Bete-beteak egongo dira datozen hilabeteak bertsozaleentzat. Izan ere, hilabete honetan hasi eta datorren urteko martxora bitarte, lau txapelketa jokatuko dira: Arabakoa, Bizkaikoa, Nafarroakoa eta Xilaba. Bizkaikoa izango da hasten lehena, eta Arabakoa azkena. Lurraldeetako txapelketa horien ostean, Euskal Herriko Txapelketa Nagusiari ekingo diote. Urtebete barru da hastekoa, eta 2026ko abenduan amaituko da; 20an, hain zuzen. Iragan txapelketan bezala, finala Iruñeko Nafarroa Arenan izango da.
Bestalde, Bizkaiko txapelketa aurtengo irailaren 28an hasiko da, igandearekin, Urdulizen. Handik astebetera izango da Nafarroako txapelketako lehenengo saioa, urriaren 4an, Auritzen. Nahiz eta Nafarroako txapelketa beranduago hasiko den Bizkaikoa baino, lehenago amaituko da: azaroaren 29an dira finala egitekoak, eta Iruñeko Nafarroa Arenan izango da, lehen aldiz. Bertsozale Elkarteko kideen esanetan, Nafarroan bertsolaritza goraldian dela ikusita erabaki dute hor egitea. Bestalde, Bizkaiko finala abenduaren 20an egingo dute, eta hartan ere izango da aldaketarik: Bilbo Arenan jokatu beharrean, Casillan jokatuko dute.
Xilabako lehen faseari azaroaren 8an ekingo diote, Bidarten (Lapurdi). Datorren urtearen hasieran izango da finala, 2026ko urtarrilaren 31n, Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekuan (Lapurdi).
Arabakoa izango da datozen hilabeteetako azken txapelketa; Xilaba amaitu eta astebetera hasiko da, otsailaren 7an. Finala Gasteizko Europa jauregian egingo dute, martxoaren 28an.
Lau herrialde horietako txapelketak puntuagarriak izango dira 2026ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusirako. Hain zuzen, hartan berrikuntza bat izango dela iragarri dute antolatzaileek: aurreko aldietan baino bi bertsolari gehiago sailkatuko dira bai Arabatik, bai Nafarroatik eta bai Xilabatik. 2022ko aldian, 36 bertsolari izan ziren guztira, eta, datorren urtekoan, berriz, 42 izango dira. Hori dela eta, lehen faseak saio bat gehiago izango du.