Thelyson Orelien idazleak tinko ukatu du adimen artifiziala erabili izana

Zin egin du ‘C’etait ça ou mourir’ eleberria bere «erraietatik» atera dela osoki, eta «heresiatzat» jo du salaketa. Alta, gaztetan plagioa egin izana aitortu du.

Thelyson Orelien, liburuaren sustapenerako egindako argazki batean.
Thelyson Orelien, liburuaren sustapenerako egindako argazki batean.
garbine ubeda goikoetxea
2026ko urriaren 14a
20:21
Entzun 00:00:00 00:00:00

Idazleek, editoreek, kritikariek eta irakurleek, denek hartu dute ahotan Thelyson Orelien idazle haitiar-kanadarraren izena. Irailean, C’était ça ou mourir (Hori zen, edo hiltzea) eleberria adimen artifizialaz idatzi izana leporatu ziotenez geroztik dago Orelien zirimolaren erdian, eta inor ez du epel utzi hura zipriztindu duen aferak. Haren alde mintzatu dira batzuk, eta askotxo haren aurka. Horren adibide da haren izena Goncourt sarirako hautagaien zerrendatik ezabatu izana antolatzaileek. Adimen artifizialaren afera aski ez, eta plagiatu izana ere leporatu zioten Orelieni, bereziki duela hamar urte pasatsu Kanadako eta Frantziako prentsarako artikuluak eta kritikak idatzi zituenean.

Artean isilik zegoen Orelien —«Urak baretutakoan mintzatuko naiz, orain nire liburuari eraso egiteko eta ni isilarazteko giroa baita nagusi»—, eta orain heldu dio aferari. Ez du ukatu tresna teknologikoak erabili dituenik «atzerriko hizkuntzen esamoldeak argitzeko» eta «ikerketarako». Alta, tinkoa izan da leporatu zaionaz hitz egitean: «Liburuko esaldi bat bera ere ez du makina batek sortu, ezta istorioaren zentzua eta estruktura ere. Hori guztia nire erraietatik atera da. Heresia da C'était ça ou mourir adimen artifizialak idatzi duela esatea».

Plagioa egin izanaren salaketari, ordea, ezin izan dio izkin egin: «Besteren lana miresteak ez du haiena zure egitea ahalbidetzen. Akats onartezinak egin nituen gaztetan, esperientziarik ezak hartaratuta. Zinez damu naiz, eta barkamena eskatzen dut horregatik». Baina orduko plagioak eta 2026an argitaratu den eleberri hori zaku berean ez sartzeko eskatu du: «Gaztetako akats bat ezin da izan inolaz ere eleberriaren aurkako froga. 2017an hasi nintzen hura idazten, eta aurten ikusi du argia».

Orelien Les Gonaivesen sortu zen, 1988an (Haiti). 2010eko lurrikararen ostean utzi zuen sorterria, eta Ottawan bizi da egun (Kanada).

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA