Zinema estreinaldiak

Adimen artifizialaren emozioen bila

Teknologiaren eta adimen artifizialaren mugei erreparatu die 'Klara and the Sun' pelikulak. Taika Waititik zuzendutako lana Kazuo Ishiguro idazlearen eleberrian oinarrituta dago.

'Klara and the Sun' filmaren irudi bat. LA TIMES
'Klara and the Sun' filmaren irudi bat. LA TIMES
itsaso jauregi 2
2026ko urriaren 28a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zer esan nahi du gizaki izateak adimen artifizialak emozioak imitatu eta jendea lagundu dezakeen mundu batean? Zientzia fikzioaren eta istorio intimista baten bidez, Klara and the Sun filmak bakardadeaz, maitasunaz eta teknologiaren mugez gogoeta egitera gonbidatzen du.

Pelikularen aurretik liburua zegoen. Izen bereko eleberria argitaratu zuen Kazuo Ishiguro idazleak 2021ean. Gainera, Ishigurok 2017an Literaturako Nobel saria irabazi zuen bere ibilbidearengatik. Baina urte batzuk geroago argitaratu zuen Klara and the Sun liburua. Lanaren protagonista Klara da, haurrei eta nerabeei laguntzeko diseinatutako lagun artifiziala —adimen artifiziala baliatzen du—. Denda bateko erakusleihotik, Klarak jakin-minez begiratzen dio munduari; handik  ikusten duen jendearen keinuak ikasi, eta hitzak eta giza portaerak interpretatzen ikasiko du. 

Dena aldatuko da Josie izeneko nerabe batek Klara ikaskide gisa aukeratzen duenean; Klara sentimenduen konplexutasuna eta bizitzaren hauskortasuna deskubritzen hasiko da, poliki-poliki. Dendatik kanpo eguzki izpiak sentituko ditu lehen aldiz, eta eguzkiak aparteko boterea duela usteko du. Hala ere, Klarak beste posizio batetik begiratzen die gizakiei, haien konbentzioak eta aurreiritziak guztiz ulertu gabe.

Eleberriak ez du bakarrik etorkizuneko robotak nolakoak izango diren irudikatzen; zalantzan jartzen ditu teknologia berriak, nerabeei irakasteko moduak eta desberdintasun sozialak, gazteen bizitzan duten eragina ikertzeko asmoz. Eleberriaren arrakasta ikusita, Sonyk lana zinemara eramateko eskubideak eskuratu zituen 2020an, eta hurrengo urteetan proiektua garatuz joan zen, Taika Waititi zuzendari eta gidoilari zela, Dahvi Wallerrekin batera. Jenna Ortega (Klara), Mia Tharia (Josie) eta Amy Adams (Josieren ama) dira filmeko protagonistak, eta Zeelanda Berrian eta Australian filmatu zuten.

Zinemarako egokitzapena Taika Waititik zuzendu du; umorea, fantasia eta emozioa uztartzen dituen Zeelanda Berriko zinemagileak. Aktore gisa lan egin du bere ibilbidean, baina ez da zuzentzen duen lehen filma. Haren lan aipagarrienen artean daude Jojo Rabbit (2019) —nazismoari heltzeko haur baten begirada erabiltzen duen satira—, Hunt for the Wilderpeople (2016) eta Thor: Ragnarok (2017). Oraingo honetan, material kontenplatiboagoa du esku artean, eta galdera bat egiten dio ikusleari: makina batek maitasuna uler dezake edo, benetan, jendeak sinetsi nahi du hori egin dezakeela?

'klara and the Sun'

Zuzendaria: Taika Waititi. Gidoilariak: Dahvi Waller, Taika Waititi. Aktoreak: Jenna Ortega, Amy Adams, Mia Tharia, Simon Baker, Natasha Lyonne. Argazkia: Mike Berlucchi. Musika: Michael Giacchino. Generoa: Zientzia fikzioa. Urtea: 2026 Iraupena: 116 minutu. Herrialdea: AEB. Estreinaldia: urriaren 30ean estreinatuko da Hego Euskal Herrian.

Beste estreinaldi batzuk:

(ID_17930015810975) (/EZEZAGUNA) Esta soledad filmaren irudi bat
'Esta soledad' filmaren irudi bat. RTVE

'esta soledad'

Zuzendaria: Javier Giner. Gidoilariak: Javier Giner eta Luisa Matienzo. Aktoreak: Oriol Pla, Marina Salas, Gemma Martinez, Kai Etxaniz, Itziar Lazkano, Ione Irazabal, Juan Viadas. Argazkia: Lali Rubio. Generoa: Drama. Urtea: 2026. Iraupena: 110 minutu. Herrialdea: Espainia.

Leo eta Lorearen arteko harremana amaitu egin da bost urteren ondoren. Leoren aita gaixorik dago, eta Leok zaintzen du, zenbait lanbide eduki eta bere deskonexio emozionalari aurre egiten dion bitartean. Lorea, gaizki ordaindutako lanen eta krisi pertsonalen artean nahastuta, bere egoera hobetzen saiatzen da, baina nondik hasi oso ongi jakin gabe. Maitasuna, egonkortasuna eta herentzia emozionala dira filmean lantzen diren gaietako batzuk.

'juste une illusion'

Zuzendariak: Olivier Nakache eta Eric Toledano. Gidoilariak: Olivier Nakache, Eric Toledano, Nathalie Hertzberg. Aktoreak: Camille Cottin, Louis Garrel, Pierre Lottin, Simon Torreton, Alexis Rosenstiehl. Argazkia: Augustin Barbaroux. Generoa: Drama eta komedia. Urtea: 2026. Iraupena: 116 minutu. Herrialdea: Frantzia.

1985. urtea.  Vincent 13 urte bete berri dituen gaztea da, erdiko klaseko Parisko auzo batean bizi dena. Gurasoak etengabe daude gatazkan, eta Vincent haiekin eta anaia nagusiarekin bizi da. Jada ez da hain umea, baina ezta heldua ere. Vincenten pausoei begira osatzen da istorioa: identitateari, adiskidetasunari, familiari, erlijioari eta desioari buruzko pentsamenduak eta zalantzak aztertuz.

'hope'

Zuzendaria eta gidoilaria: Na Hong-jin.  Aktoreak: Hwang Jung-min, Jo In-sung, Jung Ho-yeon, Taylor Russell, Michael Fassbender, Alicia Vikander. Argazkia: Hong Kyung-pyo. Musika: Michael Abels. Generoa: Zientzia fikzioa. Urtea: 2026. Iraupena: 160 minutu. Herrialdea: Hego Korea.

Errefortzuak desbideratu egin dira baso suteei aurre egiteko, eta komunikazio guztiak eten dira. Hope herriko polizia postuko burua, Bum-seok, eta Sung-ae agentea borrokan ari dira izaki baten erasoetatik herria defendatzeko. Bitartean, Sung-kik eta piztiaren bila abiatu diren gainerako herritarrek ihes egin beharko dute.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA