Iragan apirilean eman zuen Euskal Literaturazaleen 111 Akademiak bere estualdiaren berri. Jarduna «kinka larrian» zela salatu zuten orduko hartan, proiektuarekin aurrera segitzeko diru aski ez zutelako, batik bat. Sei hilabete eskasen ondotik, ibilbideari bukaera ematea beste aukerarik ez dutela iragarri du gaur akademiak. Bukatutzat eman dute jarduna, eta, udaberrian azaldu zuten gisan, ezintasun ekonomikoa da horretarako motiboa. «Arrazoi bakarra da: ekonomikoa; behar beste dirubiderik lortu ez izana egitasmoa garatzeko».
Argudiatu dutenez, diru iturri sendorik ez izateak ekarri du erretiratu beharra, funtsean, baita askotariko diru laguntzen mende egoteak ere. Urteetan arrastaka aritu behar izan dutela iradoki dute gaur plazaratutako oharrean. Izan ere, diotenez, akademiak ezinbestekotzat zeukan dirulaguntzen babesa «gutxien-gutxienean» behar zuen aurrekontua erdiesteko: are gehiago, zazpi deialdi publikotara jo izan dute aldi berean, «diru kontuak kitatzeko». «Horrek eragiten zuen lan zamak oztopatu egiten zuen, zinez, akademiaren beraren jarduerak behar bezala burutzea». Azkeneraino saiatu direla ere nabarmendu dute oharrean. «Ez da ahalegina falta izan, hainbat erakundetara jo baitu [akademiak] urte horietan guztietan, baina alferrik».
Kasik hiru hamarkako bidea egin ondoan iragarri du agurra 111 Akademiak. 1997an jarri zuten abian egitasmoa —Beterriko Liburua izena izan zuen 2008. urtera arte—, Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren ekimenez. Ordutik, urtero antolatutako sariketagatik eta euskarazko literaturaren irakurle eta idazleentzako topagune izateagatik hartu du sona akademiak —beren webgunea urte luzez izan da literatur lanei buruzko iritziak plazaratzeko erreferentziazko toki—, besteak beste. Gainera, akademiak gidaritza lana egin du hainbat irakurle taldetan, eta literatur aldizkaria ere argitaratu du hainbat urtez —2024ko abenduan eman zuten azken zenbakia—.
Aitortza askoren egile
Sorreratik, urtero-urtero egin diote aitortza akademiako kideen «urteko liburu gustukoenari» —218 lagun dira gaur egun, eta bozketa bidez zehazten dute lan irabazlea aldiro—. Hain zuzen ere, Miren Amurizaren Pleibak nobelari eman zioten sari hori 2025eko aldian, eta idazleak Villabonako Hika txakolindegian (Gipuzkoa) jaso zuen garaikurra, ekainaren 5ean zehazki. Ekitaldi hori izan du ibilbideko azken ekintza akademiak.
Amurizak baino lehenago, euskarazko literatur esparruan izen handia duten hainbat idazlek jaso dute akademiaren aitortza, kideek hala erabakita. Esaterako, hauek izan dira garaile azken hamar aldietan: Mikel Peruarena (Su zelaiak, Susa), Katixa Agirre (Atertu arte itxaron, Elkar), Kirmen Uribe (Elkarrekin esnatzeko ordua; Susa), Uxue Alberdi (Jenisjoplin, Susa), Harkaitz Cano (Fakirraren ahotsa, Susa), Karmele Jaio (Aitaren etxea, Elkar), Pello Lizarralde (Argiantza, Erein), Eider Rodriguez (Eraikuntzarako materiala, Susa), Arantxa Urretabizkaia (Azken etxea, Erein), Eneko Bidegain (Bichta Eder, Elkar). Eta beste datu bat ere nabarmendu du akademiak, zerrenda osoa ematean: Ur Apalategik, Ramon Saizarbitoriak, Anjel Lertxundik, Karmele Jaiok eta Harkaitz Canok bi aldiz jaso dute aitortza.