Gau Beltzarekin batera iritsiko da aurten Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea. 30 film luze eta 36 film labur proiektatuko dituzte Donostiako hainbat antzokitako pantailetan hilaren 31tik azaroaren 7ra bitarte. Beste urte batez, Antzoki Zaharra izango da jaialdiaren egoitza nagusia, bertan erakutsiko baitituzte film luzeen Sail Ofizialeko 22 ekoizpenak. Paul Urkijoren Gaua filmak inauguratuko du jaialdia, Kursaalean. Bertan proiektatuko den film bakarra izango da, film luzeen Sail Ofizialeko gainontzeko ekoizpenak Antzoki Zaharrean egingo baitituzte, ohi bezala. Tabakaleran ere geldialdia egingo du beldurrezko zinemaren asteak; aspaldiko ekoizpen batzuk emango dituzte han: Eraserhead (David Lynch, 1977, AEB) eta La torre de los siete jorobados (Edgar Neville, 1944, Espainia).
Sorginkeria du hizpide Urkijoren Gaua filmak, eta ildo beretik doaz film laburren Sail Ofizialeko beste zenbait ekoizpen ere: Dog of God (Raitis Abele eta Lauris Abele, Letonia-AEB) eta Que ma volonte soit faite (Julia Kowalski, Frantzia-Polonia), esate baterako.
Baina sorginkeriaz harago, badaude gaur egungo gaiekin lotutako ekoizpenak ere. Horietako bat da Santa Zeta lana. Influencer baten rola antzeztu du Nekane Otxoa aktoreak bertan, eta, filmaren sinopsiak iragartzen duenez, «pederasta zoratuak ehizatzera» irtengo da. Sare sozialekin lotuta dago Kenichi Uganaren The Curse filma ere, zeinak hiru neska dituen protagonista. Haietariko bat hil egin zen, baina sareetara storie-ak igotzen jarraitzen du. Sakelakoak «gaizkiaren transmisore» bihurtzen dira, eta odola nonahi ikusi daiteke.
Beldurrean murgiltzeko beste hainbat film emango dituzte sail berean. Horien artean daude, besteak beste, Decorado (Alberto Vazquez, Espainia-Portugal) —euskarazko bertsioan proiektatuko dute—, Dracula: A Love Tale (Luc Besson, Frantzia), The Long Walk (Francis Lawrence, AEB) eta Silencio (Eduardo Casanova, Espainia) —hiru ataleko telesail laburra da—.
Aquel Ăºltimo tiburĂ³n (Victor Matellano eta Angel Sala, Espainia) eta Primate (Johannes Roberts, AEB) filmak ere emango dituzte Antzoki Zaharrean eta sail berean, baina lehiaketatik kanpo. Bigarren horrek emango dio amaiera beldurrezko asteari.
Film laburren sailak
Euskal film laburren sailean, euskal zinemagileek hainbat gai jorratu dituzte minutu gutxitan. Pablo Palomerak, esaterako, bi lagun itsasertzean eseri ditu Lapatza ekoizpenean, eta bizitzari buruz hitz egingo dute lau minutuz. Mikele Granderen D. E. P. Marina film laburrak ere lagun batzuk ditu protagonista, baina istorioa erabat bestelakoa da. Silvia, Marta eta Henar pisukideak dira, eta Marinaren espiritua haien atzetik jarraika dabilela uste dute. Marina haien pisukidea izan zen; bat-batean hil zen, eta, ordutik, gertaera kezkagarriak eta ulertezinak jazo dira haien bizitzetan.
Horiez gain, beste hamaika gai hizpide dituzten beste bost film labur proiektatuko dituzte sail berean: Hematofilia (Laura Barquin eta Danel Garay), Arditurri (Ander Arrieta eta Oihan Gastesi), Erreka zoko hortan (Ekaitz Bertiz), Kume (Xabier Larrazabal) eta Olentzerori eskatu nion (Amaia San Sebastian).Â
Bestalde, Nazioarteko film laburren saila osatzen duten ekoizpenen artean dago Magai-gami (Norihiro Niwatsukino, Japonia). Kanonek eta Renak haien ausardia frogan jarriko dute Magai-gami izeneko izakiarekin. Bestelako istorio bitxiak jorratzen dituzten hainbat film ere badira sail berean. Esaterako, Borbulha ekoizpenean (Fernando Alle, Portugal), ume txiki bati pikorta bat lehertzen zaio, eta horren ondorioak bost minutuko film batean bildu ditu zuzendariak.
The 2nd Block (Mak Siu Fung, Hong Kong) filma da animaziozko film laburren saila osatzen duen ekoizpenetako bat. Bizilagun guztiak desagertu egin zaizkio Yu Hoi Chingi. Bakarrik geratu da. Horren ostean zer gertatzen den ikusiko da proiekzioan. Besteak beste, honako hauek ere osatzen dute saila: Dieu est timide (Jocelyn Charles, Frantzia), Facuk (Maida Srabovic, Kroazia-Eslovenia) eta I Beg Your Pardon (John W. Lustig, AEB) lanek.
Espainiako filmen sailean, banpiroak eta munstro estralurtarrak topatuko ditu ikusleak; Los murciĂ©lagos han abandonado el campanario (Alfonso Bernal eta Manuel Bernal) eta La noche de los sepultĂ³fagos (Martin Ortego) lanetan, esaterako. Edonola ere, umoreak ere badu tokirik jaialdian. Open mic filmak, adibidez, bakarrizketari baten hitzaldia du ardatz. Sinopsiak dioenez, bere gorputzak modu bitxian erreakzionatuko du, eta bere bizitzako ikuskizunik «barregarriena» eskainiko dio publikoari.
Abonuak bihar goizeko 09:00etan jarriko dituzte salgai, Antzoki Zaharreko leihatilan. Hilaren 27an sarrera solteak jarriko dituzte salgai, goizeko 11:30ean, Antzoki Zaharreko eta Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan, baita Donostia Kulturaren webgunean ere. Inaugurazio egunerako sarrerak, berriz, webgunean zein Kursaaleko leihatilan egongo dira eskuragarri.