Abian da emakume zinemagile hasiberrien lanak sustatzeko Noka programaren hirugarren deialdia

Euskal Herri osoko emakumezko zinema zuzendari eta ekoizle hasiberriei zuzenduta dago laguntza programa. Proiektuak aurkezteko epea otsailaren 6ra arte egongo da zabalik.

Noka Ekoizpena programako parte hartzaileen bilera bat, artxiboko irudi batean. ZINEUSKADI
Noka Ekoizpena programako parte hartzaileen bilera bat, artxiboko irudi batean. ZINEUSKADI
edurne begiristain
2026ko urtarrilaren 7a
13:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

Emakumezko zinemagileak laguntzeko Noka programa martxan da dagoeneko. Hirugarren aldia du aurten, eta Euskal Herriko emakumezko zinemagileei zuzenduta dago. Zehazki, zuzendari eta ekoizle hasiberrien film luzeak sustatzea da programaren helburua, sektorean emakumezko sortzaileek duten presentzia eta ikusgarritasuna handitzeko. Proiektuak aurkezteko epea zabalik da, eta otsailaren 6ra arte egongo da irekita.

Programaren xede nagusia da Euskal Herrian jaio edo bizi diren emakume zuzendari berrien proiektuak gidatzea eta sustatzea, hala fikziozko zein ez-fikziozko film luzeen proiektuak dituztenak, nola lehen edo bigarren lana garatzen ari direnak. Proiektuek garapenaren azken fasean edo aurreprodukzioaren hasieran egon beharko dute, ekoizle hasiberri baten eskutik. Horiez gain, ekoiztetxe batean lanean ari diren edo modu independentean jarduten duten emakume ekoizleek ere parte hartuko dute prestakuntza prozesuan.

Gidoiaren amaiera eta ekoizpena

Aurreko edizioetan bezala, programa bi lan ildotan egituratuko da: gidoiaren amaiera eta ekoizpena. Horretarako, zinemagileei denbora, espazioa, testuingurua eta laguntza profesionala eskainiko zaizkie. Besteak beste, aurrekontu doituak lantzea izango da helburuetako bat, Eusko Jaurlaritzaren, ICAAren —Espainiako Kultura Ministerioaren Zinema eta Ikus-entzunezkoen Institutuaren— eta nazioarteko zinema industriako foro profesionalen laguntzak eskatzeko modukoak izan daitezen. Era berean, ekoizpena planifikatzeko laguntza jasoko dute parte hartzaileek, filmaketari ekin ahal izateko.

Hautatutako bi proiektuen jarraipena lau tutorek egingo dute: Clara Lago eta Lina Badenes arduratuko dira ekoizpenaren alorraz, eta Liliana Torres eta Andrea Jaurrieta, sorkuntzaz. Aukeratutako bi proiektuak 2026ko otsailaren 23an jakinaraziko dira, bai parte hartzaileei zuzenean, bai Zineuskadiren webgunearen bidez. Programaren lehen saio presentziala 2026ko martxoaren 6an egingo da, Donostiako Tabakaleran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.