111 Akademiak egin du hautua: Miren Amurizaren Pleibak nobelari emanen diote 2024ko literatur argitalpenik hoberenaren saria. Ohi denez, akademiako kideen esku izan da bozka. 218 lagun dira gaur egun, eta gehiengoak hala erabakita gailendu da Amurizaren lana, hortaz. Hiru bozketa txanda gaindituta egin du garaipenerako bidea nobelak, zehazki. Izatez, sariketaren azken fasera Unai Elorriagaren Francesco Pasqualeren bosgarren arima eleberriarekin batera ailegatuta irabazi du Amurizak —biak ala biak Susa argitaletxeak plazaratu ditu—. Finalera iritsita, bi lan horien artean aukeratu beharra izan dute akademiako kideek, eta azken horren alde egin dute, azkenerako —botoen aldea zenbatekoa izan den ez dute zehaztu—. Ekainaren 5ean emanen diote garaikurra idazleari, jendaurrean, Villabonako Hika txakolindegian (Gipuzkoa).
Gainera, Unai Elorriagaren Francesco Pasqualeren bosgarren arima eleberria ez ezik, 2024an argitaratutako beste lan hauek ere izan ziren saria irabazteko lehian, bozketako lehenbiziko txandaren ondoan: Joxean Agirreren Gizon barregarriak, Uxue Alberdiren Hetero eta Beñat Sarasolaren Coca-cola bat zurekin.
Ikusi gehiago
Iragan azaroan aurkeztu zuen nobela Amurizak. Eleberriaren 160 orrialdeetan barrena, bi adiskideren arteko harremana da ardatza, Jone eta Pollyren arteko laguntasuna, eta haiek 15-16 urte dituzteneko garaian dago zentratua istorioa. Bada denbora jauzirik, ordea: Joneren ahotsak egiten du narratzailearena, eta, nerabezaroaz hitz egiten badu ere, hogeitaka urte geroago mintzo da hartaz, dagoeneko heldua delarik.
Edonola ere, nobelak biltzen duen istorioa ez ezik, Amurizak liburuan darabilen idaztankera ere zutabe nabarmena da Pleibak-en. Ahozko hizkera imitatzen ahalegindu da idazlea, eta, are, protagonistak nerabeak izaki, profil horretarako biziki sinesgarria zen lengoaia bat erreplikatu du. «Euskaraz nik orain artean irakurria nuena baino ahozkotik gertuagoko erregistro bat falta zela iruditzen zitzaidan, edo falta zitzaidan niri. Sentitzen nuen sortu egin zitekeela, eta hor bazegoela non arakatua», aitortu zuen idazleak urtarrilean BERRIAri emandako elkarrizketa batean. Lanaren idazketak bereziki gozarazi duela ere onartu zuen Amurizak orduko hartan, «idazteak eta esperimentatzeak», eta, bistan denez, halakoxea izan da irakurleei eragin dien sentipena ere.