Eszena

ACT jaialdiak nazioarteko hamalau ikuskizun emango ditu Bilbon eta Barakaldon

Dantza, antzerki eta performance pieza laburrak izango dira festibalean, ekainaren 3tik 6ra. Antzokietako programazioetan «ezohikoak» diren ikuskizunak aurkeztea da antolatzaileen helburua.

Lur Eizagirre eta Mariana Fagundes 'We're all fish' pieza dantzatzen. ACT JAIALDIAK UTZIA
Lur Eizagirre eta Mariana Fagundes 'We're all fish' pieza dantzatzen. ACT JAIALDIAK UTZIA
June Montero
2026ko ekainaren 2a
04:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elkarri itsatsita mugitzen dira bi gorputz, etenik gabe. Galtzontzillo arrosak baino ez dituzte soinean. Emanuele Rosa eta Maria Focaraccio dira eszenan agertzen direnak, eta How to _ just another Boléro izena du antzezten ari diren lanak. Aurtengo ACT jaialdian parte hartuko duten hamalau ikuskizunetako bat izango da hori. Nagusiki nazioartean sortutako piezek osatzen dute programazioa, besteak beste Hego Koreatik, Txiletik, Mexikotik, Ameriketako Estatu Batuetatik eta Suitzatik ekarriak. Hain zuzen ere, Rosa eta Focaraccio italiarrak dira, eta Alemanian sortu dute aurkeztu duten obra. Dantza, antzerkia eta performance pieza laburrak biltzen ditu jaialdiak, eta bi helburu nagusi ditu: instituzioen, proiektuen eta artisten artean «loturak sortzea» eta sortzaileei «aukerak eskaintzea». Asteazkenetik larunbatera iraungo du festibalak, eta Bilboko eta Barakaldoko (Bizkaia) aretoetan izango da. 

BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegiak antolatzen du jaialdia, eta 22 urte daramatza lan horretan. Haien hitzetan, antzokietako programazioetan «ezohikoak» diren obrak ekarri dituzte urtez urte, hasi berri diren artisten lana sustatzeko. Jaialdia lehiaketa bat ere bada, eta bi sari ematen dituzte: ACT Sari Nagusia, 3.000 eurokoa, eta ACT Residency saria, Bilbon hamabost eguneko egonaldi artistikoa egiteko aukera ematen duena. 

Mundu osoko kasik 600 proposamen jaso ditu aurten jaialdiak, eta hamabi pieza eszeniko labur —30 minutu inguru irauten dutenak— hautatu ditu aukeraketa batzordeak. Gainera, aurreko urtean saria jaso zuten bi konpainiek ere erakustaldi bana egingo dute azken egunean.

«Konpromiso artistikoa»

Lur Eizagirre da jaialdian parte hartuko duen euskal sortzaile bakarra. Ostegunean emango du Mariana Fagunde sortzaile portugaldarrarekin batera sortutako We're all fish (Guztiok gara arrainak) dantza ikuskizuna. Eizagirreren hitzetan, barne-barneraino maitatuak izateko desiotan diren bi pertsonaiaren istorioa kontatzen du lanak. «Piezak umorearen zaurgarritasunaz jarduten du. Poetikoa den hori erabiltzen jarraitu dezakegula ulertarazten du, ironia eta barrea alboratu gabe». Bruselan dute egoitza bi artistek, eta bertan egin zuten piezaren lehen estreinaldia. Euren lana nazioartean aurkeztuko duten «lehen aldia» izango da, horregatik, ACT jaialdikoa. Eizagirreren esanetan, ordea, pieza Euskal Herrira ekartzea «etxean dantzatzea» da. 

ACT jaialdiak gai bat hautatzen du urtero unean uneko egoeraren inguruan hausnartzeko, eta gai horrekin bat egiten dute emanaldiek. Aurten «konpromiso artistikoan» jarri dute arreta antolatzaileek, eta ikusleei eta parte hartzaileei honako galdera hauek egin dizkiete: «Arteak konprometitua izan behar du? Artea konpartitzean zer erantzukizun dugu? Erantzukizuna artistikoa da soilik, edo soziala ere bada?». Edonola ere, jaialdirako aukeratutako piezek «nortasun nabarmena» dutela jakinarazi dute antolatzaileek, eta, gai nagusi horrez gainera, beste hainbat gai ere lantzen dituztela aipatu dute: besteak beste, emakumeek euren gorputzekin eta identitateekin duten lotura, informazioaren bonbardaketa eta harremanen aldakortasuna.

Jaialdiak bi ikastarorekin osatuko du egitaraua. Lehendabiziko tailerra Alex Valdes zuzendari artistikoak emango du ostiralean, La Fundicion aretoan. Cumbiak fenomeno kultural, sozial eta fisiko gisa duen balioa aztertuko dute bertan. Miguel Jimenez dantzaria izango du gidari bigarren tailerrak, eta ekainaren 8an eta 9an izango da, Bizkaiko Antzerki Ikastegian. Jimenezek iazko jaialdiko ACT Sari Nagusia irabazi zuen Être lanarekin. Haren bi saioek dantzarien gaitasunak ezagutu eta hedatzea dute helburu, eta baita eszenak sortzeko aukerak aztertzea ere. Gainera, Jonathan Holloway zuzendari artistikoak eta programazio aholkulariak nazioarteko biren funtzionamenduaren inguruko hitzaldia emango du larunbatean Bilboko Guruzu aretoan. 

Ikastaroetarako eta emanaldietarako sarrerak eskuragai daude ACT jaialdiaren webgunean eta aretoetan. 
 

Egitaraua

EKAINAREN 3A

20:30. Kafe Antzokia

Adam’s apple. Creama (Suitza).
HOW TO_Just an other Boléro. EM+ (Italia eta Alemania). 

 

EKAINAREN 4A

18:00. Barakaldoko antzokia

Un mundo atrás. Rolando Salame (Espainia eta Txile). 
Block it out. Charly (Belgika).


20:00. BBK aretoa

¿Hasta cuándo?. Fugite (Mexiko). 

UCSO. Balleto di sardegna (Italia).

 

EKAINAREN 5A

18:00.  Barakaldoko antzokia

22. Kim siwon (Hego Korea).
We're all fish. Lur and Maru (Euskal Herria eta Portugal).

 

20:00. BBK aretoa. 

The Marginal man. Yingyu Lyu (Frantzia). 

Jarana SP. Laia Santanachi (Herrialde Katalanak).

 

EKAINAREN 6A

12:00. Guggenheim museoa

The liminal body. F-A-E Archive (Hego Korea).
The kid. Volta (Ameriketako Estatu Batuak).

20:00. BBK aretoa

Twist Again. Maxime & Francesco (Frantzia).
Être. Miguel Jimenez (Herrialde Katalanak).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE