'Ztanda' ostiralean itzuliko da, «urrats bat aurrera eginda»

Ostiralero emango dute ETB1eko musika lehiaketa, 21:00etan. Makusin ere jarriko dute, eta eduki berezituak izango ditu Instagram eta Tiktok sare sozialetan.

'Ztanda' saioaren hirugarren denboraldia aurkeztu dute gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
'Ztanda' saioaren hirugarren denboraldia aurkeztu dute gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2026ko maiatzaren 6a
13:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bueltan da, bueltan da. ETB1eko Ztanda musika lehiaketaren hirugarren denboraldia etzi hasiko da; aurreko astean amaitu zen Irabazi arte telesailaren denboraldia, eta programazioan tarte hori beteko du musika saioak. Makusi plataformak, berriz, gau berean sareratuko du saioa, 22:00etan. ETB On plataforman ere jarriko dute.

Hamabi lehiakidek parte hartuko dute hirugarren aldian, zortzi astez. Irabazleak 15.000 euroko saria izango du. Sari horretaz harago, lehiakideek Donostian egindako aurkezpenean nabarmendu dute «esperientzia izugarria» izan dela haientzat, eta askok nabarmendu dute «beren burua hobeto ezagutzeko» balio izan diela.

Nerea Zendoia Makusiko arduradunak azaldu du «urrats bat aurrera eginda» itzuliko dela Ztanda. «Sendotuta dator Ztanda marka; heldutasun puntu batera iritsi da. Saioak ez du bakarrik ahotsik onena bilatuko, baizik eta Euskal Herriko artistarik onena». Abesteko gaitasunaz gain, interpretazioa, oholtzan egoteko modua, dantzatzeko gaitasuna eta jarrera bera ere hartuko dituzte aintzat. «Euskal Herriko artistarik osoena aurkitu nahi dugu».

Bestalde, Zendoiak iragarri du Ztanda-n euskara «modu naturalean erabiliko» dutela. «Entretenimenduzko saio bat den neurrian, gertuko euskara entzungo dugu. Euskaraz sortu, lehiatu eta gozatu daitekeela erakutsiko du programak, eta hizkuntza harremanetarako eta emozioak transmititzeko dela erakutsiko da. Hori funtsezkoa da EITBrentzat».

Saioa telebista konbentzionaleko emanaldi hutsa baino zerbait gehiago izango dela ere iragarri du Zendoiak: «Plataforma ikuspegia hartuko du. ETB1en, Makusin eta sare sozialetan presentzia bateratua izango du». Instagram eta Tiktok sare sozialetan Ztanda_ETB da saioaren kontua, eta, bertan, lehiakideen egunerokoari buruzko eduki berezituak igoko dituzte. Igandean, 20:00etan, Instagramen Ztanda Insta Live zuzeneko emankizuna egingo dute, azken galako protagonistekin eta askotariko ezustekoekin. «Ikusleekin harreman zuzena eta jarraitua izan nahi dugu», esan du Makusiko arduradunak. Sare sozialen arduraduna Alex Padilla da.

Epaimahai berria

Lehen bi denboraldietan bezala, Ztanda-ko aurkezleak Barbara Goenaga eta Iker Villa izango dira. Coach taldean, Adrian Garcia de los Ojos ariko da ahots teknikaren arduradun gisa, eta Paula Bujandak gidatuko ditu prestaketa koreografikoak.

Epaimahaian, berriz, badira aldaketa batzuk aurreko bi denboraldiekin alderatuz: Sua Enparantza Irabazi arte telesaileko aktore eta Gure Zirkuko kidea, Ylenia Baglietto aktore eta Mamma Mia! musikaleko protagonista, Jon Fernandez Gazteako esataria eta Aketza Lopez aktore eta telebista aurkezlea ariko dira epaimahaian. Bisitari bereziak ere izango dituzte datozen zortzi asteetan.

Lehiakideak baloratzeko sistema berritu egin dute. Izan ere, epaimahaiko kideek botoa aktuazioan zehar emateko aukera izango dute sakagailu bati esker: boto positiboak —sakagailu berdea— edo negatiboak —sakagailu gorria— emanez. Hiru boto berde edo gehiago jasotzen dituen lehiakidea zuzenean salbatuko da. Hiru boto gorri edo gehiago jasotzen dituen lehiakidea, berriz, zuzenean izendatua izango da. Edonola ere, aktuazioen ostean erabakiko dute epaimahaikideek zer lehiakide jartzen duten arriskuan eta zein salbatzen duten.

Barbara Goenagak nabarmendu du lehiakideen artean «talde oso-oso polita» sortu dela. «Oso lagunak egin zarete», esan die Goenagak lehiakideei —eserita zeuden guztiak—. «Eta oso ondo pasatu dugu zuekin». 

'ztanda' saioko hamabi lehiakideak

  • Paula. Beasain (Gipuzkoa), 18 urte. 
  • June. Barakaldo (Bizkaia), 21 urte. 
  • Anton. Gorliz (Bizkaia), 27 urte.
  • Ximena. Laudio (Araba), 18 urte.
  • Jonmar. Eibar (Gipuzkoa), 22 urte.
  • Izaro. Ordizia (Gipuzkoa), 19 urte.
  • Ipi. Arrigorriaga (Bizkaia), 27 urte.
  • Iker. Algorta (Getxo, Bizkaia), 24 urte.
  • Beza. Orio (Gipuzkoa), 19 urte.
  • Chira. Bilbo, 19 urte.
  • Ania. Santurtzi (Bizkaia), 23 urte.
  • Iria. Gasteiz, 19 urte.

Gorka Larrunbide da Ztanda-ko zuzendaria. Aketza Lopez epaimahaiko kideak nabarmendu du Larrunbidek talde osoa «zaindu» duela, eta lehiakide guztiek txalo ozen egin dute. Aurkezpenaren amaieran, kantuan ere aritu dira lehiakideak, eta gero haientzat izan dira txaloak. Publikoarekin grabatu dute Ztanda-ren hirugarren denboraldia, Miramongo estudioetan (Donostia). Zortzi aste barru jakingo da nor den txalo beroenak jasotzen dituen artista: zer gazte den 15.000 euroko saria eramango duena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA