Eusko Jaurlaritzak Agustin Azkarate Garai-Olaun arkeologoari (Elorrio, Bizkaia, 1953) eman dio gaur ikerkuntzako Euskadi saria. Arkitekturaren arkeologia garatzeko egindako ekarpen erabakigarria, kultura ondarearen ikerketan eta kudeaketan izan duen eragina, eta lau hamarkadatik gorako ibilbide akademikoa aitortu nahi izan dizkiote hala.
Azkarate EHUko Arkeologiako katedradun emeritua da. Hirurehundik gora ekarpen zientifiko argitaratu ditu, eta hainbat ikerketa talde eta nazioarteko proiektu zuzendu. Arkitekturaren arkeologia, Goi Erdi Aroko Baskonia, euskal kulturaren ondarea eta euskaldunek Ameriketan izandako presentzia izan ditu ikergai nagusi. Bere ibilbidean, ikerketa akademikoa eta ondarearen gizarteratzea uztartu ditu etengabe; horregatik, epaimahaiaren iritziz, haren lanak jakintzaren aurrerapenean eragin du, eta kultura ondarea babesteko, zaharberritzeko eta gizartearen eskura jartzeko modua eraldatu.
Bilboko Elkargunea espazioan egin dute saria emateko ekitaldia, goizean. Imanol Pradales lehendakariak eta Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuaren eskutik jaso du garaikurra Azkaratek; aurrean izan ditu erakunde, unibertsitate eta zientzia arloko ordezkari ugari.
Epaimahaiaren esanetan, Azkarateren ekarpenik handienetako bat izan da arkitekturaren arkeologia garatzea eta nazioarteko erreferente bihurtzea. Besteak beste, Gasteizko ondare historikoan eta Santa Maria katedralean egindako ikerketa eta zaharberritze lanak goraipatu ditu. Halaber, Amerikako iragan kolonial eta prekolonialari buruz egindako ikerketak azpimarratu ditu, bereziki Argentinan eta Kanadan euskaldunen presentzia historikoa aztertzeko egindako lanak.
Lehendakariak nabarmendu du kultura ondarea ezinbestekoa dela herri gisa hazten jarraitzeko, eta Azkarateren lana eredutzat jo du ondarearen kudeaketa gizarte berrikuntzarekin lotzeko. Zientzia eta Unibertsitate sailburuak, berriz, arkeologoaren diziplinarteko ikuspegia azpimarratu du, eta jakintza arloen arteko mugak gainditzeko egindako lana goraipatu.
Haurtzaroko paisaietatik ikerketara
Azkaratek familia izan du gogoan hitza hartu duenean. «Mutikotan espero genezakeen guztia mila aldiz biderkatu da. Nola ez gara, ba, esker onekoak izango?». Bere ibilbidea azaltzean, Pierre Bourdieuren ilusio biografikoa kontzeptuari egin dio erreferentzia: alegia, ez duela uste bizitzak aldez aurretik idatzitako bide bati jarraitzen dionik, baina bai haurtzaroko esperientziek pertsonak markatzen dituztela. «Pentsatu dut badirela haurtzaroko esperientziak gurekin betiko geratzen direnak. Haurtzaroko paisaiek isilean moldatzen gaituzte».
Elorrioko Argiñetako San Adrian ermita eta nekropolia jarri ditu adibide gisa. Umetan orduak ematen zituen han jolasean, antzinako harrizko hilobien artean. Haietako batean zegoela, latinezko inskripzio batek irudimena piztu zion: «Ez nuen sekula imajinatu urte askoz geroago harri haiek izango zirela nire lehen ikerketa arkeologikoen abiapuntua». Are gehiago, aitortu du bere lehen ikerketa gaia aukeratu behar izan zuenean Argiñetako oroitzapen haiek itzuli zitzaizkiola: «Agian Bourdieuk arrazoia du, eta hau guztia nire ilusio biografikoa baino ez da. Baina agian ez; eta badago hor nonbait norbait edo zerbait bidea erakutsi zidana».