Musika

Aita Donostiaren obra bat berreskuratu eta interpretatuko dute Euskadiko Orkestraren denboraldi berrian

'Bibrazioa' lelopean, irailaren 25ean hasiko dira kontzertuak Bilbon, eta Gasteizen, Donostian eta Iruñean ere eskainiko dituzte. Guztira, hamar programa interpretatuko dituzte 50 kontzertutan.

Euskadiko Orkestraren denboraldi berriaren aurkezpena, gaur, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Euskadiko Orkestraren denboraldi berriaren aurkezpena, gaur, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
Donostia
2026ko ekainaren 18a
18:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kontzertu bat amaitzean, txaloen ostean, halako isiltasun labur bat sortzen da. Mota guztietako sentimenduak sorrarazten dituen une bat. Bada, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Euskadiko Orkestraren presidentearen ustez, badago publikoaren artean nagusitzen den emozio bat: bibrazioa. Eta, hain justu, horixe bera hartu dute lelotzat Euskadiko Orkestraren denboraldi berrian.

Gaur aurkeztu dituzte programaren xehetasun guztiak, eta Roberto Ugarte Euskadiko Orkestraren zuzendari nagusiak nabarmendu du «euskal izaerak» presentzia nagusia izango duela konposizioaren alorrean. Hala, irailaren 25ean ekingo diote denboraldiari, eta nazioarteko ordezkaritza zabalaren artean lehen aldiz bi emakume zuzendari izango direla azpimarratu du Bengoetxeak.

Orkestra bat ulertzeko mila modu daude, baina, sailburuaren ustez, herriari egiten zaion zerbitzu bat da: «Herri proiektu bat da, gure memoria zaintzen duena, gaurko talentua sustatzen duena, eta etorkizuna egiten laguntzen duena». Horregatik, eta aurtengo leloa ardatz hartuta, denboraldi berria bibraraziko duten hiru ideia zerrendatu ditu.

Alde batetik, legatuaz mintzatu da, legatu kulturalaz eta musikalaz, hain zuzen ere. «Ez du soilik musika interpretatzen, musika kontserbatzen, errekuperatzen eta generazio berriei transmititzen laguntzen du». Horregatik, denboraldi honetan iraganak eta etorkizunak «elkarrizketan» jarriko dituzte. Horren adibide gisa, Aita Donostiaren obra berreskuratua aipatu du: «Iaz, Eusko Jaurlaritzari eta beste erakunde batzuei esker, editatu egin zen, eta lehen aldiz argitaratu. Orain, ehun urteren ostean, berriz entzungo dugu». 

«Herri proiektu bat da, gure memoria zaintzen duena, gaurko talentua sustatzen duena, eta etorkizuna egiten laguntzen duena»

IBONE BENGOETXEA Eusko Jaurlaritzako sailburua

Bestetik, orkestrak bultzatu nahi dituen balioak nabarmendu ditu, eta azpimarra egin du berdintasunean. «Programazio artistikotik haratago doazen konpromisoak hartzea ere bada gure eginkizuna. Hortaz, berdintasunean jarriko dugu fokua, bi zuzendari emakume ekarrita: Marzena Diakun eta Delyana Lazarova». Azkenik, denboraldian izango den talentua goraipatu du, eta Jone Martinez eta Luken Mungira nabarmendu ditu. «Gure herrian dagoen potentzial artistikoaren bi adibide garbi» direla iritzi dio.

Iaz orkestrak ez zuen izan zuzendari artistiko titularrik, baina 2026-2027ko denboraldirako izango zutelako esperantza zuten. Agerraldian, ostera, Ugartek jakinarazi du «buru-belarri» aritu direla zuzendari titular berriaren aukeraketan, eta zehaztu du hurrengo hilabeteetan emango dutela haren berri.

Hamar programa

Irailetik maiatzera bitarte hamar programa entzun ahal izango dira 50 kontzertutan, eta Mahlerren bigarren sinfoniarekin estreinatuko dute denboraldia, Berpizkundea izenpean. Ugarteren hitzetan, «inoizko obra sinfoniko koral handiena» da. Donostiako Orfeoiak parte hartuko du, eta Jone Martinez sopranoa eta Nadezhda Karyazina mezzosopranoa ere batuko zaizkie. Horiek guztiak Lucas Maniasen zuzendaritzapean egongo dira.

Aita Donostia (Donostia, 1886-Baztan, Nafarroa, 1956) izango da denboraldi berriko protagonistetako bat; izan ere, haren Saint Francois d’Assise obra berreskuratu dute. «Euskal musikaren ondarearen sorkuntza nagusietako bat ezagutzeko aukera emango digu», zehaztu du orkestraren zuzendariak. Horrez gain, Falla, Debussy eta Stravinski izango dira beste programa batean. Lucas Maniasek zuzenduko du, eta Ugartek iritzi dio hirurei esker uler daitekeela modernitate musikalaren sorrera.

«[Aita Donostiaren obrak] Euskal musikaren ondarearen sorkuntza nagusietako bat ezagutzeko aukera emango digu»

ROBERTO UGARTE Euskadiko Orkestraren zuzendaria

Enigma izena du zuzendariak azpimarratu duen beste programa batek. «Berezia» da, haren ustez; izan ere, Jesus Guridiren Hamar euskal melodia obra joko dute bertan, eta Mozarten obra bat eta Elgarren beste bat ere interpretatuko dituzte. Pianoan Elisabeth Leonskaja arituko da, eta zuzendari lanetan, berriz, Marzena Diakun.

Bosgarren programa Johann Sebastian Bach konpositorean inspiratuta egongo da. Inspirazio izenpean, XIX. eta XX. mendeetako zazpi sortzaileetan oinarritutako programa izango da, eta, Ugartek azaldu duenez, erakutsiko du «nola Bachen legatuak inspiratu dituen garai ezberdinetako musikariak». Paul Goodwinek zuzenduko du.

Erromantizismoa eta modernitatea jorratuko ditu seigarren programak, Prokofieven eta Schumannen eskutik. Akiko Suwanai biolin jotzailearen parte hartzea izango du orkestrak, eta, lehen aldiz, Philipp Von Steinaeckerrek zuzenduko du. Martxoan, berriz, Pacho Flores tronpeta jotzailearekin batera, paisaia kultural ezberdinez gozatu ahal izango da. Eta arreta berezia emango diote Euskal Herrian jaio eta Kuban bizi den Pedro Sanjuan konpositoreari.

Erronka nagusi bat

Schumannen eta Brahmsen obrek osatuko dute zortzigarren programa, apirilean helduko dena. Brahmsen bitartez, heriotzari buruzko hausnarketa «bizitzaren onarpen lasai eta heroikoarekin» lotuko ditu. Bilboko Koral Elkarteak parte hartuko du programan, eta Christian Zachariasen zuzendaritzapean egingo dute.

Badago, baina, denboraldiaren erronka nagusi izango den obrarik: Mahlerren seigarren sinfonia. Ugarteren ustez, «erronka nagusietako bat da edozein orkestrarentzat», eta Pablo Gonzalezek zuzenduko du. Denboraldia, berriz, Bartoken eta Xostakovitxen obrekin itxiko dute, eta «benetako bi artelan» gisa definitu ditu zuzendariak. Hala ere, azpimarra egin du Maria Luis Ozaitaren Siciliana obran, hori ere interpretatuko baitute, Delyana Lazarovaren zuzendaritzapean.

Abonuak uztailaren 1etik aurrera egongo dira salgai, eta sarrera solteak, berriz, irailaren 1etik aurrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE