Vilaweb katalanezko hedabide digital aitzindariak lehendik bazuen telebista eskaintza, baina duela egun batzuk indartu egin dute programazioa. Horretarako, erredakzioaren alboan plato bat jarri dute. Eta adimen artifiziala darabilten kamera batzuk erabiltzen hasi dira saioak egiteko eta emateko.
Espai Vilaweb deiturikoan, astelehenetik ostiralera, telebista saioak ematen dituzte, 20:00etan. Astelehenetan, Vicent Partal arduratzen da 72 minuts saioa egiteaz; astearteetan, Clara Ardevolek gazteentzako La crisi dels 30 saioa gidatzen du —30 urte dituzten belaunaldikoak izan ohi dira protagonista—; asteazkenetan, Ot Bouk La taca d'oli (olio orbana) aktualitateko elkarrizketa saioa egiten du; ostegunetan, Txell Partall Vilaweb-eko editoreak La tertúlia proscrita mahai ingurua aurkezten du; eta ostiraletan, haur eta gazteentzako literaturari buruzko saio bat aurkezten dute Carla Torrensek, Tina Vallesek eta Paula Jarrinek: Poc Cas (Kasu gutxi). Azken hori hamabostean behin egiten dute.
La tertúlia proscrita izeneko saioan, Txell Partalek kolaboratzaile hauek izango ditu alboan datozen hilabeteetan: Antonio Baños, Julia Ojeda, Ot Bou, Jordi Borras, Nuria Cardenes eta Sebastia Portell. Hilean behin, solasaldi monografiko bat ere egingo dute gai jakin baten inguruan.
Vilaweb-eko arduradunek iragarri dute datozen hilabeteetan ikus-entzunezkoen eskaintza indartu eta saio gehiago egingo dituztela.

Lan horretan, goi mailako teknologia erabiltzen ari da katalanezko hedabidea. Vicent Partal Vilaweb-en sortzaile eta zuzendariak azaldu du saioetan erabiltzen ari diren kamera berriek funtzio bereziak dituztela: «Adimen artifiziala dute kamera horiek, eta gai dira hitz egiten ari direnen jarraipen automatikoa egiteko. Keinuekin gidatzeko modua dute. Digitalki pertsonak makillatzeko aukera eskaintzen dute, baita beste funtzio berezi batzuk ere».
Doako harpidetza gazteentzat
Azkeneko asteetan, Vilaweb-ek kanpaina berezi bat sortu du 1990eko hamarkadan jaiotako irakurle gazteak erakartzeko. VW30 izeneko harpidetza mota jarri dute martxan, eta doako harpidetza egin ahalko dute urtebeterako. Haiei zuzendutako ekimen gehiago ere badira; haietako bat da astearteetako La crisi dels 30 saioa. Iganderako, bestalde, jai bat antolatu dute Bartzelonako Razzmatazz aretoan. Ekitaldi horretan lehentasuna izango dute harpidedunek eta 1990eko hamarkadan jaiotakoek. Ludwig Band taldeak joko du, eta DJ KZUren txanda iritsiko da gero.
Interneteko sare sozialetan ere ahalegin handia egiten ari da Vilaweb, bereziki Instagramen.