«Aberrazio sozial alimaleko» baten funtzionamendua azaldu nahian

Kartzelari buruzko collage bat osatu du Markel Ormazabalek 'Hemen naiz, ez gelditzeko baina' liburuan.Sei urteko kartzelaldia du oinarri

Markel Ormazabal, bere lehen liburua eskuetan duela. ANDONI CANELLADA / ARP.
Juan Luis Zabala
Donostia
2014ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Kartzela «aberrazio sozial alimalekoa, ikaragarria» da, Markel Ormazabalen ustez (Donostia, 1982). «Zoritxarrez», gaztetatik ezagutu du kartzela oso gertutik, «herri honetako jende askok bezala»; lehenik senideak eta lagunak bisitatzera joanez; gero halabeharrezko bizileku izan duelako. Euskal Herrian presentzia garrantzitsua duen errealitatea izanagatik, eta hari buruz asko idatzi den arren, «kartzela den aberrazio sozial hori guztia ez da mahai gainean jarri», Ormazabalen ustez, eta ez da behar bezain ezaguna. Hemen naiz, ez gelditzeko baina (Txalaparta), bere lehen liburua, eskarmentu pertsonalean eta beste preso askoren lekukotasunetan oinarrituta idatzitakoa, hutsune horri aurre egiteko zereginean «aletxo bat» izan dadin nahiko luke Ormazabalek.

Bi aldiz kartzelatu dute Ormazabal: 2002an lehenengoz, kale borroka talde batean aritzea egotzita; 2007 eta 2013 artean bigarrengoz, Jarrai-Haika-Segi sumarioan auzipetuta. Bigarren kartzelaldi horretan idatzi ditu liburua osatzen duten testuak, ia denak Ocaña I-eko espetxean (Espainia).

Kartzelan artean urtebete baino gutxiago zeramala, presoen eskubideen aldeko dinamiketan parte hartzen 30 urte baino gehiago zeraman emakume bat joan zen Ormazabalen gurasoen etxera, janari poltsekin. Gaur egun, ordea, debekatuta dago presoei kanpotik janaria sartzea. Emakume hark gurasoei egindako eskaintzak zer pentsatua eman zion Ormazabali: «Emakume hark bizitza erdia pasatu bazuen horrelako borroketan sartuta, eta ez bazekien debekuak aldatu egin zirela, horrek erakusten zuen ezer gutxi dakigula kartzelari buruz».

Kartzela «kartzelari buruzko topiko guztiak eta gehiago» da, amaierarik gabeko ezustekoen iturburua. «Bai patio batera, bai bisitara edo bai kartzelaren kanpoaldera gerturatzen zaren aldiro, kartzelak badu harridura sortzeko gaitasun handi bat, eta hori da, neurri handi batean, kartzelaz gutxi dakigulako».

Idazten hasi aurretik, liburua osatzen lagunduko zion materiala bildu zuen: artikuluak, lekukotasunak, film eta liburuei buruzko erreferentziak, baita adiskide eta senideek bidalitako gutunak ere… Ondoren, liburuari zer forma emango zion zehaztu gabe ekin zion idazketa lanari.

«Kartzela deskribatzen baino gehiago, kartzelaren beraren funtzionamendua deskribatzen saiatu naiz». Horretarako, kartzelako geografia osatzen duten guneei erreparatu eta piezak batzeko «itsasgarri gisa» musika darabilen «collage bat» osatu du. Musika, collage horrek behar duen itsasgarria ez ezik, kartzelak ezarritako askotariko ezintasun ugarien adibideetako bat ere bada, debeku eta oztopoen ondorioz musika «elementu subertsibo bat» bilakatzen baita sarritan espetxeetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.