Migel Zeberio
Tolosako 57. Abesbatza Lehiaketa

Lau egunez hamaikatxo goxoki

2026ko azaroaren 2a
12:41
Entzun 00:00:00 00:00:00

Igande goizez, sariketa saioan festa osoaren laburpena dastatu eta hitzok idazterakoan, oihartzun eta kolore festak dantzan diraute nire buruan. Jaialdian zehar bizigarri izan da ikusi eta entzutea kultura desberdinek oraindik erakusgarri duten aniztasun eta aberastasuna, mundu globalizatu eta geroz eta arruntago honetan; ñabardurek lortzen eta eskaintzen dute oraindik amesteko aukera. Bereziki erritmika eta eskala ugaritasunak aberasten dute esparrua, nahiz eta instrumentuen afinazio estandarrak ia guztiz bateratu eta pobretu duen jadanik noizbait esparru horretan ere egon izan den aukera sorta.

Abesbatza guztien jardunak nabarmendu du zenbateraino egiten duten bat zuzendariaren lemazaintzarako manera eta jarrerak emanaldian entzuten denarekin. Batzuek eskua metronomo bihurtua dute ia. Ahaltsu eta jakintsuenek, behin tempoak zehaztu ondoren, kantuaren barne joskerak eraiki eta itxuraldatzeko erabiltzen dituzte, eskultoreak zizela bezala. Ez da baldintza bakarra izaten, noski, eta baliabideak ere —egiturazkoak edo ekonomikoak— eskura izatea komenigarria izaten da proiektuen aurrerabiderako.

Umeen abesbatzen sailean harrigarria da Granadako Alhambra taldeak lorturikoa; Espainiako herri xume batean berealdiko maila bikaina lortu izanak ez du meritu makala! Ezin konpara inguruan lehian izan dituztenekin: operakoa bata, irrati nazionalekoa bestea, eta beste hainbat. Baina hauek ez dira txantxetan ibili. Musikalitate eta fintasun handiz aritu dira eta bereziki nabarmentzekoa da euskal musikagileen obrekin zeinen aske eta fresko azaldu zaizkigun.

Taldeak behartuta zeuden errepertorioan David Azurzak ondutako Katalintxu doinu herrikoia eskaintzera, eta joko ederra eman die horrek guztiei: jolaskor, swing erritmoz oso aproposa izan zaiela esango nuke. Granadarrek interpretazio bikaina eta martxosoa eman diote, eta txekiarrena elegantziaz betea izan da kantuan eta antzerkian.

Kajetan haurren opera koruak (Txekia) alaitasunezko jarioa izan du une oro, sinkronizazio perfektua, tren lokomotor geldiezinaren erritmoan batetik eta antzerki eta mugimendu oso landuaz bestetik. Bazirudien partituren alde teknikoa ahaztutako etapa bateko lana zela, eta artean, artea sortzea baino ez dutela helburu. Teknikoki, lan zailak egiterakoan paretsu leudeke Indonesiako Saint Angelakoak ere, baina haien soinu tresna ez zait hain orekatua eta malgua iruditu.

Iritzi ezberdina izan dute entzuleek eta epaimahaiko kideek ere. Kriterioak izan daitezke desberdinak eta horrela gertatu da.

Ljubljanako unibertsitateko korua (Eslovenia), bere zuzendari Rahela Duric gaztearen bitartez, erraz komunikatu da entzulearekin: hunkidura, trebezia eta jakinduria. Bere keinu zehatz eta goxoarekin parean duen soinu tresnari emozioa eta zirrara zukutzeko gaitasuna eta intentzioa erakutsi ditu eta, bide batez, gehiengoaren onespena jaso, ikusleriak saritu baitu. Erresuma Batuko The Epiphoniren jarduna, berriz, zertxobait urrunagokoa gerta dakioke publikoari, bereziki polifonian, baina maisutasuna, interpretazioa eta ahots baliabideen teknikaren erabilera guztiz zorrotza menperatzen dituzte. Tim Reader maisuak ez du alferrikako mugimendurik eta keinurik behar parean dituen artistak gobernatzeko, garaian garaiko estiloei dagozkien berezitasunak nabarmentzeko. Arinkeriarik gabeko sorta hautatu dute eta, bitxikeriak nabarmentze aldera, Javier Bello Porturen Amodiozko kanta-ren hauskortasun ederra azpimarra daiteke, nolatan lor daitekeen, kanpai hotsak imitatuz, akonpainamendu arinarekin, lo kanta kuttunena edo Blake Morganen Shall We Gather at the River-en mailako obraren bidez, oholtzaren luze-zabala plano ugariz jostea. Eremu tinbriko eta dinamiko aberats oso zabala menperatzen dute eta argi erabili, sokek, batzuek eta besteek elkarrizketan elkar ez zapaltzeko eta garrantzia duten unean uneko planoei nagusitasuna emateko.

Sarituen artean aipatzekoak Indonesiako Vox Angelica eta Letoniako Juventus ere, biak ala biak gaztez osatutakoak. Aurrez aipaturiko garaileak baino pauso bat beherago egon direla esango nuke, orotasunari bagagozkio. Indonesiarrak oparoago murgiltzen dira kulturalki gertuen duten errepertorioan eta amerikarrean: dantza koreografiko ikusgarriak edo perkusioz lagundutako erritmoak ongi baino hobeto barneratuak dituzte, eta euskal kantutegi herrikoiaren goxotasuna ere sentiarazten dute, nahiz eta polifonia klasikoaren tradizio europarra urrunagokoa duten.

Letoniarrek euren nazioko unibertsitatearen erakusleiho dute Juventus. XX. mendeko konposizio exijenteetan erraz gainditzen dituzte zailtasun handiko lanak eta gai dira horiek eman ditzaketen efektu eta erritmo konbinazio ederrei txinpartak ateratzeko.

Gure aurrean hustu eta trebatu diren gainontzeko koruei aitortza eta eskertza, jarrera eta intentzio emankorrez azaldu baitira guzti-guztiak. Guk bitartean, oholtzara ateratzeko aukera eskaintzen zaigunean, ikusi eta ikasitakoaz hobetzeko saiakeran jarraituko dugu.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA