AHOTS HUTSEZ
'Ahots hutsez'
Argitalpena: Egilea editore.
Ez al da apur bat harritzekoa hainbeste kantatzen den herri batean ahotsarekin soilik aritzen diren hain musikari eta talde gutxi topatzea? Alde horretatik, patua ere izan daiteke bost lagun hauek ikastaro berean topo egitea eta egitasmo polifoniko hau abiaraztea. Tartean Pantxix Bidart eta Ibon RG daudela esanez gero, gainera, imajina daiteke ahots hutsezko interpretazio hauek hainbat tradiziotatik adina edango dutela ikerketatik eta esperimentaziotik. Ez duzula ohiko otxote bat entzungo, alegia. Lan digital labur baina jostagarria da, ahots moldaketa eder, iradokitzaile eta ausartekin. Bandcamp-en eskura daiteke.