2026aren eszenaratze eta errimategiak

Hamarkadetako bidea duten kultur egitasmoei zenbait nobedade batuko zaizkie 2026an, hala nola Bat-batean musika jaialdia. Euskarazko antzezlanen estreinaldiek beteko dute urtearen hasiera, eta bertso lehia hondarrera arte izanen da piztua.

2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, Nafarroa Arenan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, Nafarroa Arenan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2026ko urtarrilaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtez ofizialki aldatu gabe ere hedatu ohi da begirada haratago, datorrenak zer ekarriko. Eta lausoago irudi lezake urrunean zain dagoenak, eta, aldiz, gardenago ageri da etorkizun hurbila, egutegian apuntatzeko eskurago. Baina, ohartzerako, bata dela bestea dela, gainezka da agenda; kultur ekitaldiz bete-betea azaldu da bidera 2026a. Musikazaleen zorionerako, besteak beste; bertso egarriaren mesedetan, adibidez. Askoren pozerako, nolanahi ere. 

Musika

Urteroko usadioari eutsita, 2026an ere 40 Minutu Rock izanen da Euskal Herriko musika jaialdien errenkada abiatzen lehenbizikoetakoa. Festibalak hamargarren aldia izanen du aurten; otsailaren 21ean eginen dute, Durangoko Landako gunean (Bizkaia), eta Zea Mays, Kiliki, EH Sukarra eta Merina Gris oholtzaratuko dira, besteak beste. Martxoaren 28an, berriz, Euskal Metal Fest heavy metalak Euskal Herrian daukan festibal entzutetsuenak hamabost urte beteko ditu, eta, hori ospatzeko, Alemaniako Iron Savior taldearen kontzertua ekarriko du Donostiako Larratxo auzoko kultur etxera.

Ohi denez, eta aurten bereziki, udaberria izanen da urtarorik emaritsuena musika jaialdiei so, eta kopuruak maiatzetik aurrera joko du goia. Adibidez, Gasteizko Bat-batean festibal jaio berriak maiatzaren 15a eta 16a hautatu ditu estreinaldirako: Mendizabalan ezarriko du oholtza, eta Euskal Herri osoko 21 talde eta bost DJ ariko dira, hala nola Añube, Apotheke, Etxepe, Metrika, Xiberoots eta Malakias Mx3. Hilaren hondarrean, Iruñeko Iruña Rock eta Amurrioko (Araba) Aiara Fest jaialdiek hartuko diote lekukoa hari; asteburu berean eginen dituzte biak, maiatzaren 29an eta 30ean. Segidan, ekainean, aurrena Azkena Rock helduko da Gasteizera —hilaren 18tik 20ra eginen dute—, eta BBK Music Legends gero, Bilbora: 26an eta 27an.

Eta udari ateak ireki bezain laster sartuko da eszenan EHZ Euskal Herria Zuzenean festibala ere: ekainaren 26tik 28ra bitarte eginen dute, Arberatze-Zilhekoan (Nafarroa Beherea) hirugarren aldiz, eta egitasmoa martxan jarri zenetik 30 urte beteko direnean, hain justu. Urteurren borobileko jaialdia iragan abenduan aurkeztu zuten antolatzaileek, non-eta Arrosako Sohatian (Nafarroa Beherea), 1996an estreinako aldiz EHZ egin zuten toki berean. Geroaren lehen notak leloa aukeratu dute 30.arentzat. 

Uda partean eta ordutik aurrera egitekoak diren beste hainbat musika egitasmotako informazioa zehazteko dago oraindik. Gasteizko Jazzaldiari dagokionez, adibidez, noiz egingo duten jakinarazi gabeak dira gaur-gaurkoz. Edonola ere, litekeena da uztail erdialdean egitea, hain justu ere Bilboko Kobetamendiko BBK Live jaialdiaren aldi bertsuan: uztailaren 9tik 11ra eginen dute hori, eta bertan joko duten berrogeitaka artista iragarri dituzte jadanik, hala nola BB Trickz, David Byrne, Idles, Yerai Cortes eta Sara Zozaia. Donostiako Jazzaldia uztaileko laugarren astean eginen dute, 22tik 26ra, eta David Murray, Diana Krall, Joe Lovano, Samara Joy eta Carmen Lundy ariko dira, besteak beste.

2025ak aurrera egin ahala ikusitakoak ikusita, bada euskal musikagintzaren gaur egungo garaiari «pabiloien aroa» deitu dionik. Iaz, besteak beste Izaroren, Chill Mafiaren, Fermin Muguruzaren, ETSren, Zetak-en eta Gatiburen kontzertuek ekarri zituzten halakorik ondorioztatzeko motiboak, eta joera horrek aurrerantzean ere bere horretan iraunen duelako zantzuak dira, hain justu, bai 2026an izatekoak diren zenbait emanaldi, bai eta 2027rako dagoeneko iragarriak diren batzuk ere. Esaterako, Zetak-ek bi aldiz joko du San Mamesen 2026an, ekainaren 19an eta 20an, eta bi emanaldi horiekin bukaera emanen dio orain dela urtebete Iruñeko Nafarroa Arenan hasi eta iragan irailean Illunben are gehiago garatu zuen Mitoaroa ikuskizun sortari. Gainera, gauzak ongi bidean, ETS taldeak ere dozenaka milaka lagunen beroa jaso izanen du ordurako, bi kontzertu handitan, baina Euskal Herritik kanpo izanen dira horiek: Bartzelonako Palau Sant Jordi estadioan aritzekoa da apirilaren 11n, eta Madrilgo Movistar Arenan apirilaren 25ean. Ezusterik ezean, euskarazko musikak 2027aren hasiera partean hartuko ditu pabiloiak berriz. 2027ko urtarrilaren 9an eta 10ean, Pantxoa eta Peiok bi kantaldi eginen dituzte Barakaldoko BECen, kasik hamabost urtez agertokietatik aparte izan ondoan bikotearen ibilbideari bukaera «duin bat» emateko. Bestalde, bi hilabete geroago, Bulego taldeak kontzertua emanen du Bilbo Arenan: aurrez, urtebete pasako geldialdia egin asmo dute, eta emanaldi hori izanen dute itzulera eguna.

Musika talderik ez, baina egitasmo solidario bat bai, 2026an da itzultzekoa eten baten ondotik: Saharari Kantari. 2023an, kultur arloan Euskal Herria eta Mendebaldeko Sahara elkartzeko ekinaldi baten barrenean, hamabi kantuko disko bat ondu eta haiek guztiak kontzertu solidario batean taularatu zituzten hemezortzi musikarik. Beste kontzertu bat emanen dute orain, Marokok Mendebaldeko Sahara menpean hartu zuenetik mende erdi bete den honetan. Otsailaren 28an eginen dute emanaldia, Bilboko Euskalduna jauregian. Euskal Herriko hainbat musikariz gain, Suilma Aali eta Aziza Brahim sahararrak ere ariko dira kantuan.

Literatura

Ilbeltzak urtea zabaldu, eta (H)ilbeltza parera azaldu. (H)ilbeltza euskal nobela beltzaren astea urtarrilaren 19tik 25era eginen dute aurten, Baztanen (Nafarroa). Oraindik ez dute egitarau osoa plazaratu, baina zikloa zerk zabalduko duen jakina da, besteak beste: hilaren 19an, Nuria Cadenes idazlearen Guillem eleberriaren euskarazko edizioa aurkeztuko dute; Amaia Apalauza itzultzaileak euskaratu du, (H)ilbeltza bekaren gerizpean preseski. 

Sorpresarik ezean, hamarkadetako bidea duten beste dozenaka literatur ziklok beteko dute kultur urtea abendura bitarte, baina oraindik ere iragartzeko daude haietako gehienak. Hori bai, Bilboko Gutun Zuria otsailaren 24tik 28ra eginen dute, eta Durangoko Azokaren 2026ko aldia, 61.a, iragan abendukoa bukatu berritan iragarri zuten antolatzaileek: aurtengo azoka bost egunekoa izanen da, abenduaren 4tik 8ra artekoa. 

Zinema

Usadioari eutsita, iragan urteko zinema ekoizpenei errepasoa egin eta lan nabarmenenak goratzeko garaia izanen da 2026aren hasiera ere. Ohi denez, hori bai, Euskal Herriko mugez haraindira bihurtu beharko dira begiak horretarako. Urrezko Globoak izanen dira lehenbizikoak sariketa handien artetik: datorren astean eginen dituzte, urtarrilaren 11n, Beverly Hillsen (AEB). Hilabete berean, 17an hain zuzen ere, Europako Zinema Sariak banatuko dituzte, eta haiei Espainiako Goya sariek hartuko diete lekukoa: otsailaren 28an eginen dute sariketaren 40. aldia, eta euskarazko film ugari dira garaikurrak irabazteko hautagaien artean. Besteak beste, film hoberenaren saria lortzeko hautagai dira Jose Mari Goenagaren eta Aitor Arregiren Maspalomas, Asier Altunaren Karmele, Asier Urbietaren Faisaien irla eta Paul Urkijoren Gaua. 2026ko Oscar sariak martxoaren 16an emanen dituzte, Los Angeleseko Dolby Theatren (AEB).

Euskal zinemazaleek honako data hauek ere beharko dituzte agendan gorde: Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko jaialdia apirilaren 20tik 25era eginen dute aurten —hogeigarren aldia izanen da hori, preseski—; Bilboko Zinegoak LGTBI zinema eta arte eszenikoen jaialdia ekainaren 22tik 29ra izanen da, eta udaren eta udazkenaren arteko jauzian eginen dute Donostiako Zinemaldia, irailaren 18tik 26ra bitarte. 

Euskarazko zinema ekoizpenei dagokienez, bereziki emankorra izan da iragan urtea. Are, ezohiko argazki bat ere bistaratu da joan den udazkenean: hiru euskal film izan dira aldi berean zinema aretoetan. 2026ari begira, ez da halako aurreikuspenik gaur-gaurkoz, baina bada aurten estreinatzea espero den euskal film bat behinik behin: Koldo Almandozen Azken agurra. 

Bertsolaritza

2026a hasi eta buka izanen da bertsoz betea. Iragan udazkenean, irailaren 28an, Bizkaiko Bertsolari Txapelketak eman zion hasiera lurraldeetako txapelketen errenkadari. Geroxeago abiatu, baina paretsu egin zuen aurrera, fasez fase, Nafarroako txapelketak ere, eta, azkenerako, txapeldun berriak dituztela heldu dira helmugara bata zein bestea urtearen hondarrean: Aitor Etxebarriazarraga gailendu da Bizkaikoan, eta Xabat Illarregi Nafarroakoan. Eta, hala eta guztiz, bertso lehiaren tentsioa artean askatu gabea delarik gertatu da urte aldaketa oraingo honetan. Nafarroa Behere, Lapurdi eta Zuberoako Xilaba txapelketa jokoan da oraindik, eta, gainera, hilabete honetan bertan abiatuko da Arabako Bertsolari Txapelketa ofizialki —hilaren 18an aurkeztuko dute—, udazkenean sailkapen fasea jokatu ondoan. Hori gutxi balitz bezala, hura burutu ondotik ere, bertsozaleen egutegietan apenas izanen den zuriunerik aurten, irailean baita hastekoa Bertsolari Txapelketa Nagusia. Saioen datak zehazteko daude oraindik ere, baina hau segurua da: abenduaren 20an eta Nafarroa Arenan jokatuko dute final handia.

Azaro hasieran hasi eta oraindik ere jokoan den Xilabak hiru saio baizik ez ditu falta helmugara ailegatzeko. Zehazki, urtarrilaren 10ean eta 17an finalaurrekoak izanen dituzte, Baigorrin (Nafarroa Beherea) eta Bardozen (Lapurdi), hurrenez hurren, eta haietan erabakiko da zer sei bertsolarik jokatuko duten finala hilaren 31n. Donibane Lohizunen (Lapurdi) eginen dute, Jai Alai pilotalekuan.

Arte eszenikoak

2026an estreinatuko diren euskarazko antzerki obrez aritzeko, ez da zertan aditzak etorkizunean jokatu ere. Izan ere, atzo, urtearen aurreneko egunean bertan, taularatu zuten estreinakoz Kulturarte konpainiaren Frankopoleon lana, Plentzian (Bizkaia). Udalbiltzak antolatzen duen Geuretik Sortuak kultur bekaren gerizpean ondu dute obra hori, eta, hain zuzen, haren babesean, inoiz baino antzerki lan gehiago estreinatuko dituzte aurten, urtarrilean eta otsailean: zortzi guztira. Esate baterako, hilaren 9an, datorren ostiralean, Infinitudramak Promesarik txikienak oholtzaratuko du Leitzan (Nafarroa); 17an, Zelako Kultur Ideiak konpainiaren Izeba Txirrita taularatuko dute Astigarragan (Gipuzkoa), eta biharamunean, urtarrilaren 18an, AmaHiru konpainiak Etxea aurkeztuko du Hiriburun (Lapurdin).

Bestalde, Tanttaka antzerki konpainiak Desobedienteak 18/98 lana aurkeztuko du urtarrilaren 8an, Bilboko Arriagan. Maria Goirizelaiak zuzendu du lana, eta Miren Arrieta, Iñigo Azpitarte, Klara Badiola, Kepa Errasti eta Omar Romal dira aktoreak. Istorioaren gai nagusia desobedientzia zibila da, hain justu ere hari buruzko doktore tesia egin baitu Ainhoa protagonistak.

2000n abiatutako bideari jarraikiz, aurten ere Antzerkiaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez emanen dute Donostia Antzerki Saria, martxoaren 27an. Aurreko urtean Donostian programatua izan den euskarazko antzezpenik hoberena goratzea du helburu sariketak, eta, emandako informazioaren arabera, oraingo aldian 24 obra dira garaikurra eskuratzeko hautagai. Obra irabazlea egun horretan bertan interpretatuko dute, Viktoria Eugenia antzokian.

Antzerki festibalei dagokienez, 2026ari loturiko bi notizia eman dira aditzera azken asteotan. Batetik, dFeria Donostiako arte eszenikoen azokak bere 32. aldirako prestatutako programazioa argitaratu du: martxoaren 14tik 18ra bitarte, 31 konpainiaren beste horrenbeste obra erakutsiko dituzte Antzoki Zaharrean, Gazteszenan, Viktoria Eugenia antzokian, Tabakaleran, eta Lugaritz eta Intxaurrondo kultur etxeetan. Bestetik, Erriberriko antzerki jaialdiak (Nafarroa) jakinarazi du Maria Goirizelaia eta Ane Pikaza izanen direla zikloaren zuzendari artistikoak beste lau urtez ere. Haiexen zuzendaritzapean egin dira festibalaren azken lau aldiak, eta, lizitazio publikoko prozesuan puntuaziorik handiena erdietsita, 2029ra arte ere kargu horretan jardutea bermatu dute orain. Aurten, uztailaren 17tik abuztuaren 2ra eginen dute festibala.

Maskaraden aldiari dagokionez, aurten urtarrilaren 18an abiatuko dute bira, Irurin hasi eta Ozazen buka, plazako jokoa bertan eginda. Eta artean argitzeko dago zer herritan barna eginen duten ibilbidea, baina, hori bai, azken helmugak iragarriak dira: Zalgize eta Mendikota, apirilaren 26an. Hain justu ere, aipatutako lau herrietako gazteek hartu dute aurten maskaradak elkarrekin antolatzeko ardura.

Arte plastikoak

Tabakalerak 11 erakusketa jaso ditu Kutxa fundazioarekin elkarlanean 2026rako aurreikusitako programazioan. Zineb Sedira artistarena da horietako bat: Standing Here Wondering Which Way to Go izena du, eta otsailaren 19an zabalduko dute, Tabakalerako areto nagusian. Hain zuzen ere, areto horretan bertan baina udan zabalduko dute urteko erakusketarik esanguratsuenetako bat ere: Taxio Ardanaz eta Carla Filipe artistena —uztailaren 2tik aitzinera izanen da ikusgai—. Kutxa Kubo aretoan, berriz, Egitura, espazioa, denbora. Elena Asins erakusketa da aurten zabalduko duten aurrenekoa: otsailaren 27an estreinatuko dute.

Gasteizko Artiumek erakusketa bat iragarri du oraingoz: Zirkulu batetik begira begiraden zirkulu batean zabalduko dute urtarrilaren 16an. Hainbat artistak hartu dute parte mostran, eta hala nola Sammy Balojik, Louidgi Beltramek, Minia Biabianyk eta Maya Deren zinemagileak XX. mendearen erdialdean Haitin eginiko egonaldian izandako gogoetak ditu abiapuntu.

Bilboko Guggenheim museoak jatorri japoniarreko Ruth Asawa artista estatubatuarraren atzera begirakoa jarriko du ikusgai martxoaren 18an: Jasper Johns: Night Driver erakusketa zabaldu asmo du maiatzaren hondarrean, eta, aldiz, udazkenean bistaratuko ditu bai Ever is Over All. Pipilotti Rist erakusketa eta bai beste batzuk: Steve McQueen, Dan Flavin eta Zadie Xa artistei buruzkoak, esaterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.