Ibon Muñoa (Eibar, 1958) eta Mikel Zarrabe (Eibar, 1960) euskal preso politikoen ekoizpen artistikoa baliatuz, sei abestiko bilduma bat osatu dute. Hitzak Muñoarenak dira eta diskoaren liburuxka osatzeko Zarraberen margolanak erabili dituzte.
Ekinocio, Napoka Iria, Eroa Nazan eta Norman taldeek abesti bana osatu dute diskorako. Mikel Arrieta bakarlariak egin du Askatu barrura, barrutik mundura! abestia, eta Mundu gaizto batean III-n ere parte hartu du Josu Gil eta Pulgirekin batera.
Gil aritu da diskorako koordinazio lanetan: «Eibarren badago mugimendua produkzio musikalari dagokionez, eta hortik abiatuta, elkartasun keinu bat egin nahi izan diegu Iboni eta Mikeli». Izan ere, Zarrabek bi hamarkadatik gora daramatza preso, eta Muñoa Puertoko espetxean dago, 1.030 kilometrora. Bost euroan jarri dute salgai diskoa, eta pastorekantautore@gmail.com helbidera egin daitezke eskaerak.