30 urtez munduarekin solasean

Bihar hasi, eta igandera bitarte iraunen du Errobiko Festibalak. Aurten 30 urte beteko ditu Itsasun egonkortu musika jaialdiak. Brasilgo, Kubako eta Irango artistak jinaraziko dituzte.

Ibawa kolektiboko kideak, 'Gaua' ikuskizunean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ibawa kolektiboko kideak, 'Gaua' ikuskizunean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Xalbat Alzugaray
2026ko uztailaren 21a
04:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskaldun gisa munduarekin solastatzeko eta zubiak eraikitzeko paradak eskaini ditu Errobiko Festibalak azken urteotan. Hala dio behintzat Julen Axiari jaialdiko zuzendari artistikoak. 30. aldia du aurten festibalak, eta bihartik igandera bitarte eginen dute, Itsasun (Lapurdi). Orotariko kulturak biziarazi, eta munduko kultura zapalduei hitza eta lekua eman die orain arteko ibilbidean.

Aurten aldi berezia izanen denez, festibala apairu batekin hasiko dute. Axiarik erran duenez, Pedro Soler musikaria omenduko dute, asteazkenean, 20:00etan. Zehaztu du Errobiko Festibalaren aspaldiko laguna zela Soler. Flamenkoa jotzen zuen «adiskideari» afari bat eskaintzeaz gain, Georgiako eta Bulgariako polifoniak izanen dira, eta Clara eta Gaspar Claus anai-arrebek musika emanaldia eginen dute aitaren omenez. Bertzalde, Beñat Axiarik eta Raul Cantizanok errezitala eta musika uztartzen dituen emanaldi bat plazaratuko dute, Federico Garcia Lorcaren hitzetan oinarriturik.

«Irani, Kubari eta amerikar inperialismoak kalte egindako beste populuei ere erreferentzia egin nahi genien aurten. Martinika eta Reunion uharteak ere presente izanen dira festibalean»

JULEN AXIARI Zuzendari artistikoa

Betiere munduko herrialde frankorekin erlazionatzeko gisan, ortzegunean Rolando Luna eta Yaroldy Abreu musikariek jazz afro-kubatarra emanen dute, eta Liliet Orozko dantzariak lagun eginen die koregrafia garaikide bat taularatuz. Ondotik, Papanosh taldearen jazz garaikideko kontzertua izanen da, 21:00etan. Gaualdia bukatzeko, Forro da Lua taldeak Brasilgo doinuak karrikaratuko ditu karpan, gauerdian hasirik.

Ortziralean, solasaldi batekin hasiko da festibala, goizean, eta Harmattan Brothers taldearen afro-jazz kontzertua izanen da gero. Bertzalde, Irango Aida Nosrat kantaria jinaraziko dute aurten, eta kontzertua emanen du karpan, 18:00etan. Ondotik, Ibawa kolektiboaren Gaua ikuskizun garaikidea ikusgai izanen da 21:30ean, Atharrin. Karla Da Silva dantzari eta musikariak Batuk bere azken diskoa presentatuko du ortziraleko eguna finitzeko.

Ardatz artistikoari begira, Axiarik denbora anitz pasatu du Kuban, eta, beraz, AEBen inperialismoa «sufritzen duten populuak» gomitatzeko erabakia hartu zuen, Kubako egoera «ezin larriagoa» ikusirik. «Irani, Kubari eta amerikar inperialismoak kalte egindako beste populuei ere erreferentzia egin nahi genien aurten. Martinika eta Reunion uharteak ere presente izanen dira festibalean».

Horiek horrela, ebiakoitzean Spin and Spells eta Oko taldeek kantatuko dute festibalean. Calamity eta Polypheme taldeak ere bertaratuko dira jazz eta polirritmia garaikideak aurkeztera. Azkenik, 30. orroa deitu ekitaldia eginen dute gauean. «Erroak sakon dituzten hats kreoleen eta danborren erritmoek markatu zeharkaldi bat» bezalakoa izanen da, Axiariren hitzetan. «Eskaintza bat da: gauaren edertasunari, Errobiko Festibala asmatu dutenei, hil direnei, bizi direnei eta amestu bide hori aitzina eramanen duten guziei eskaintzen diegu», gehitu du.

Festibala finitzeko, berriz, igandean ibilaldi artistikoa eginen dute Itsusiko arroiletan, 11:00etan.

Transmisiorako «gakoak»

Ohi bezala, Errobiko Festibalak ikastaroak proposatuko ditu jaialdia hasi aitzineko astean. Aurten, festibalera etorri artistekin antolatu dituzte formakuntzak. Kantu bulgariarra, kantu brasildarra eta euskal kantuak ezagutarazteko ikastaroak eginen dituzte, bertzeak bertze. «Transmisiorako gakoak dira ikastaldi horiek. Aurtengo eskaintza kontsumitzeaz gain, jendea festibalaren parte hartzaile eta eraikitzaile sentiarazi nahi dugu ikastaro guzien bidez», erran du Axiarik.

Xehetasun guziak Errobiko Festibalaren webgunean atzeman daitezke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA