Bizilagunen arteko afari bat arriskutsua izan daiteke. Horixe gertatzen zaie Joe eta Angelari —Seth Rogenek eta Olivia Wildek antzezten dituzten bi pertsonaiei—. Krisi betean daude, eta goiko bizilagun misteriotsuak etxera gonbidatzea erabakitzen dute; Pina (Penelope Cruz) eta Hawk (Edward Norton). Itxuraz modu atseginean hasten den afaria aldatuz joanen da poliki-poliki: aitorpenak, ezkutuko desioak, tentsio sexualak eta egoera deseroso bezain dibertigarriak sortuko dira. Elkarrizketa zorrotzen eta umorearen bidez, filmak bikote bizitzaren kontraesanak, errutina eta komunikatzeko zailtasunak jartzen ditu mahai gainean.
Olivia Wildek zuzendutako The Invite Cesc Gayk idatzi eta zuzendutako Sentimental (2020) komedia espainiarraren bertsio estatubatuarra da; Javier Camara, Belen Cuesta, Alberto San Juan eta Griselda Siciliani ditu protagonista lan horrek. Istorioa, hasieran, Los vecinos de arriba antzezlan gisa sortu zuen Gayk. Zinemagileak kontatu duenez, Bartzelonan zituen bizilagunen elkarrizketak eta zaratak entzunda hasi zen testua idazten. Eguneroko pasarte horretatik sortu zen intimitateari, asegabetasunari eta harremanen mugei buruzko istorioa, hainbat herrialdetako publikoekin konektatzeko gaitasuna erakutsi duena.
Bi bertsioek gatazka zentralari eusten dioten arren, The Invite filmak garapen dramatikoa aldatzen du, eta istorioa amaiera desberdin baterantz eramaten du; bertsio berria baikorra da, eta gehiago azpimarratzen ditu maitasunaren higadura eta bikote batekiko lotura berreskuratzeko aukera. Filma Sundance zinema jaialditik igaro da, eta Donostiako Zinemaldiko Perlak sailean aurkeztu zuten.
'the invite'
Zuzendaria: Olivia Wilde. Gidoilariak: Rashida Jones, Will McCormack. Aktoreak: Olivia Wilde, Seth Roger, Penelope Cruz, Edward Norton Argazkia: Adam Newport-Berra. Musika: Devonte Hynes. Generoa: Komedia eta drama. Urtea: 2026. Iraupena: 108 minutu. Herrialdea: AEB. Estreinaldia: urriaren 16an estreinatuko da Hego Euskal Herrian.
Beste estreinaldi batzuk:

'kakeru'
Zuzendaria eta gidoilaria: Hirokazu Koreeda. Aktoreak: Daigo, Rimu Kuwaki, Haruka Ayase, Kotaro Daigo, Rito Kuwaki. Argazkia: Ryuto Kondo. Musika: Taku Matsushiba. Generoa: Drama eta zientzia fikzioa. Urtea: 2026. Iraupena: 126 minutu. Herrialdea: Japonia.
Bikote batek erabaki bat hartzen du semea hil eta gero: etorkizun hurbilean, semearen galerak markatuta, haren irudi bera duen eta adimen artifiziala baliatuta sortu duten haur humanoide bat etxean hartzea erabakiko du. Atsekabeari aurre egiteko metodoa da hasieran, baina familia berri bat jaiotzen da horri esker. Pelikulak galdera hau proposatzen du: teknologia gai da hil diren senideak bueltarazteko?
'el mal hijo'
Zuzendaria: Jaime Lorente. Gidoilariak: Jaime Lorente eta Salvador S. Molina. Aktoreak: Susi Sanchez, Miguel Angel Puro, Hugo Arbues, Oscar de la Fuente, Abel de La Fuente. Argazkia: Elias M. Felix. Generoa: Drama. Urtea: 2026. Iraupena: 106 minutu. Herrialdea: Espainia
.
Rubenen aita desagertzen denean, 11 urteko mutikoak amonarekin bizitzera joan behar du, eta ia ez du ezagutzen. Denbora geldirik dagoela dirudien landa eremu batean, haurrak, amonaren eskutik, familiako zauriak belaunaldiz belaunaldi nola transmititzen diren ikasiko du, horiek sendatzen ahalegintzen den heinean.
'chopin'
Zuzendaria: Michal Kwiecinski. Gidoilaria: Bartosz Janiszewski. Aktoreak: Eryk Kulm, Lambert Wilson, Josephine de La Baume, Victor Meutelet. Argazkia: Michal Sobocinski. Musika: Robot Koch. Generoa: Drama, biografia. Urtea: 2025. Iraupena: 110 minutu. Herrialdea: Polonia.
Nor da Parisko begi guztiak berenganatzen dituen gizona? Chopin deitzen diote. Elkarrizketa eta zurrumurru guztien erdigunean kokatzen da musikaria, Parisen guztiz murgilduta. Birikak odoletan hasten zaizkionean, Chopinek badaki denbora gutxi duela: musika konposatzea du obsesio bakarra.