Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak euskarazko Haur eta Gazte Literaturako gida bat egiten du urtero, gurasoentzat, irakasleentzat eta liburuzainentzat lagungarri izateko helburuz. 1990ean egin zuten lehengo gida, eta urrian kaleratu dute aurtengoa, iazko liburuei buruz egindakoa: Haur eta gazte literatura. Irakur gida. 2024.
Aurtengo lanean iaz argitaratu ziren 294 liburu zerrendatu eta sailkatu dituzte, eta haietatik 136 itzulpenak dira. Emaitza lanketa kooperatibo baten bitartez lortzen dutela azaldu du Eunate Arebiotorre Huhezi fakultateko kideak, gida osatzen parte hartu duen irakurleetako batek: «Hamabi irakurle gara guztira, eta Marikarmen Apraiz izaten da koordinatzailea. Hark euskaraz argitaratzen diren HGLko liburu guztiak eskuratzen ditu. Eta irakurleok hamabostean behin elkartzen gara. Bakoitza bizpahiru liburu irakurtzeko etxeko lanarekin itzultzen da topaketa horietatik. Handik hamabost egunera, berriro elkartzen gara, eta irakurraldiei buruz mintzatzen gara».
Gidaren hasieran liburu guztien zerrenda agertzen da, eta haren ondoren «liburu gomendagarriena». Orotara 87 liburu sartu dituzte multzo honetan. Horren jarraian, 24 liburu gehitu dituzte «liburu oso gomendagarriak» sailean. Eta azkenik, «zerrenda berezia» izeneko atalean lau liburu bildu dituzte, aipamen berezia «merezi» dutenak. Azken bi sailkapen horietan kokatutako liburu bakoitzari iruzkin bana gehitzen diote, liburuaren balioa argudiatzeko.
Denen artean nabarmenduz
Azken orrietako zerrenda berezian sartu dute, beste batzuen artean, igaro den irailean HGLko Espainiako Sari Nazionala irabazi duen lana: Leire Bilbaoren Klera. MUk kaleratutako gidan, liburuaren bereizgarritasunak nabarmendu dituzte: «Klera ez da ohiko liburu edo album ilustratu bat, orrialdeetan zehar artelan osatu bat aurkitu baitaiteke». Hain zuzen ere, horixe da liburuak sailkatzerako orduan kontuan hartzen dituzten irizpideetako bat: edukien berritasuna. Beste irizpide batzuk ere aipatu ditu Arebiotorrek: hizkuntzaren erregistroa, lexikoa, ilustrazioen maila, formatua, edo itzulpena bada, haren maila.
Arebiotorrek azaldu duenez, azken urteetako joera da liburu formatuekin jolastea: «Lehen, eskaintza murritzagoa zen, eta orain askotarikoa da, edukien edo formen ikuspegitik». Bilbaoren lanean ere hori nabarmendu dute: «Dena objektu bakarrean dago, liburu formatuan, baina beste maila batera eramaten duen liburu objektua da». Izan ere, QR kodeen bitartez ilustrazio, hitz, dantza, ikus-entzunezko eta doinuak helarazten dizkio irakurleari.
«HGLko lanek geruza ugari izaten dituzte, eta haurrek gorenean daudenak ikusten dituzte. Helduek azaleko geruza horren azpian dagoena irakur dezakete»
EUNATE AREBIOTORREGidako irakurlea
Irakurleak esan du azken urteetan edukietan ere eguneratze bat izan dela «berez» haurrentzat diren liburuetan. Azaldu du literatura mota hau gizartearen isla dela, eta heriotza, generoa, familia aniztasuna eta antzeko gaiak gero eta sarriago irakurtzen dituztela.
Hain zuzen ere, gai berriak jorratzearen inguruan, Arebiotorrek esan du literatura mota honen izenean «haur» eta «gazte» hitzak agertzen direla, baina «denentzako» literatura dela. Gaineratu du helduentzako liburu asko baino sakonagoak direla batzuetan: «HGLko lanek geruza ugari izaten dituzte, eta haurrek gorenean daudenak ikusten dituzte. Helduek azaleko geruza horren azpian dagoena irakur dezakete».