Zinema

'Negu hurbilak' filma Locarnoko Zinemaldian estreinatuko dute

Negu kolektiboak zuzendu du lana: Ekain Albitek, Mikel Ibargurenek, Nicolau Mallofrek eta Adria Rocak. Cineasti del Presente zuzendari berrien sailean lehiatuko da, abuztuan.

'Negu hurbilak' filmeko irudi bat. MALUTA FILMS / CORNELIUS FILMS
Andoni Imaz.
2023ko uztailaren 5a
15:03
Entzun

Euskarazko film luze bat munduko zinemaldirik garrantzitsuenetako batean estreinatuko dute: Negu hurbilak, Locarnoko 76. Zinemaldian (Suitza). «Bakartzeari, itxaroteari eta nortasun irrikari» buruzko lan bat da, eta ihesaldi baten historia kontatzen du. Zubietan (Nafarroa) filmatu dute, eta herritarrak aritu dira aktore; Jone Laspiur protagonista da aktore profesional bakarra (Ane, Akelarre). Abuztuaren 2tik 12ra egingo dute jaialdia, eta filmaren lehen emanaldia hilaren 9an izango da.

Negu kolektiboak zuzendu du filma, Bartzelonako ESCAC zinema eskolan elkartutako lau lagunek: Ekain Albitek, Mikel Ibargurenek, Nicolau Mallofrek eta Adria Rocak. Beren fikziozko lehen film luzea da. Maluta Films eta Cornelius Films etxeek ekoitzi dute, eta, besteak beste, Bartzelonako D'A eta L'Alternativa jaialdietako industria sailetan parte hartu du.

Locarnoko Zinemaldian, Cineasti del Presente sailean lehiatuko da: mundu osoko zinemagileen lehen eta bigarren filmak biltzen ditu sailak. Lau sari banatuko dituzte horien artean: Urrezko Lehoinabarra, zuzendaririk onenaren saria eta aktorerik onenaren bi sari.

Filmaren sinopsiak kontatzen duenez, ETAk bere jarduera armatua behin betiko amaituko zuela jakinarazi zuen unean abiatzen da istorioa: «Emakumezko gazte bat ihesi doa helburu argi batekin: muga zeharkatzea, bai baitaki hala etxetik urrundu ahal izango dela, jaioterrian ez baitago seguru». Ihesean doala iritsiko da Zubietara, «antzinako mitoek eta gaur egungo gatazkek» bat egiten duten mugako herrira. Ihesaldia uste baino gehiago luzatuko eta nahasiko da.

Negu hurbilak-en aurretik, beste proiektu labur batzuk landu ditu Negu kolektiboak: Erroitz laburra, Uhara film ertaina —16 mm-tan filmatua— eta Katalunian egindako beste zenbait lan; besteak beste, A rabassa morta.

Izen handiak Sail Ofizialean

Locarnoko Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartuko duten filmen berri ere eman dute gaur. Besteak beste, Lav Diazen Essential Truths of the Lake, Laura Ferresen La imatge permanent, Radu Juderen Nu astepta prea mult de la sfarsitul lumii, Sylvain Georgeren Nuit obscure - Au revoir ici, n'importe où eta Quentin Dupieuxen Yannick lanak izango dira han. Paul Vecchiali zenaren Bonjour la langue filma ere pantailaratuko dute, lehiaketatik kanpo —joan den urtarrilean hil zen, 92 urterekin—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.