Literatura

Gailurretik zulora, pauso bakarrean

'C'était ça ou mourir' eleberria ia osorik adimen artifizialaz idatzi izana leporatu diote Thelyson Orelien idazle, poeta eta kazetari haitiarrari. Hori aski ez, eta plagio salaketak heldu dira horren atzetik.

Thelyson Orelien idazle haitiarra. JF PAGA
Thelyson Orelien idazle haitiarra. JF PAGA
garbine ubeda goikoetxea
2026ko urriaren 11
04:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hagitz zabala da letra frankofonoen esparrua, eta literaturazale askok ez zuten haren izenik ezagutuko. Thelyson Orelien idazle, zutabegile, kritikari eta poeta haitiar-kanadarrak (1988, Les Gonaives, Haiti) azkar batean lortu du ospea, baina bereziki hilabete eskasean egin da ezagunago, hain zuzen leporatu diotenetik bere lehen eleberria, C’etait ça ou mourir (Hori zen, edo hiltzea), adimen artifizialaz ondu izana. Apirilean, Kanadako Boreal argitaletxearekin plazaratu zuen Orelienek liburu hori, eta, edizio eskubideak munduan barrena saldu ondotik, beste hainbat herrialdetan argitaratu berri da; besteak beste, Frantzian. Eta hortxe piztu da sua: frantsesezko literaturaren Olinpora bide zuzena hartua zuela zirudienak infernurainoko erorialdia izan du egun batetik bestera. Haren izena Goncourt sarirako hautagaien zerrendatik ezabatu izanak ilustratzen du ezerk baino hobeki amiltze hori.

Salaketaren atzean dagoena egia ala gezurra den argitzea —edo, hobeki esan, AA erabiltzea zilegi den ala ez den, eta hala bada zertan eta noraino—, horixe litzateke auzi horretan benetan axola duen muina, baina xede horretatik aski urrun gelditu da afera, besteak beste zirimola zikin asko batu zaizkiolako gertaeren hariari; zein baino zein zikinagoa.

X sareak piztu zuen Orelienen aurkako metxa; zehazki, Balance ton Claude izeneko kontutik sareratutako post batek. Anthropic enpresaren AA bidezko laguntzailea da Claude, eta, hari ez ezik, #MeToo kanpainak Frantzian izan zuen leloari ere egiten dio keinu X kontu horren izenak; «Balance ton porc» izan zen hura (salatu zure zerria; salatu zure erasotzailea). Balance ton Claude kontuak dio osorik ez bada ia osorik legokeela Orelienen eleberria AAz idatzita; zehazki, «testuaren %100 edo %95». Halakoak detektatzeko Pangram aplikazioaren emaitza ontzat eman du horretarako.

Miseriatik ihesi

Jonas Dorleon Haitiko historia irakaslea du protagonista C’etait ça ou mourir eleberriak. Bere herriko miseriak, banda armatuek eta desordenak hartaratuta, erbestera joko du Dorleonek, eta bidean, Brasildik eta Latinoamerikatik barrena Kanadaraino iritsi artean, gorriak ikusiko ditu. Alta, egunero aurkituko du arrazoiren bat zorigaitzaren aurrean zutitzeko eta askatasunaren promesa egiten duen lurralderantz jarraitzeko. Istorio hori kontatzeko erbesteratuen lekukotzak jaso eta erabili zituela kontatu zuen Orelienek eleberria plazaratu berritan, Journal de Montreal egunkarian: «Baina lekuko horiek eraldatuta daude, egiatik abiatuz fikzioa sortzea baita eleberrigilearen lana».

Orelienek AA baliatu izanaren salaketaren atzean xenofobia zantzuak antzeman zituzten askok, tartean zenbait idazle, eta izan zen haren aurkako «sorgin ehiza» salatu eta  sostengua erakutsi zionik. «Arrazisten kontuak dira horiek», esan zuen Marc Levy idazleak albistea bolo-bolo zabaltzen hasi zenean. Gauza bera egin zuen Virginie Grimaldik. Eta Virginie Despentesek «utikan» bidali zuen Pangram aplikazioa, besteak beste erakuts ditzakeen «haluzinazioengatik» eta «kultur alborapenengatik». King Kong teoria-ren egileak Huffpost agerkarian egin zituen adierazpen horiek.

Orelienek AA baliatu izanaren salaketaren atzean xenofobia zantzuak antzeman zituzten askok, tartean zenbait idazle, eta izan zen haren aurkako «sorgin-ehiza» salatu eta sostengua erakutsi zionik ere

Ordurako jakina zen Samuel Fitoussi Le Figaro egunkariko kronikari eta eskuin joeraren jarraitzailea zegoela X sareko salaketa anonimoaren atzean. «Ez zaizkigu axola Orelienen ideia politikoak, ezta haren liburuaren gaia ere», adierazi zuen Fitoussik bere inplikazioa agerian gelditu zenean. Azaldu zuen, gainera, «adimen artifizialak idazketa eta irakurketa suntsi ditzakeen kezkagatik» sortu zela Balance ton Claude kontu «kolektiboa».

Ezin ekidin litezke batzuek eta besteek esandakoaren haritik sortutako pare bat galdera. Lehena, egin ote duten proba beste inorekin, ala Orelien den lehena. Eta, hala balitz, zeren arabera hautatu duten haren lana Pangrametik pasatzea. Bigarrena, jakina, Pangram bera litzateke: noraino den fidagarria, gauza izan ote litekeen AAk sortutakoa antzemateko, idazlearen lumaren filtrotik eta estilotik pasatuta, bereziki poetikoa eta irudiz betea denean testua.

Arrazakeriari izkin egin gabe eta Pangram aplikazioaren sinesgarritasunak sor ditzakeen kezkez harago, Noelle Michel itzultzaile eta nobelagile frantsesak errugabetasun printzipiotik abiatu zuen Orelienen gaineko bere hausnarketa: «Idazketari dagokionez, AA gero eta gizakiago baldin bada, orduan ez ote den gizakia gero eta AAgo».

Eta, gainera, plagioa

Adimen artifizialaren afera aski ez, eta plagioaren itzalak ere ilundu du Orelienen ibilbidea. Kanadatik heldu zaio eztenkada hori, zehazki Montrealgo La Presse egunkaritik: «2012tik 2014ra Quebeceko eta Frantziako hainbat komunikabidetan argitaratutako testu asko Filipinetako, Kolonbiako edota Danimarkako beste zenbait egilek egindako lanen oso antzekoak dira». Radio Canadak, bestalde, Orelienek urte haietan argitara emandako ipuin bat jarri zuen jomugan, hartan ageri diren esaldietarik asko Le Matin des magiciens liburutik hartutakoak direlakoan. Louis Pauwelsek eta Jacques Bergierrek idatzi zuten liburu hori, 1960an.

Hori ere kontuan izan zuen Goncourt akademiak izen bereko sariketako hautagaien artetik ezabatu zuenean Orelienen eleberria. «Mezu argi bat zabaltzea da kontua: ez dugu ontzat ematen ez eta babesten ere AAren laguntzaz aldez edo moldez sortutako testurik, ez eta plagiatu denik ere», adierazi zuen akademiak, agiri baten bidez.

Tsunamiaren ondotik, Boreal argitaletxeak bertan behera utzi du Orelienen sustapen bira. Egileak, berriz, etorkizunerako utzi ditu azalpenak: «Urak baretutakoan mintzatuko naiz, orain nire liburuari eraso egiteko eta ni isilarazteko giroa baita nagusi».

Bien bitartean, C’etait ça ou mourir udazkenean gehien salduriko liburuen zerrendan dago Frantzian.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA