Unai Iparragirre Mediaset Españako antena arduraduna izango da

ETBko zuzendari ohiak hilaren 15ean hartuko du ardura berria. Fernando Hernaiz ere fitxatu du Mediasetek Marketin zuzendari kargurako.

Unai Iparragirre ETBko zuzendari ohia Input konferentzian, maiatzean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Unai Iparragirre ETBko zuzendari ohia Input konferentzian, maiatzean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
urtzi urkizu
2025eko abenduaren 4a
19:41
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela egun batzuk jakin zen. Unai Iparragirrek EITBko administrazio kontseiluan jakinarazi zuen ETBko zuzendaritza utziko zuela, «beste proiektu profesional batera» joateko. Isabel Octavio kazetariak beteko du haren tokia ETBko zuzendaritzan. Orduan, ordea, ez zuten esan nora joango zen Iparragirre, eta hori gaur jakinarazi du Mediaset España taldeak. Abenduaren 15etik aurrera, Iparragirre Mediaset España taldeko —Tele5, Cuatro...— antena zuzendari berria izango da.

Mediasetek modu honetan definitu du Iparragirre: «Nazioarteko esperientzia aitortua du programazio, marka eta eduki estrategiak gidatzen».  

Iparragirre ETBko aurkezlea izan zen 1990eko hamarkadan; besteak beste, Jaiak, Superbat, Galdestreet eta Egun ero saioetan aritu zen. Aurrez, lehen pausoak Arrasate Telebistan (Gipuzkoa) eman zituen. 2005etik 2021era, Discovery katearentzat egin zuen lan, eta EMEA Europak, Ekialde Hurbilak eta Afrikak osatutako eremuan ardura postuak bete zituen. Turkiako kanalen zuzendari editoriala ere izan zen. EMEA eremuko garapen editorialeko presidenteordea ere izan zen Discoveryn. Gainera, Discovery Max kateko programazioaren ekoizle eragile izan zen.

Orain arte, Mediaset España taldeko antena zuzendaria Javier Lopez Cuenllas zen —hamasei urtez aritu da postu horretan, eta ez du taldean jarraituko—. Haren tokia beteko du orain Iparragirrek. Talde horrek, halaber, iragarri du Marketin zuzendari berria Fernando Hernaiz izango dela. Lopez Cuenllas bera zen marketin arduraduna. Iparragirreren eta Hernaizen zuzendaria Alberto Carullo da. Hain zuzen ere, Mediaset Españako telebistako eta arlo digitaleko zuzendari nagusia da Carullo.

Gaur egun, Mediaset taldeak, Tele5 eta Cuatro kateez gain, Factoria de Ficcion, Boing, Divinity, Energy eta Be Mad kanalak ditu lurreko telebista digitalean —guztiak doan ikus daitezke Hego Euskal Herrian—. 

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.