulertu, adibidez, matematikako buruketa bat. Irakurketa oinarri-oinarrizkoena da». Faktore asko daudela erantsi du, baina bat nabarmendu: pantailak. «Tresna digitalak ia bortizki sartu dira, irakasleak trebatu gabe, eta ondorioez pentsatu gabe. Segur aski, analogikora itzuli behar dugu».
Hainbat ikastetxetan irakurketa planak jarri dituzte martxan, irakurzaletasuna bultzatzeko. «Baina ez da ezer berririk asmatu behar, gauza xumeekaz egin daiteke: egunero irakurriz», esan du Galdakaoko (Bizkaia) Elexalde institutuko zuzendari Mari Carmen Landajok. Berretsi du asko inbertitu dela digitalizazioan: «Baina ikasle batek ez du egunero hiru orduz entxufatuta egon behar ordenagailu batera; behar du papera, eskuz idatzi... digitalak ez diren beste tresna batzuk».
«Helduleku bat»
Edonola ere, ikastetxeetako zuzendaritza taldeetan neurriz hartu dituzte PISAren datuak. Are, Landajok uste du errealitatea baino egoera okerragoa islatu dela emaitzetan: «Aztertu behar da zelan egin diren azterketa horiek: proba bat ez bada kontuan hartzen ikasleen egunerokoan edo ez bada islatzen notetan edo antzeko zerbaitetan, ikasleek ere beste era batera hartzen dute ariketa hori. Tarte bat izan daiteke hor: emaitzek islatu dutena baino hobea izatea errealitatea».
Donostiako San Tomas Lizeoko zuzendaritzako kide Iker Bereziartuak, bestalde, gogora ekarri du PISAk helburu jakin batzuk dituela: «Ikasleen errendimendua neurtzen du, ez derrigor ikaskuntza prozesu osoa. Baina errendimendua eta ikasketa bereizi egin behar dira: askotan errendimenduan jartzen dugu arreta, azterketen emaitzek hori erakusten dutelako, baina ezin dugu ahaztu ikastea epe luzerako prozesu bat dela. Edonola ere, guretzat PISA baliagarria da diagnostiko gisa, eta erabakiak hartzeko interesgarria da».
«Askotan errendimenduan jartzen dugu arreta, azterketen emaitzek hori erakusten dutelako, baina ezin dugu ahaztu ikastea epe luzerako prozesu bat dela»
IKER BEREZIARTUA Donostiako San Tomas Lizeoko zuzendaritzako kidea
Ez da, ordea, ebaluazio tresna bakarra. Jaurlaritzak aurtengo ebaluazio diagnostikoaren emaitzen berri eman zuen joan den astean, eta han datu hobeak ageri dira aldagai askotan. «Azterketa horiek guretzat askoz baliagarriagoak dira, bereziki gure ikasleek dituzten behar espezifikoak identifikatzeko; adibidez, azken proban ikasle batzuek mozorrotuta zituzten zailtasunak detektatzeko gai izan ginen», zehaztu du Bereziartuak. Maortuak berretsi du ebaluazio diagnostikoaren datuak ere «fidagarriagoak» direla, baina gaineratu du azterketa guztiak hartu behar direla kontuan: «PISA adierazle bat da, eta ebaluazio txostena, beste bat; heldulekuak dira, baina ez dira bakarrak. Ikastetxeetan interpretazio orokor bat egin behar da. Eta uste dut ebaluazioa ez dela mugatu behar ikasleetara: irakasleok gure eguneroko lanaz ere hausnarketa bat egin beharko genuke».